Hezkuntza sistema aztertzen

Hezkuntza sistema aztertzen

Zein ote da gaur egungo hezkuntza sistemaren helburua? Hona hemen artikulu honi hasiera emateko galdera. Esan beharra daukat artikulu honen helburua ez dela inolako erantzunik ematea, baizik eta hezkuntza sistemaren inguruan hausnartzea. Nik beti pentsatu izan dut bizitzaren helburua zoriontasuna aurkitzea dela, alegia, pertsona zoriontsuak izateko bizi izaten garela. Eta zein funtzio dauka hezkuntzak gure zoriontasunean?

Gizarteak aurrera egiten duen bezalaxe, hezkuntzak ere aurrera egin behar du, ezin da iraganean geratu. Hezkuntzaren berrikuntza beharrezkoa da, bai eduki aldetik eta bai metodologia aldetik. Gizarte tradizionalean hezkuntzaren helburua pertsona jakintsuak sortzea baldin bazen, egungo gizarte postmodernoan ezin gara horrekin konformatu. Izan ere, beharrak aldatu egin baitira. Informazioaren gizartean, jada, ez dauka zentzurik hezkuntzaren helburua gizaki entziklopedikoak sortzea izatea. Gaur egun ematen ari den teknologiaren aurrerakadarekin, informazioaren eskuragarritasuna ez da nobedade bat. Horren ordez, informazio hori kudeatzen irakatsi behar da, informazioa noiz eta nola erabili pertsonen onerako eta teknologiaren menpekotasunean ez erortzeko.

Hezkuntza sistema aztertzen

Eskolan lantzen diren edukiak zaharkituta geratzen ari dira. Zer jakin behar dute ikasleek gaur egungo gizartean bizi ahal izateko? Edukiak ikasleen interesekoak izan beharko lirateke, modu honetara bakarrik egongo dira ikasleak ikastera motibatuta, ezer ikastera derrigortu gabe. Ikasleei gustatzen ez zaizkien gauzak ikastera derrigortuz, ikasteari gorrotoa hartzea besterik ez dugu lortuko.

Gainera, pertsona bakoitza mundu bat da eta ezin ditugu pertsona guztiak modu berean tratatu, berdintasunean baizik. Hau da, pertsona bakoitzari eman behar zaio behar duena, bakoitzari berea. Ikasle bakoitzak gaitasun desberdinak ditu eta hori kontuan hartu behar da, horri etekina atera ahal izateko. Howard Gardnerrek dioenaren arabera, pertsona guztiok ditugu adimen anitzak, gehiago edo gutxiago garatuak, eta eskolak gaitasun horiek identifikatzeko eta lantzeko bidea eman behar du.

Gaur egungo hezkuntzan geroz eta garrantzia handiagoa ematen ari zaie emozioei eta baloreen heziketari, eta ez hainbeste alderdi kognitiboari. Emozioak pertsonon egunerokotasunean presente daude uneoro, eta hauek errekonozitzen eta kontrolatzen ikasteak lagun diezaguke gure zoriontasunean.

Bestalde, beharrezkoak al dira azterketak? Benetan neurtzen al dituzte ikasleek eskuratutako gaitasunak? Hemen ere galdera asko egiten dizkiot neure buruari. Zenbait kasutan azterketak egitea metodorik egokiena dirudi, baina ez beti. Askotan azterketaren bidez neurtu ezin diren beste zenbait gauzari garrantzia handiagoa eman behar zaie, besteak beste, talde-lanari, laguntasunari, elkartasunari edota sormenari.

EAE-ko hezkuntza sistema kalitatekoa dela esaten omen dute, baina horrekin konformatu behar al dugu? Oraindik eskola askotan ematen den ikaskuntzak memoristikoa izaten jarraitzen du. Ikasleek edukiak buruz ikasten dituzte, ulertu gabe, eta hurrengo egunean ahaztu egiten dute ikasitakoa. Hori al da kalitateko hezkuntza sistema? Nik ezetz esango nuke. Oraindik egiteko asko dago, aldatzeko asko.

Hezkuntza sistema aztertzen
hausnarketa, hezkuntza, hezkuntza sistema

3 pentsamendu “Hezkuntza sistema aztertzen”-ri buruz

  • “beharrezkoak al dira azterketak? Benetan neurtzen al dituzte ikasleek eskuratutako gaitasunak?”
    Bai eta bai. Eskolan mundua interpretatzen erakutsi behar da, datuak baloratzen, zientziaren garrantzia barneratzen. Azterketa bidez neurtu ez daitekeen ZER gauzari eman behar zaio garrantzia? Erraza da airera kexaka ibiltzea, baina apostu konkreturik ba al dago hezkuntza sistema “hobetzeko”?
    Gaztetxoek ez dute eskola gorroto sistema sustraiean oker dagoelako, ikastea eta arreta ematea neketsua, zaila eta sarritan aspergarria delako baizik.

    “Edukiak ikasleen interesekoak izan beharko lirateke”
    Zergatik? umeen interesak ez dauka zerikusirik ez errealitatearekin ezta munduaren beharrekin ere.

    Lehendabizi gure unibertsititis-a baztertu beharko genuke. Unibersitatean dirua eta denbora galtzen ibili beharrean, hezkuntza maila altua behar ez duten lanpostuak baloratu beharko genituzke.

  • Ikasleak nahi ez dituzte edukiak ikastera derrigortu? Jakina. Ba al dakizu zenbat ikaslek gorrotatzen duten euskara edo matematika? Eta ez ikasteko aukera emango diegu? Jakina ezetz. 14 urteko neska/mutiko batek ezin du erabaki zer ikasi nahi duen eta zer ez. Eurengatik balitz gehienek ez lukete ezer ikasiko.

    Azterketak beharrezkoak diren? Jakina. Ze tontakeria.
    Metodologia aldatu behar da; ados. Eduki batzuk aldatu behar dira; ados.

  • Artikulu honek txatxiguai pentsakera kutsu handia du. 20 neraberi ikastaro batez aurre egin ondoren, orduan bai, hitz egin hezkuntzari buruz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude