Soldaduak ala ikasleak?

Soldaduak ala ikasleak

Zelan desberdindu dezakegu begi bistaz soldadu edo militar bat pelikuletan edo kalean ikusten dugunean? Haien gorputzei esker izan daiteke, entrenamendu fisiko gogor eta tematiak jasaten dituzte egunero, horrela gorpu osasuntsu, baina batez ere sendoa lortzen dute. Baina gimnasioa eta gorputz sendo eta argalak famatuak diren gizarte honetan, ez ginateke gai izango proteina eta gimnasio zaleak soldaduez desberdintzeko. Orduan, nola desberdindu ditzakegu soldaduak? Modu batez soilik: uniformeei esker.

Soldaduek uniformeak janzten dituzte berdintasuna, taldea, baina batez ere diziplina ezartzeko. Eta ez da harritzekoa, hori delako soldaduen betebeharra, buruzagiaren aginduak betetzea nahi ala ez. Eta zein da ikasleen zeregina? Ikasleontzat kritikatzea, akatsak egitea eta zuzentzea, ikastea, libreki espresatzea, eta ulertzea da gure zeregina. Baina eskola batzuetan txikitatik adierazpen askea mugatzen duten neurriak hartzen dira, horien artean, uniformea. Lehen esan bezala, uniformea soldaduen askatasun ezaren adierazpena da, eta ikasleei neurri bera jartzean, janzkeraren espresio askea ukatzen ari dira.

Benetan uste dute, gobernuek, hezkuntza sailek edo ikastetxeetako arduradunek, uniformeak ezartzea hezkuntza, ikasle eta belaunaldi berrientzat onuragarria izango dela? Ikasleen askatasunaren oztopo bat dira bakarrik, diziplina eta berdintasuna ezartzen dutenak. Ikasle bakoitza ordea, desberdina da, gustu eta iritzi desberdinak ditugu, eta gure eskubidea da haiek adieraztea, gure hezkuntza askea eta erabakigarria delako.

Soldaduak ala ikasleak?Orduan, zergatik erabili uniformeak? Batzuek, tradizio hitza erabiltzen dute aitzakia bezala. Orain arte tradizioa izan den guztia egiten jarraitu beharko genuke orduan? Zezenak hil beharko genituzke `tradizioa´ delako? Emakume afrikarrek ablazioa jasan behar izango lukete `tradizioa´ delako? Neskek gonak eraman behar lituzkete eta mutilek prakak, `tradizioa´ delako? Belaunaldiak igaro ahala, tradizioak aldatuz doaz, eta hori da egokiena.

Beste aldetik, uniformeek ikasleen arteko berdintasuna aldarrikatzen dutela diote batzuek, arazoak ekiditeko ezinbestekoa den berdintasuna. Baina berdintasunak ez du zentzu onik ingurugiro honetan, ikasle bakoitza desberdina baita, eta desberdintasun horiek dira pertsona bakoitza aberastu eta haren etorkizuna bideratuko dutenak. Eta desberdina eta askea egiten gaituen hori ukatuz gero, klase giroko janzkeran bada ere, ikasleon nortasuna ukatzen da.

Agure marmarti maiteok, munduak ez ditu soldadu gehiago behar, ikasleak baizik.

Soldaduak ala ikasleak
berdintasuna, disziplina, hezkuntza, ikasleak, obedientzia, soldaduak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude