Madla

Madla – 

MADLA

Munduan beste asko bezala Madla 12 urteko gaztea da, Burundin, Afrikan bizi da eta zoritxarrez pobrezian bizi da. Mutiltxoak 7 anai-arreba ditu, horietatik 2 soilik dira bera baino nagusiagoak eta jada ez dira familiarekin bizi. Madlaren 2 anai horiek lan bila joan ziren Europarantz etxera dirua ekarri ahal izateko, tamalez, duela 6 hilabete ez dagoela haien arrastorik. Beste 5 umeak txikiegiak dira lan egiteko edo neskak, horrelako herrialde batean arriskutsua dena.

Madlaren ama haurrak zaintzeaz arduratzen da eta aita lanean ibiltzen da egun eta gau bere familia bizirik mantendu ahal izateko. Baina aipatzekoa da familian ez dutela inolako garraiorik eta aitak lan egiten duen tokiraino ordu dezente daudela oinez. Horrek asko kaltetzen du aita, etxera iritsi orduko berriro atera behar delako “lantegirantz”. Eta askotan berandu iristen denez, gutxiago ordaintzen diote.

Halaber, txabola txiki batean bizi dira, ez dira guztiak sartzen eta txandakatu egiten dira kaleko zoruan lo egin behar ez izateko. Uda erdian daude eta tenperaturak altuegiak dira, beraz, edateko ur asko behar dute, baina ez dute behar bezain beste.

Horrez gain, familiako kide guztiak oso argal daude eta egoera geroz eta okerragoa da, aitak geroz eta diru eta janari gutxiago ekartzen du, haien bizia arriskuan dago. Are gehiago, baldintza horietan txikienak diren haurrak ez dute denbora luzez bizirik iraungo.

Horrela izanik, Madla egunero ibiltzen da herritik diru bila, lantxoak egiten ditu hemendik eta handik txanpon batzuk lortu ahal izateko. Alabaina, txanpon horiek ez dira nahikoa, egunero iristen da etxera eta zerbait egin behar duela pentsatzen du, ezin baitu bere familia hainbeste sufritzen ikusi.

Egun batean, beti bezala, esnatu eta herriko kaleetara hurbiltzen da. Kaletik dabilela, ume batzuk ikusten ditu kutxa batzuk eramaten eta kamioi batera sartzen, Madla hurbildu egiten da. Umeak begiratzen dituela, gizon zahar batek kutxa bat ematen dio bortizki eta kamioira eramateko agintzen dio, baina Madlak honako hau esaten dio:

-Ez, ez, ni ez nago hemen lanean, ikusten ari nintzen soilik- kutxa lurrean uzten du.

Madla urrundu egiten da, baina bere etxerantz ibiltzen hasi orduko emakume nagusi batekin topo egiten du eta emakumeak isilean:

-Umetxo gizajoa, hartuiozu kutxa gizonari eta egizu esaten dizuna… Egunero ikusten zaitut hemendik diru bila baina horrela ez duzu ezer lortuko. Joan zaitez guzonarengana eta esaiozu harekin lan egingo dizula, diru gehiago irabaziko duzu berarekin- andrea urruntzen da.

Madla pentsakor geratzen da, ez du emakume hori ezagutzen baina bazirudien bazekiela zer zioen. Hala ere, mutila etxera itzultzen da eta gau osoa ematen du horretan pentsatzen.

Hurrengo egunean, Madla egunero bezala txanpon bila irteten da eta egoera berdina topatzen du, gizon zaharrak, kamioa eta kutxak.

Oraingoan, gizonarengana hurbiltzen da, gizonak kutxa bat ematen dio bortizki eta Madlak ezer esan gabe beste umeek egiten dutena kopiatzen du. Horrela ematen du egun osoa gaztetxoak. 7 orduz kutxak gora kutxak behera ibili ondoren, iluntzean, gizon zaharrek txanponak ematen dizkiete umeei eta alde egiten dute. Egun horretan Madla etxera oso pozik itzultzen da, beste egunetan baino diru gehiago eraman duelako.

Aste batzuk botatzen ditu gure mutilak lan berri honetan eta goiz batean, gizon zahar horietako batek Madlarekin hitz egiten du:

-Aizu gazte, ondo egiten duzu lan, beste umeak ikusita indartsua zara eta beroa ondo jasaten duzu. Etor zaitez nire etxera lan egitera, emaztea eta semeak ahul daude eta ezin dute ortuan lanik egin. Ondo ordainduko dizut, kutxekin baino gehiago. Larunbatetan zure familia ikustera etorri ahalko zara- gizonak argi uzten dio proposamena.

Hurrengo egunean, Madlak familiari kontatzen dio gizonak esandakoa eta egoera ikusita ez dago idearen kontra jartzen den inor. Nahiz eta beldur diren 12 urteko gazte bati gertatu ahal zaionaz, dirua behar dute. Eta agian, hilabete batzuetaz Madla gizon horrekin lanean badago, diru nahikoa lortu dezake garraio bat erosteko eta aita lanera berandu ez iristeko. Hori lortuko balute, izan daiteke Madlak etxera itzuli ahal izatea.

Horrela izanda, Madla gizon zaharrekin joaten da, bizitza berri eta gogor bat hastera.

Hasieran, nahiko ondo dabil Madla, egia da lan handia egiten duela baina ondo portatzen dira berarekin eta adostu bezala larunbatetan herrira itzultzen da. Arazoa da aste batzuk pasa eta gero egoera okertu egiten dela, gizon zaharrak ez du hainbeste diru lortzen eta ordu gehiago pasatzen ditu etxetik kanpo lanean. Aldaketa horren aurrean, gizonak ezin du ortuan ezertxo ere lagundu eta Madla izaten dute bertan lanean ordu mordoaz.

Bero handia egiten du eta Madlak oso gaizki pasatzen du lanean, gainera, gutxiago ordaintzen diote eta ordu gehiago ematen ditu ortuan edo etxeko gauzak egiten. Gizon zaharraren emazteak egunero ikusten du zelan mutiltxoa beroagatik zorabiatzen den, lurrera erortzen den ez daukalako indarrik, ezpainaik zein sikuak dituen… Emakume hori ama da, seme-alabak ditu eta asko sufritzen du Madla horrela ikusiz, ez lukeelako onartuko bere umetxoak horrela egotea.

Egunak pasa ahala, arazoa ez da baretzen, are gehiago, gizon zaharra gauean etxera itzultzean, Madlarekin biltzen da eta egunean zehar egindakoa galdetzen dio eta noski, konprobatu. Gizonarentzat inoiz ez denez nahikoa, Madla jotzen du, ez dio janaririk ez urik ematen eta gau osoa izaten du lanean. Gutxi balitz, badira 3 aste ez diotela bere familia ikusten uzten.

Emakumeak geroz eta txarrago pasatzen du umea horrela ikusiz, mutila oso argal dago eta ez dauka indarrik. Hala ere, Madla oso langilea da eta hor egoten da gizonaren zaplazteko eta oihu guztiak jasaten, edozer gauza egingo duelako bere familia laguntzeko. Azpimarratzekoa da horrek Madla guztiz aldatzen duela, ahula eta beldurtia izatetik, indartsua eta ausarta izatera pasatzen da. Orain, edozer gauzari aurre egiteko prest dago.

Kontua da jada ez diotela ia txanponik ematen, gainera, ez diotenez bertatik alde egiten uzten, ezin du etxera dirurik eraman. Beraz, Madlak, nahiz jakin ihes egiteak ondorioak izan ditzakeela, bertatik zelan alde egin pentsatzen hasten da, ezin baitu gehiago.

Mutilak badaki familiak zaldi bat duela, ez da munduko zaldirik indartsuena eta azkarrena, baina zaldiarekin gai izango da bere etxeraino itzultzeko, izan ere, nahiz eta hasieran larunbatetan oinez joaten zen herrira, orain, ez da iristeko gai. Gainera, etxera zaldiarekin itzultzea ikaragarria izango litzateke.

Ideia hori buruan, pare bat egun erabiltzen ditu zaldiarekin zelako jarrera duten ikusteko, noiz ez diren berarekin egoten eta zein izan daitekeen momenturik aproposena zaldia hartu eta alde egiteko. Hori guztia analizatu ondoren, Madlak erabakitzen du gizon zaharrak gaueko astindua eman ondoren zaldiaren bila joango dela.

Gaua iristean eta gizonaren jipoiak jaso ostean, Madla isilean abiatzen da zaldia lotuta dagoen tokira eta soka askatzen saiatzen da. Baina mutilak errazagoa izango zela uste zuen, zaldia astoratzen hasten da, soinuak egiten eta mugimendu bortitzak. Madla zaldia lasaitzen saiatzen da, tonu baretuaz hitz egiten dio eta laztantzen saiatzen da, baina ez du funtzionatzen.

Zaldiaren jarrerak ez dio Madlari soka askatzen uzten eta urduri jartzen hasten da, gizonak zarata entzungo baitu eta gaztea akabatuko du. Bat-batean, espero bezala, Madlak norbait hurbiltzen dela aditzen du eta ezkutatzen saiatzen da:

-Lasai umetxo, ez dizut minik egingo, utzidazu laguntzen- emakumeak zaldia lasaitzen du.

Bitartean Madla harrituta dago, ez zuen emakumea espero, eta gutxiago, lagunduko zionik.

-Hemendik alde egin nahi baduzu, ondo egin behar duzu. Nire gizona azkarra da eta harrapatuko zaitu- Madlak arretaz entzuten du emakumea.

-Utzidazu niri, jarraitu beti bezala eta egidazu kasu bihar, soilik hori. Nik aterako zaitut hemendik- Emakumea badoa.

Madla nahastuta dago, ez zuen hori espero eta ez daki emakumeari kasu egin edo ez.

Hurrengo egunean, gizona lanetik itzultzean, segituan Madlarengana joan beharrean, emakumearekin hizketan ikusten du, mutila haiengana hurbiltzen da ezkutuan, esaten dutena entzun ahal izateko. Badirudi, umea saltzeaz ari direla… Elkarrizketa bukatzen dute eta emakumea zaldiaren bila joaten da. Madla ortura itzultzen da eta gizona itxaroten du, baina bera agertu beharrean, emakumea agertzen da zaldiarekin:

-Zu! Mutil!- tonu bortitzaz -Etor zaitez, azkar!- Gaztea geldirik geratzen da, nahastuta dago, ez daki ideia ona izango den emakumeari kasu egitea, baina aurreko egunekoaz gogoratzen da, emakumeak berak esango zionari kasu egiteko eta lagunduko ziola. Horregatik, Madla emakumearengana hurbiltzen da.

Emakumeak Madla zaldiaren atzean esertzen du, soka batekin lotzen du eta martxan jartzen dira. Hasieran, emakumea zaldi gainean doa eta mutila egurrezko kontu bati lotuta, ez da oso erosoa baina ibiltzen joatea baino hobea bai.

Kale eta errepide hustuetatik ordu batzuez isilean ibili ondoren, emakumea zalditik jaisten da, zaldia oso nekatuta dagoelako. Emakumea zaldiaren aurrean jartzen da, zaldia soka batetik hartu eta aurrerantz jarraitzen dute.

MadlaHerritik oso gertu daude kotxe batekin aurkitzen direnean. Beraien albotik pasatzean, kotxea gelditu egiten da eta 3 gizon gazte ateratzen dira bertatik. Hasieran Madla lasai dago baina gero gogoratzen du zergatik den hain arriskutsua bere arrebak Burunditik bakarrik ibiltzea. 3 gizon gazte horiek emakumearekin hitz egiten hasten dira, baina bat-batean emakumea hartu eta kotxean sartzen dute. Madla harrituta geratzen da, kotxearen atzetik korrika eta oihuka hasten da baina autoa azkarregi urruntzen da.

Madla

Orain zaldia eta Madla daude, Madla eta zaldia. Mutila triste dago, bera laguntzeagatik emakumearen bizitza bukatu delako.

Gaztea zaldiarekin abiatzen da herrirantz eta azkenean bere etxera iristen da. Familiak aste asko daramatza Madla ikusi gabe, desagertutako bere bi anaiak bezala hilda zegoela uste zuten. Negarrez hasten dira eta asko pozten dira bera ikusteaz. Madla, aldiz, nahiz eta etxean egon, triste dago, ezin izango du emakume hura inoiz ahaztu.

Madla etxean egotea gutxi balitz, aitak zaldia ikusten du eta oso pozik jartzen da, baduelako lanera zelan joan, zaldia izango da bere garraioa. Guztiak pozik daude bera ikusteaz eta zaldiarenak txoratuta utzi ditu. Madla besarkatzen dute. Madla goraipatzen dute.

-Etxeko gizona bihurtu zara Madla, familiako gizona- esaten dio aitak harrotasun handiz.

Hurrengo egunean, Madla lehen bezala herriko kaleetara abiatzen da txanpon batzuen bila.

Mutilak ilara berdina aurkitzen du, kutxa berdinak eta gizon zaharrak. Umeak begiratzen ditu eta handik alde egiteko buelta ematean, emakume nagusia ikusten du eta honako hau esaten dio isilean:

-Umetxo gizajoa, hartuiozu kutxa gizonari eta egizu esaten dizuna…

Madla

Indarrak falta zaizkidanean beti gogoratzen dut esaldi hau: "Gogoa den tokian, aldaparik ez" eta nire aitak gustuko duen atsotitzak dioenez: "Umearen zentzuna, etxean entzuna".

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude