Ondo?

Ondo?

Askotan galdetu izan diot neure buruari pertsona bati zer moduz dagoen galdetzeko zein den modurik onena. Buelta asko eman ditut gai honen inguruan, baina beti ondorio berera iritsi naiz; pertsona bati zer moduz dagoen galdetzeko modurik onena, “zer moduz?” esatea da.

Ondo?Kontua da ohartu naizela badugula (nik behintzat, badudala) ohitura nazkagarri bat jendearekin topatu eta… “ondo?” galdetzeko. Eta ohartu naiz, hain barneratua dudala ezen askotan nahigabe egiten dudala. Baina ez zait gustatzen. Zeren ohartu naiz erantzun posibleak mugatzen dizkiozula. “Ondo?” galdetuta, pertsona ez da gaizki dagoela esaten hasiko, bai baitaki “bai” bat espero duzula bueltan. Oso azaleko galdera iruditzen zait; agian azaleko harremana duzun pertsonekin erabilgarria (eta hori ere zalantza jartzen dut), baina benetan inporta zaizkizunekin ez, behintzat

Benetan inporta zaizkizun pertsonak gaizki badaude, zu entzuteko prest zaude; arazorik badute, laguntza eskainiko diezu. Horregatik, inporta zaizun pertsona bati “ondo?” galdetzea, nazkagarria iruditzen zait; entzuteko prest egon arren, bere arazoak kontatzeko aukerarik ez baitiozu ematen.

Agian bada gure inkontzienteak arazoetatik alde egiteko duen mekanismo bat (nire inkontzienteak, behintzat), baina badakit mekanismo hori ezabatu beharrean nagoela. Izan ere, niri “ondo?” galdetuta, ez naiz nire arazo eta kezkak kontatzen hasiko, nahiz eta munduko lagunik onena izan; eta ez dut besteak nirekin horrela sentitzea nahi. Beldurra ematen baitit horrelako galdera txatxu baten ondorioz, laguna galtzea; edo behintzat, lagundu nezakeen zerbaitetan ezin lagundu ahal izatea.

Beraz, eta nire hausnarketarekin bukatze aldera, aholkutxo bat: MESEDEZ, NORBAITEKIN ELKARTZEN ZAREN UNEAN, BENETAN NOLA DAGOEN GALDETU NAHI BADIOZU, ESAIOZU “ZER MODUZ?”. BENETAN. Ahaztu “ondo?”ak eta gainontzeko “muletillak”. Denen hoberako izango da, harreman sanoago baten alde. Eta pertsona hori nola dagoen inporta ez bazaizu, zertarako galdetu? Ez dezagun alferrik hitz egin; ez dezagun listua alferrikako pertsonekin gastatu; ez dezagun denbora nahi ez dugun tokietan inbertitu. Denbora urrea da; bizi dezagun gure kandela itzali artean gelditzen den denbora eta ahaztu “ondo?”ak!

Sentipenak borborka, hitzak borborka. // Emakumearen kurbarik ederrena, bere irribarrea da. EGIN IRRI!