Mendi erdaldunak

Mendi erdaldunak

Unibertsitaterako bidea egiten dut egunero. Gernikatik Leioako EHUra. Muxika zeharkatzean ezin dut saihestu bide bazterreko eukalipto eta pinuen kopuru izugarriak amorrua ematea. Intsigniak eta eukaliptoak, hemendik kanpoko bi zuhaitz. Honek ez luke diskriminaziorako arrazoia izan behar, historian zehar eskertzekoa izan delako kanpoko landareen sarrera. Sagarrondoa eta artoa behin gurean kanpotarrak izan zirela gogoratu beharko genuke noizean behin.

Bertoko landaredia kaltetzen dute asko eta hortik dator nire sumina. Erletxe inguruko mendiak ere zuhaitz madarikatuez daude leporaino. Aski da pinudi baten lurrari begiratzea han hazten diren sastraka gorrixkek beste ezer ateratzen uzten ez dutela jakiteko. Txorierria gurutzatzen dut eta Leioara heltzean amorru are gehiago ematen dit kanpus sarreran eukalipto garaiak ikusteak. Hauek behintzat nahiko zainduta daude.

Mendi erdaldunakOso ondo moldatu diren arbolak dira, ikaragarri arin hazi eta orain dela gutxira arte errentagarritasun handia izan dutenak. Baina aspaldi geratu zen atzean pinudi edo eukalipto plantazio batek aberastasuna ekar zezakeen garaia. “Urre berde” hori iraganekoa da.

Ispasterko gizon batek ekarri zuen intsignia Kaliforniatik Euskal Herrira XIX. mendearen erdialdean. Aukera ikusi eta gero, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan zabaldu zuten bere ondorengoek, hemengo industria egurraren salmentan oinarritu behar zelakoan. Garai hartan ez ziren jabetuko bertoko landarediari,  animaliei eta oro har biodibertsitateari egiten zieten kalteaz.

Zuhaitz hauek espekulazioa bultzatu dute urteetan zehar, norberaren irabazia eta ez komunitatearena edo ingurukoena. Eukaliptoak, alegia, ondoko lurrak lehortzen ditu, oso trebea baita ura xurgatzen. Izan ere, eskualdeko ur partzuergoaren arabera, eukaliptoak landatzen direnetik %50 jaitsi da lur azpiko ur-hornidura.

Salbatore Mitxelenak agur esan zien betirako lehen mendiak apaintzen zituzten zuhaitzei, lizar, pago eta haritzei, besteak beste. “Pinu beltz arrotza” sartu zenetik mendiak erdaraz zebiltzala zioen bere olerkian. Ni ez naiz bere ikuspuntu ezkorrekoa. Oraindik aldaketarako sasoiz gabiltzala uste dut. Pinuak eta eukaliptoak murriztu behar ditugu gure mendi eta larretatik eta hemengo ekosistemarako onuragarriak diren arbolak landatu. Honetarako, baina, denok hartu behar dugu konpromisoa: aldundiek, udaletxeek, gizarteak eta, batez ere, norbanakoek.

Mendi erdaldunak

arbolak, erdaldun, eukalipto, intsignia, iritzia, Landareak, mendi, pinu, Salbatore Mitxelena, zuhaitzak

4 pentsamendu “Mendi erdaldunak”-ri buruz

  • Landare arrotz hauek sartzea gixakiaren esku-sartze lotsagabea izan zen, lurraren kalterako baina gizartearen onerako. Orain proposaturiko berlandaketa garbizaleak lotsagabekeria bera promozionatzen du: gizakiak ezin du onartu naturak bere bidea jarraitzea, naturarengan ere bere justizia supremoa aplikatu behar du. Horregaitik, hebakuntza hau eginez artifizialki desegiten dugu aldaketa artifiziala, eta gizakiaren izaeraren aldaketen menpe ipintzen dugu naturarekiko neutraltasuna. Beharbada hobe litzateke naturaren baliabideen manupulazioak gizakiaren ongizatea bultzatzea, eta ez chauvinisten erreboluzio garbizaleak.

    Bestalde, ‘arazo’ tribiala dela dirudi, gizakiak, onerako zein txarrerako, gainerako espezieak menperatu baititu. Natura gizakiaren instrumentu bilakatu da, eta garai bakoitzean soinu ezberdin batekin interpretatzen ditu bere beharrizanak. Haragijaletasun parasitarioa eta dominantzia ebulutiboa nahastuz, naturak gaixotasun hilgarria dauka: gizakia. Gainerako espezieen suntsitzeak ez digu ongizate globalik ekarri, eta hori da amorru primario legitimoena. Milaka urte ondoren, elkar zapaltzen baino ez dakigu. Suposatzen dut mobil karua duten pertsonek hau ezingo dutela ulertu.

    E

  • Arrazoi osoa.

  • Euskal Herrian kontzientzia ekologikoa urria da, zoritxarrez. Natura ez da errespetatzen, eta denak balio du onura ekonomikoa lortzearren. Ama Lurra ez da gizakiak etekinak eskuratzeko erabil dezakeen baliabidea, askoz gehiago da. Noiz konturatuko gara gizakiaren biziraupena Ama Lurraren biziraupenarekin lotuta dagoela??

    AHTaren aurka, Fracking-aren aurka eta erraustegien aurka egotea ez da nahikoa. Gure mendiak pinuz eta eukaliptoz betetzea aipatutako proiektuak baino askoz kaltegarriagoa da. Noiz konturatuko dira gure erakunde publikoak eta gure baserritarrak horretaz?.

    • Niri pertsonalki erraustegiak sortzen zidan kezka handiena Eukaliptoagatik zan, erraustegia zaborra erretzeaz gain energia defizitarioa sortzeko zegoen diseinatua eta horretarako zaborraz gain egurra ere erre behar zen, mendi guztiak Eukaliptoz bete eta txikituaz, izan ere eukaliptoak, azkarrago hazteko mendiko aberastasun guztia xahutzen du oso denbora gutxian.
      Herri honetan, noizpait “Suiza txikia” deitzen zuten herri honetan, bizi kalitatea, turismoa eta ekologia bultzatu beharrean, 4 tipo aberasteko, dena suntsitu eta gehiengoak uko egin behar diogu gure bizi kalitateari, horretarako, gehiengoa “paleto” batzuk izan behar ginen , eta lortu dute.Hori bai, autobide defizitario bat egiteko, umetan jolasten ginen gune berdeak txikitu eta gero, autobidearen posteetako batean “ekogune” irakurri behar dutu, eta poste hori berdez margotuta.

      Gutxienez atzera erantzukizunak eskatuko dituen alderdi bat aterako balitz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude