Trumpbia

Trumpbia

Bilbon barrena ibiltzen naizela urte sorta bat joan da, eta hasieratik erakarri izan naute publizitate horma bihurtutako tranbiek: batean, multinazionalek “wholecar”a egin dute; beste batean, politikarien irudiak, hara besteak!

Negozioa gozo dabilkie, borobila da. Dozenaka iragarki dokumentatu ditut mugikorrarekin. Hegaldi, gailu edo konbentzimendu berriak murtxikatzen lagundu digute, baiki.
Garraioaren arduradunek pintadarik gabeko (baina iragarkiz betetako) tren eta geltokiak zerbitzatzen dizkigute. Erabilera bakarreko pegatina monumentalak ibiltzen. Garapen iraungaitzaren eredu dira.
Hauteskundeak gertu daudenean, alderdien koloreak hartzen ditu TRUMPbiak. Hala, enpresen irudiak atzean uzten dituzte Urkullu, Otegi eta abarrenak aurretik jartzeko. Frisoek, garraio sareen jaun, kudeatzaile eta jabe nor den uzten dute agerian. Nabarmena da arma politiko bilakatu dutela garraio sarea. Komeni zaiena saltzeko, garaian garaikoa, kamaleoia erabiltzen dute. Euskara sustatzeko keinuak ere jaso ditut, EAJ-ren neurri anekdotikoan, noski.
Bizkaiako hiriburuko kaleen apainketaz eta garbiketaz arduratzen diren berberak direla azpimarratu nahi dut. Dudarik gabe, tranbiak eta bere iragarkiek, hiriaren itxuraz gain, izaera ere eraldatzen dutelako. Biztanle talde murritz baten etekinak iragarki toxikoak dira gehiengoarentzat. Kontsumoa eta bozkak bideratzeko helburua soberan ezagutzen duzue.

Irudiak euskarri honetan ikustean, graffity idazleen “bonbing”-a datorkit gogora. Publizitatearekin leian daude. Legeak zigortzen duen ariketa/ekintza honek bagoien itxura eraldatzen du, tranbietan itsasten diren iragarkiek egiten duten modura.
Hiriko biztanleak hiriarekin berarekin identifikatzeko ekintza bat besterik ez da graffitia. Inguratzen gaituena besarkatu eta gurea dela sentitzeko beharrak, bultzatzen ditu idazleak. Graffitia justifikatzeko ez dut intentziorik, ezta beharrik ere. Indefentsio artistikoak ekarri du joera eta jarrera, “Afrika Bambaataa”tik “Norrzzone”ra, globalizazioaren ekaitzak atlantikoaren beste puntatik jotzen duelako, gogor.

Trumpbia

XXI. mendeko Bilbo honi, zerbitzuen sektorean mozkortzen ari den honi, estetika-ardatz jakina ematen saiatu dira. Baina hiri molde garaikideek ez diote biztanleari ispilu-efektua eragiten, jaio diren erlauntzan arrotz sentitzen dira. Honi erantzuten diote graffitilariek, salaketa grafikoaren bitartez. Pribatutasunaren markoetan dantzatzen dute. Guztionak diren kaleak guztionak direla gogorarazten digute.
Ez naiz graffity zalea, baina mila aldiz nahiago ditut iragarki kapitalisten aldean. Etekin ekonomikoa baino, artista ezinduak ikusten ditiudalako atzean.

Hemen zuzeutarrentzako galdera bat: pintadaz beteriko tren zarpail batek zein kalte egiten du, pornografia merkantilistaz jositako baten ondoan?
Trumpbia

Trumpbia
artea, Bilbo, Euskal Herria, Euskal Hiriak, euskara, garraioa, Graffitia, hauteskundeak, hedabideak, iritzia, Kultura, publizitatea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude