Platon Vs. Ashraf Fayadh

Platon Vs. Ashraf Fayadh

Platon Vs. Ashraf FayadhGauza jakina da, antzinako greziar poetak eta Platon, ez zirela parrandakide. Ez zutela igandetan elkarrekin bazkaltzen. Platonek, Egia absolutuaren defendatzaileak, gogor kritikatzen zuen orduko poeten errealitatea hautemateko modu sentimental eta imitatzailea. Imitazioa imitazio izango baita beti. Inoiz ez absolutu, inoiz ez puru, eta beraz, inoiz ez platoniko.

Ez dakit Platonek zer pentsatuko zukeen dagoen zulotik irtengo balitz eta Saudi Arabiako agintariek iazko urtearen hondarrean hartutako erabakia irakurriko balu, baina kontua da, eta noan harira, Ashraf Fayadh 35 urteko poeta palestinarra, urkamendira kondenatu zuela aipatutako gobernuak, bere poemek ateismoa goratzen zutela egotzita. Erlijioa bezalako Egi borobilaren muga zirkularretatik atera zen Fayadh. Erlijioak ez du emendakinik onartzen. Urtearen hasieran, ordea, heriotza zigorra, 8 urteko espetxealdia eta 800 zigorradagatik ordezkatu zioten. Hala ere, Fayadhen sufrimendua handiegia izan ez dadin, saudiarabiar gobernuaren alde esan behar da, zigorradak 50naka izango direla eta ez denak jarraian. Lasai, ez da ezer gertatzen.

Arazoa, beraz, Egi absolutua, eta honen imitazioaren arteko lehia da. Egi absolutua ona da. Txintxoa da. Ez du minik ematen. Honen imitazioa, ordea, arriskutsua eta iraingarria da bake absolutua defendatu nahi bada. Hala ere, askotan, ezberdintasuna ez da horren agerikoa izaten. Iparraldeko gula eta Aginako angulekin ez dago eztabaidarik, ez eta Laboaren eta hau bertsionatu duten guztien artean ere, baina kontua jendarte baten antolamenduari buruzkoa bada, beharbada ez gara lehen gitarra akordean konturatuko Laboa edo John Kelly den txoria txori kantatzen ari dena.

Platon Vs. Ashraf FayadhFayadhen kasura itzuliz, bere poemak, argi dago, ez direla Saudiarabiar gobernuaren mundu platonikoan, ortzadarrak okatzen dituzten unikornio, baina bai bere Egi absolutu. “Gure egiak ere haienak hainbeste balio dezake” kantatzen zuen Gorka Urbizuk orain baino gaztetxoagoa zenean eta Fayadh bera ere, bere Egiak, saudiarabiar gobernuarenak bezainbeste balio duela aldarrikatu nahian ari da aspaldian, baina badakizue Egiak hegi asko izaten dituela eta zenbait Egik gobernuak bultzatzaile.

Errealitateak fikzioa gainditzen duela esan ohi da sarritan. Kasu honetan, ordea, fikzioa da errealitatea gainditzen duena. Bestela esanda, imitazioa da absolutua ordezkatzen duena. Galde iezaiozue bestela Charles Chaplin komediante ospetsuari. Bere buruaren imitatzaile lehiaketa batera aurkeztu zen komedianteak, ez baitzuen lehiaketako lehen fasea ere gainditu. Absolutua lehen fasean kanpora. Lehiaketaren izenak ez zioen gezurrik. Chaplinen imitatzaileak ziren lehiaketaren protagonista eta ez Chaplin bera. Aplika dezagun behingoz logika hau eta bota ditzagun jainko absolutuak lehen fasean kanpora.

(Fayadhen 10 poema euskarara itzulita hemen:
http://www.argia.eus/blogak/ignazio-aiestaran/2015/12/08/ashraf-fayadh-a-life-in-translation-bizia-itzulketan/
Itzulpena: Mona kareem; Ignazio Aiestaran).

Platon Vs. Ashraf Fayadh
Egi absolutua, fayadh, Imitazioa, Platon

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude