Negozio berdeak bidea gorria

Negozio berdeak bidea gorria

Ez da bizikleten bide gorria, baina bizikletaz edo gabe egiten ari garen bide hau gorria da. Aldapa pikatuegia du negozio berdea bultzatu gura dugunontzat. Gogorra dela alegia. Baina indar hartu dut Jokin Bergarak asteon egin duen sarreran.

Kontsumitzaile ezin asetua genuen merkatu konbentzionalean. Ezin asetua dugu sustatzen dihardugun merkatu berdean ere. Eta hortik aterata kontuak, kontsumitzaile berdinari buruz ari naizela ohartzen naiz. Onerako, hori ikusi gura dugunondako. Txarrerako, asmorik onenak gorriz tatxatzen dizkigutelako.

Inguratzen gaituzten produktueri egindako kritiketan amestu genituen nahikeriak ondoan ditugunean, ez da aski. Orain arazoa beste bat da. Larregi dagoela , moda dela eta agian gezurra esaten ari garela. Eta azkenean produktu berdina izaki ba merkeena hartzea onena dela, azkenean, antzekoa delako.

Hain lurrunezkoa zen bada gure ametsetako nahikeria hura bizitza estiloa aldatu eta beste kontsumo bat sustatzeko prest geundela irudikatu genuenean?

Egia da negozio berdea gurera iritsi dela, fuerte. Aspaldi zegoen, baina tira, orain europar hiriburuetan ikusi eta mirestu dugun kantitatean dator. Jokin Bergarak, bere postean ongi deskribatu duen eran. Dena batera. Moda bat bailitzan.

Mugimendu masibo berria denez, beharko du denbora egonkortzeko, belar txarrak kendu eta sustraia ongi botako duten ideiak eduki arte pasako dira 5 bat urte. Mugimendu guztiei gertatu izan zaien moduan, gu ere pasatu beharko gara trantze horretatik. Behin hasita lortuko dugula uste dut, merkatu berdean sinistarazteko gainditu beharreko beste erronka bat baldin bada, aurrera, prest nago.

Ostera, kontsumitzaile helduak behar ditugu, informazioa eskatuko dutenak packaginaren distirak itsutu barik. Hori da guk behar dugun ia bakarra negozio txikiekin aurrera egiteko. Mikro-negozioen merkatu berdea posible izateko.

Negozio berdeak bidea gorria
Hipsterrak. Ungersheimeko trantsizio proiektua.

Kritikatuak izan gara, zertifikatu ekologiko baten atzean dagoen produktuek oso bizitza ezberdina eduki dezaketelako. Batzuetan ulergaitza izan daiteke gainera zertifikatua nola lortu ete duen produktu batek: legeei begira sortutako tranpetatik, sarri ehuneko portzentaia bat behar baita écolo izateko, bada txanpuari azukrea ehuneko horretan gehitu izan zaio produktua kaltetu gabe zertifikatu ecochica lortzeko.

Horren aurrean, eskatu informazioa, faborez. Ez deuseztatu egindako iruzkin erraz eta orokorretan benetako mikro proiektu berde oro. Denon kalterako baita. 

Bide horretatik, merkatu berdea bultzatu gura ez duen interes oro defendatzen amaitu dezakegu, haien argudioak berdinak baitira, eta lehengo merkatu berean geundeke: Amesten, nola hobetu. Hobetzen hasi gura duenak burua altsatzen duenean zapla! kokotean emateko. Eta uste dut hori baino zati bat gehiago lagundu eta bultzatu dezakegula benetako merkatu berde konprometitua.

Batzuek maite ez duzuela dakidan arren, gainera, mugimendu honek hipster izendatu gaitu. Agian ez duzue maite kalifikazio hau, baina esaten ari naizen diskurtsoa interesatzen baizaizu eta zure bizitza estiloaz kontsumoan eta gizartean konprometitzeko prest bazaude, zurea eta ingurgiroarena den osasuna zaintzeaz batera, taldekoa zara. (Izendapen berrirako proposamenak iradoki gura badituzu, horretarako ere prest gaude).

Konturatu zaitezte, praktikan, erosketa ekologiko kualitatiboki berdinak edo hobeak egin ditzakezula ziurrenik betiko plazako merkatuan, denda berri hauetara sartu gura ez baduzu. Informatu. Moda jasangarriak ere sinetsi badituela benetako proposamen konprometituak. Informatu. Baita kosmetikak ere. Informatu.

Datuak emate aldera, eta negozioaren begirada gorria ezabatuz, esango dizuet bertako eta garaiko produktu ekologikoa kontsumitzen dudanetik zati bat diru gutxiago xahutzen dudala asteroko erosketetan. Proba egizue. Erraza da. Barietatea orain garaiak aldatzen du, baina ez zait deus falta. Eta ez naiz neguan gaixotu, aspaldikotz.

Justu aurreko astean proiektatu zuten Qu’est ce qu’on attend ? dokumentala Poitiersen. Aspaldi nuen ikusteko gogoa, oihartzun handia izan baitu hemen. Karbono dioxidoaren aztarna gutxitzea erabaki duen Frantziako herri txiki baten, Ungersheim, bizi-modu berria. Erabat egingarria, erabat inspiragarria, erabat hipsterra, eta benetan berdea. Hori bai, trantsiziorako egindako bidea gorria izan da, eduki eta jaso dituzten begirada gorriak izan direlako. Azkenean gain hartzea lortu duten arte. Hemen datu batzuk: Urtebetean herrian 100 lanpostu sortu dituzte, herrian kontsumitzen den barazki/fruitu guztia bertan ekoiztua da, modu ekologikoan. Baita ogia, kontserbak eta antzeko jakiak. Energia berriztagarriekin (gehienean plaka solarrak) autonomia lortu dute. Transporterako alternatibak sortu dituzte, hala nola, zaldiz.

PD* Hipsterrak ez dira estetika hutsa. Bizimoldea baizik. Are gehiago, estetika gabeko hipsterrak ugariagoak dira. Sagar jaleak ordea, ezagutzen ditudan guztiak, ni barne. Hipsterra kontsumoan konprometitua den aktore berria da gizartea eta osasuna zaindu gura dituena. Eta betiko ohiturekin interesa agertzen hasia dena. Horregatik doa bizikletan, besteak beste. Bizikletan abilak ez garenok, oinez egiten ditugu, aldiren km guztiak, eta bai, erosketa oro pentsatua da.

Eta zu trantsiziorako zeren zain zaude?

Negozio berdeak bidea gorria
Ekonomia, energia berdea, Euskal Herria, hipsterrak, Kultura, merkatu berdea, trantsizioa
katalin Antxia

@themodubat Sortzailea naiz zentzurik zabalenean. Modaz eta moduaz edo patroien formaz hitzegin gura nuke zurekin. Eztabaidak diseinuratzeko proposamenak beti dira ongietorriak nirean.

2 pentsamendu “Negozio berdeak bidea gorria”-ri buruz

  • Jokin Bergara
    Jokin Bergara 2017-02-24 14:45

    Aupa Katalin!

    Ez dakit ongi ulertu den artikuluan esan gura izan nuena. Inondik inora ez zen era jasangarri-ekologikoan ekoitzitako produktuei eginiko kritika bat, baina hauek nola eta zein helbururekin erabili diren jarri nahi nuen zalantzan. Azaldu nuen kapitalismoak berrasmatzeko duen gaitasuna eta negozio berdearen kasura aplikatu, alegia, azken urteotan biderkatu diren “izaera berde”ko denda edo negozio hauek ez dute euren oinarrian diskurtso jasangarri eraldatzailerik.
    Negozio berdeko saltokiak, ez dira sortu bestelako harreman, antolaketa eta jarduteko moduak (lurrari lotuak, bertatik eta bertarako…) sortzeko helburuz, merkatuan aukera berria ikusi dutelako baizik, etekina atera ahal izateko. Ekintzaileen (gaztelerazko emprendedor hain loriatua) mamua ikusten dut nik hor eta uste dut, deskribatzen saiatu nintzen negozio ereduek, zerikusi gutxi dutela agroekologiak eta oro har mugimendu ekologistak (ekosozialismoaren korrontean behintzat) defendatzen dituen balioekin.
    Ez dago oinarriko kritikarik, are gehiago, historikoki horrenbeste sarraski natural zein sozial eragin dituen antolatzeko modua (kapitalsimoa) bere egiten du ekonomia berdeak. Lurreko ekosistemen suntsipena ekarri duen logika bera izango da hauek salbatuko dituena? Paradoxa kuriosoa ezta?

    Betsalde, ez nator bat hipsterren inguruan diozunarekin. Errebelde itxuraz janzten diren arren, kapitalismo garaikidearen balioak defendatu baino ez dituzte egiten. “Berritzaile”, “sortzaile” edo “aske” izan gura dutela diote, eta ez dakit konturatzen diren funtsean nortasun lehiakor eta indibidualistak elikatzen ari direla. Nik behintzat ez dut aske, sortzaile edo berritzaile izatea logika horretan ulertzen. Kontsumoan konprometitua baino, kontsumo neurrigabean konprometituak daudela esango nuke, produktuen aukeraketan ustez zorrotzak izanagatik, harrotasunez erakutsi ohi dute euren joera kontsumista. Ez zait iruditzen hori denik gizartea eta osasuna zaintzeko modua. Autosuntsipena berezko ezaugarri duen egitura bat elikatuz nekez egingo da trantsizio sozio-ekologikoa edo bizimodu alternatibo baterako bidea.

    Ondo izan!

    • katalin Antxia

      Kaixo Jokin!

      Bai, ulertzen dut zer esan gura duzun. Eta ados nago diozunarekin. Merkatu berde honek baduelako zuk diozunetik ikaragarri pila. Eta itxaron, hasi besterik ez da egin eta. Joera berde honek mozorratuta daramatza hainbat prozedura, erabat ados nago. Adibide mordoxka datozkit burura gainera. Zuk esan bezala kapitalismo ereduan oinarritzen direnak: merkatu berde hauetan, hasteko, behar ez diren produktuetatik beste super-merkatuetan beste dago eta abar. Moda jasangarrian ere (nire arloa hau baita) tamalez, diruaren boterearekin marka handienek laster zertifikatuko dizkigute jantzi guztiak baina lantegiak Indian egoten jarraitzen du ia baldintza beretan baina orain etikoa da bapatean… eta abar.
      Era berean, uste dut merkatu berde honetan aktiboak garenok egin behar dugula kritika, eta badirudi horretan ari garela: arduratu zaituela kontu honek alegia, ni arduratu nauen modura. Eta hau pozgarria zait guztiz.
      Ordea, nik esan gura nuena da, edo zure artikulua ikusita burura etorri zitzaidana honakoa zen: joño, argumentu berdinak darabiltzate merkatu berdea bultzatu gura ez dutenek! Horregatik idatzi nuen hau. Eta horregatik iruditzen zait, kritikatu behar dugula merkatu berderako kartoizko bolada hau baina birpentsatuz, eta beste argumentu batzuekin. Eskua ematen diogulako bestela kapitalistetan kapitalistenari, haren ahotik hitz berdinak datozelako. Eta ahokada berean zapaltzen ditugu proiektu benetan konprometituak eta zauritu besterik ez multinazional berdeak (azken hauei ez zaielako inporta, baina txikiak bertan behera utzi dezake hain nekeza den jarraitzaile gabeko konpromezua).

      Bestalde, hipsterren inguruan orain ulertzen dudanez, berdina uste dugu. Alegia zuk deskribatzen dituzunak ez direla hipsterrak, moda jarraitzaileak baizik, nahiz eta ,oker erabiliz, gizarteak hipster deitu. Apropos, gehitu dudan argazkian adierazi dut berezko hipsterraren ezaugarri guztiak betetzen dituztenak.

      Ia jarraitzen dugun …
      MIla esker
      Katalin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude