Eusebiok, azkenean, 20 jokalariz osatutako taldea dauka

Eusebiok, azkenean, 20 jokalariz osatutako taldea dauka

Ez dute zergatik izan behar berak hasieratik nahi zituen 20ak baina azkenean hark ongi lan egiteko baldintza bat bete da: 21-22 jokalariz osatutako plantila.

Lesioak medio hasieran 25 futbolariz osatutako jokalari taldea 20en geratu zaio Realeko teknikariari. Eusebiok, aurredenboraldian, 21-22 jokalariko lan-talde bat eskatu zuen baina gauza bat edo beste bategatik ezin izan zen La Secakoaren desioa bete. Baina lesioak direla eta Imanol Agirretxe, Markel Bergara eta Carlos Martínez taldetik kanpo daude eta Pardo eta Hector utzita atera dira  Beraz, 5 jokalari gutxiagorekin Eusebioren zenbaki magikoetara hurbildu gara: 20.

Egiari zor, bere nahia baino 1-2 jokalari gutxiago dira baina entrenatzaileak erraz konpondu du egoera Sanseko jokalariak erabiliz. Ezagunak dira lehen taldekoentzat maiz aritu baitira haiekin entrenatzen eta izenak hauexek dira: Jon Bautista, Igor Zubeldia, Alvaro Odriozola eta Kevin Rodrigues.

Eusebiok, azkenean, 20 jokalariz osatutako taldea daukaLaurak debut eguna izan dute Lehen Mailan eta prest ageri dira Eusebioren taldean lan egiteko. Inongo lesio berririk balego edo lehen taldeko jokalariren bat txartelengatik zigortua aurkitzen bada hura ordezkatzeko gertu dago laukotea. 3 lerrotan daude espezializatuak Sanseko 4 mutikoak: defentsan, erdialdean eta erasoko gunean. Ikusten denez aterako bakarrik falta da Sanseko jokalariren bat baina kasu honetan ez da beharrezkoa haien laguntza lehen taldean 3 atezain daudelako: Rulli, Toño eta Bardají.

Komeriak udan etorriko dira Pardo eta Hector bueltatzean. Gainera utzitako beste jokalariak itzuliko dira ere: Hervias, Capilla, Oyarzun eta Babic. Lesionatuak sasoiko badaude Eusebiok 29 jokalari izango ditu eta Sanseko lauekin 33. Marx anaien kamarotean ez zegoen hainbesteko girorik!

Kontuan edukitzekoa da Xabi Prieto eta Mikel Gonzalezen egoera: kontratua aurtengo denboraldian bukatuko dute eta ez badute jarraitzen 2 fitxa libre izango lirateke fitxaketa berriak egiteko edo Sanseko bi jokalari lehen taldera igotzeko, utzitako jokalarien mugimenduak ikusteke izanik. Kapitainak argi utzi du bere azken denboraldia izan daitekeela aurtengoa eta fitxa utziaz gain hutsune handia geratuko da bai aldagela zein soropil gainean bere adioarekin. Mikelen kasua bestelakoa da: arrasatearrak seguruenez aurrera jarraituko du eta beteranoa izan arren poltsikoak ilusio eta indarrez beteta ditu talde txuri-urdinean bere onena emateko.

Gauzak honela, espero dezagun lesiodun futbolariak azkar bueltatzea eta taldekideei laguntza osoa ematea Europarainoko bidea errazago izan dadin.

.

@ZuriUrdin1975
Eusebiok, azkenean, 20 jokalariz osatutako taldea dauka