Online

Online

Badira urte batzuk mugikorrak gure bizitzetan sartu zirela, eta zoritxarrez edo zorionez, gure bizitzetan garrantzitsu bihurtu zirela. Komunikazioari dagokionez eskaintzen dituen abantailez gain, ordea, geroz eta erabilera okerragoa ematen ari garelakoan nago; izan ere, mugikorrarekiko dependentzia geroz eta ohikoagoa den egoera bat da gurean eta gazte eta zaharren artean gertatzen da (eta ez gazteen artean batzuek dioten bezala).

Urteak aurrera joan ahala, jende askok negozioa ikusi du, eta gaur, geroz eta aplikazio berri gehiago daude gu pantailari begira edukitzeko. Horietako bat (eta nahiko berria, gainera) da Pokémon Go. Inguruan, geroz eta jende gehiago dut kalean pokemonen bila ibiltzen dena; eta oporretara etorrita ere, jende ugari ikusi dut kalean pantailari itsatsita, kale zoragarrietan barna, pokemonen bila. Haurrak izan dira gehien kezkatu nautenak; haur txikiak, euren eskuek ia eutsi ezin zuten mugikorra eskuan, pokemonen bila. Hiru eta lau urtekoak asko, pixka bat zaharragoak beste batzuk.

Egoera benetan kezkagarria iruditu zait. Izan ere, konektatuta gaudela diogun aro honetan, geroz eta deskonektatuago bizi gara; gure ingurutik, alboan ditugunetatik, mundutik… Uneoro, gauden pertsonekin egon ordez, aurrean ez ditugun beste batzuekin komunikatzen gara; etxera joatean, lehen fisikoki soilik egon garen horiekin komunikatzen jarraitzeko. Ez da guztien kasua, noski; baina bada gizartean indarra hartzen ari den jarrera bat.

online

Oporretara etorrita ere, jende ugari ikusi dugu pokemonen bila; haurrak batzuk, helduak besteak, bakarka, taldean… Batzuek jolas soila dela dioten arren, geroz eta gehiago dira gu kontrolatzeko sortu den aplikazio bat dela diotenak; bilgune puntuak jarri, eta egunean X kamara bertatik pasatuaraziz. Hala izan edo ez, kontua da, gizartea erotzen hasia dagoelakoaren sentsazioa daukadala, eta beldur naizela.

Aurreko batean, erosketak egitera irten nintzen amarekin, oporretako azken egunetan behar genituen jakiak eskuratzeko. Belardenda batean sartzera gindoazela, argazkiko kartelarekin topatu ginen eta grazia egin zidan. Grazia egin zidan, jendea erakartzeko modu originala iruditu zitzaigulako (ekologikoarena ere bai baita modan jartzen ari den beste kontu bat). Gero, ordea, pentsatzen jarri nintzen; gizarteak hartua duen bideaz pentsatzen… Aurrerakuntza al da hau guztia?

Online

Sentipenak borborka, hitzak borborka. // Emakumearen kurbarik ederrena, bere irribarrea da. EGIN IRRI!