Joseba Egibar: “EAJ-PNV da herri honek aurrera jarraitzeko bermea”

Joseba Egibar: “EAJ-PNV da herri honek aurrera jarraitzeko bermea”

Etziko hitzorduari begira, irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak, abertzaletasuna bizi eta ulertzeko bi modu nagusien ordezkari diren bi lagunekin izan da ZUZEU; EAJ-PNVko Joseba Egibar eta EH Bilduko Jasone Agirrerekin.

Joseba Egibar: “EAJ-PNV da herri honek aurrera jarraitzeko bermea”
Gipuzkoako hautagaitza jeltzalea, Joseba Egibar erdigunean duela.

Joseba Egibar Gipuzkoako EAJ-PNVren zerrendaburua dugu, Euko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. 1959an Andoainen jaioa, hamasei urte zituela EGIn sartu geroztik “aktiboki ari da politikan”, eta eskarmentu handia du. Jeltzaleen artean aurpegirik ezagunenetakoa dugu, egun, Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakaria. Idatziz eman dizkigu erantzunak, labur eta zehatz.

.

Hauteskunde berri batzuen atarian gaude. Zergatik botoa eman zerrenda jeltzaleari?

EAJ-PNV delako herri honek aurrera jarraitzeko bermea. Gizarte justuagoa eta nazio libreagoa eraikitzeko bermea. Herri hau bere etorkizunaren jabe izateko bermea. EAJ-PNVren konpromisoa da gure herriaren eraikuntza nazional eta sozialean aurrera egiten jarraitzea. Uste osoa dugu erabakitzeko eskubidea gauzatzea eta gizarte justuagoa eraikitzea lotuta daudela, eta bi alor horietan pauso emankorrak eman nahi ditugu.

.

Zeintzuk dira EAJ-PNVren lan ildo eta helburu nagusiak datozen lau urte urteetarako?

Hiru ardatz nagusi ezarri ditugu: ekonomia berpiztea eta kalitatezko enplegua sortzea, gure gizarte babeserako sistema sendotzea eta Euskadirako estatus juridiko-politiko berria zehaztea.

.

Azter ditzagun hiru ardatz horietako bakoitza banan banan. Zein da jeltzaleen asmoa ekonomia berpizteko?

Gure industria, gure ehun produktiboa bultzatu; eta horretarako berrikuntza eta nazioartekotzearen  aldeko apustua egin dugu. Ekonomia berpiztea lortzen badugu, enplegua sortuko dugu. Eta enplegu hori kalitatezkoa izatea da helburua.

.

“Eraikuntza soziala” aipatzen duzuenean zertaz mintzo zarete, zertan datza?

Justizia sozialean oinarritutako gizartea eraikitzen jarraitzea da helburua, eskubide guztiak –baita ekonomiko eta sozialak ere- bermatuko dituena. Eta, horretarako, funtsezkoa da guztion artean –EAJ-PNVren lidergopean- sortu dugun babeserako sistema sendotzea.

.

Azkenik, zein da EAJ-PNVk proposatzen duen estatus berria?

Euskal Herria subjektu politikoa dela eta erabakitzeko eskubidea duela aitortzean oinarritutako estatus berria. Marko juridiko-politiko berri bat behar dugu, beste subjektu subirano batzuen aurrean, errespetua eta berdintasuna bermatuko diguna.

Joseba Egibar: “EAJ-PNV da herri honek aurrera jarraitzeko bermea”
Joseba Egibar: “EAJ-PNV da herri honek aurrera jarraitzeko bermea”

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.