Zelai munizipala ez da San Mames

Zelai munizipala ez da San Mames

Orain dela aste bat, gutxi gora behera, ETBko programa batean gai honetaz ari zirela ikusi nuen eta minutu batzuk eman nituen ea zer zioten aditzen. Kazetariak, umeen futbol partidu batean  bi aiten arteko borroka komentatzen ari ziren, irudiak oso lotsagarriak ziren. Nire ikuspuntutik egoera nahiko larria da, batez ere, gurasoek haien seme alabei transmititzen ari zaizkien ideia negatiboengatik.

Zelai munizipala ez da San MamesGaur egun edozein kirol taldeko partiduak, gurasoen partetik, irainez josita daude. Irain hauek bai jokalariei edo arbitroei zuzenduta daude. Gainera beste arazo ezberdin bat izan arren irain arrazistak guztiz “normalizatuta” daude ingurugiro hauetan, ez hori bakarrik, bai biolentzia fisikoa eta baita psikologikoa ere guztiz normalak egiten zaizkigu larunbatero. Eta zein da “normalizazio” honen arazoa? Guraso ergel hauen seme alabak, gehien bat semeak, arazo sozial bat bihurtzea. Agian nire ideia gehiegi puztu dudala pentsatu dezakezue baina bere arazo guztiak indarkeriarekin  konpontzen dituen tipo bat, nire ikuspuntu apaletik, arazo sozial bat da.

Astebururo harmailetan bizitzen den indarkeria guztiok onartzen dugu, baina honi konponbide bat ematea aldiz, oso zaila egiten zaigu. Federazioek haien aldetik hainbat proiektu jarri dituzte martxan, adibidez txartel beltza delakoa. Baina nire ustez honelako jarrerak ez ditu arbitro batek zigortu behar, guk baizik. Guk salatu behar ditugu jarrera agresiboak eta arrazistak, baina modu asko daude hau egiteko. Norbaitek itzelezko kirtenkeria botatzen badu, barre egin beharrean, “aizu zer diozu!” bat bota behar diogu, gutxienez lotsa pixka bat jasan dezala.

Agian arazo hau normalegia egiten zaigu konponbide bat bilatzeko, baina bada garaia guraso batzuk konturatzeko zelai munizipala ez dela San Mames. Agian seguritate pribatua kontratu ahal da, kamerak ipini, publikoa gehiegi kontrolatu… auskalo. Argi izan behar dugu gure jarrera nolakoa den eta zer transmititu nahi diogun ondokoari.

Zelai munizipala ez da San Mames