Ari izan denak badaki: Dominika

Anitz dira euskarak latinari hartutako maileguak. Horietako bat baino ez da da -ari atzizki ezaguna. Horren adibide dira pilotari, aizkolari, segalari eta Mikel Albisuri esker, antza, kantatu ditugun beste zenbait. Dominika Mendiboure, frantses fonetikak maileguan hartutako euskal deitura eta guzti, laborari familia bateko alaba da, Kanbon sortu baina Baxenabarreko Bidaxunen hezitako emaztea. Urte mordoa ari izan da errepresiotik ihesi Bidasoako urak zeharkatu behar izan dituzten hamaika euskal militanteri laguntza ematen. Izan ere, haren aburuz, borrokan ari izandako euskal herritar horiek guztiak ez baitira –ari atzizkiarekin izendatu behar -iheslari-, militante baizik.

Ari izan denak badaki: Dominika

Nerabezaroa bere identitate kukutuaren xerka igaro ondoren, 19 urte zituela Baionara ikastera joateak lagundu zion berau atzematen, bertako karriketan zebiltzan hego euskal herritar iritsi berriekin topo egitean. Salbuespen ohoragarriren bat kenduta, kolegioan haren lepotikako laido, iseka eta trufa-gai izan zen ama-hizkuntza nortasun aurkitu berriaren ardatz bilakatu zitzaion aurrerantzean. Ororen gainetik, euskalduna zela jabetu zen Dominika, eta euskaldun gisa, Bidasoaz bestaldetik etorritako kide horiei laguntza eman behar ziela ere bai. Halaxe hasi zen kide haientzako apartamendu, auto eta lan bila. Miresmenez begiratzen zien lana, familia eta bizimodu erosoari bizkar egin zioten euskal herritar haiei, miraz so egiten zion herriaren askatasunaren alde borrokatzeagatik beren ondare guztiari muzin egin zioten anai-arreba haien ausardiari.

Ari izan denak badaki: Dominika

Emazte hiztuna da Dominika, jariotasun handikoa, kalakaria. Ez du entzuleak, ordea, politikariei darien diskurtso hipokrita eta interesatuaren zantzurik atzemanen harengan. Barru-barrutik ernetzen zaizkion sentimendu eta gomutei hitza jartzen dioten horietakoa baita bera. Sentimenduei jarraiki zaion laborari xumea. Behar zenean isildu eta behar ez zenean entzuten dakien horietakoa. Lagun hurkoari laguntza ematea nork bere buruaren alde egitea baino kontu serioagoa dela dakiena.

Eskola frantseseko ur uherretan euskaraz aritutako arraunlari, euskararen prestigio nekeza harat-honat barreiatu duen txingalari, herri zahar baten muga ikusezinak igaro behar izan dituzten bidaiari galduei bidea erraztu dien segalari. Euskararen baitan ongi errotuta ditu sustraiak Dominikak eta oraino ez da jaio hari hizkuntzaren enborra erauziko dion aizkolaririk.

Ari izan denak badaki: Dominika

1989 Bidaxune (Baxe Nafarroa) - JAUZIA