Garoa badoa, liburu-dend(ar)en itxieraz

Garoa badoa

Badira egun batzuk Donostiako Garoa liburu-dendak bere ateak itxiko zituela ezagutzera eman zuela. Imanol Agirrek, berau kudeatzen zuenak, hedabideei zabalduriko elkarrizketan garbi esan zuen liburu-dendaren egunerokoa ez dela horren polita, eta zailtasun nabarmenekin egin behar duela topo era honetako proiekturen bat aurrera atera gura duenak. Ezer esaten hasi aurretik, garbi gera dadila liburu-denda bat ez dela liburuen salerosketarako erabiltzen den merkatuaren eremu huts, negozioa soilik duena helburu; hortik haratago doan espazioa da,  herri txiki-ertain askotako biztanleek literaturara, poesiara edo saiakerara sarbidea izateko duten bidea, oraindik  paperaren kulturan bizitzeko bekatua egiten dutenek aurki dezaketen hezur-haragizko toki fisikoa.

Garoa badoa, liburu-dend(ar)en itxieraz2013. urtean espainiar estatuan zeuden liburu-denden inguruko datuak atera zituen, Espainiako Liburu denden behatokiak. Datuek diote, 7.254 herri daudela estatu guztian liburu-dendarik gabe, alegia, 11 milioi pertsonak ez dute euren eskura liburuekin harreman zuzena izateko tokirik, inguruko hiriren batera joan beharra dute ezinbestez.  Euskal Herriko datuak ez dauzkat zifretan, baina geure herrian behintzat, 30.000 biztanlez osatua gutxi-asko, zeuden liburu-denda apurrak El Corte Inglés deituriko munstro herrijaleak irentsi zituen; hala ere herritar gehienak pozik, eskailera mekanikoak dauzka eta!

Begibistakoa da beraz, geure hiri eta herrietan liburu-denden desagertze masiboa bizi dugula, baina zeren ondorioa da? Zein dira, liburu saltzaile batek izan ditzakeen arrazoi pertsonaletatik aparte, herria edo auzoa bizitasun kulturalez elikatzen zuten espazio hauek lurruntzearen arrazoiak?

.

Ez-lekuak: zementuaren paradisu

Merkataritza gune, aireportu, Abiadura Handiko Tren, bizirik gabeko auzo edo aparkalekuak eraikitzea lehenetsi den garaiotan, post-modernitate izena jar diezaiokegu birus honi, ilusio eta bizigogo ororen hiltzaile. Garoa badoa, liburu-dend(ar)en itxierazKaleak,  auzoak, biltzeko tokiak, plazak…  eta oro har giza harremanen topagune ziren eremu fisiko horiek, XIX. mendeko fenomeno arraro zaharkitua bilakatu ez ote diren eztabaidatu genezake, merkataritza guneak moduko toki hil, gizatasunez hustu eta bizitasunik gabeei berebiziko garrantzia emanez. Ez-lekuak azken finean.

Eraikitzen dihardugun hiri mota honek nola lagako dio ba, Garoa moduko salbuespen pozgarri bati bidea egiten? Geure arteko harremanak birtualagoak, urrunagokoak eta azalekoagoak izan daitezen dago eraikia hiri post-modernoa, liburu-denda batek berezko ezaugarri duen harreman pertsonal hori errotik moztuz, liburua eta bera inguratzen duen oro zaborretara botaz. Liburu-dendak kontaktua ahalbidetzen du, fikzioaren mundura kolektiboki jauzi egitea, literaturan zehar egindako bidaiak ingurukoekin partekatzeko aukera, zein emozio, burutapen edo sentipen eragin dizkigun azaleratzeko tokia da.

.

Lekuak eraikiz

Imanol Zubero soziologoari irakurria da David Cassanyren aipu hau, Tras las líneas. Sobre la lectura contemporánea liburuan: “irakurtzea ez da jarduera bakarti isolatua, komunitate batean erroturiko praktika baizik, historia, tradizio eta komunikatzeko ohitura zehatz batzuekin.”

Irakurtzeak dakarren esperientzia emozional guzti horri non eman leku? Funtzio hori liburu-dendak bete ohi zuen oraintsu arte, negozio gose neurrigabeak Corte-inglés, Fnac edo Amazon-en mozorroz lehertu duen arte. Bizitzeko poesia eta literatura behar dutenen komunitatea existituko den neurrian, espazio hauen galerak ondorio zuzenak ekarriko ditu irakurketa bizitzeko dugun moduan, ariketa kolektiboa izatetik, jardun erabat indibiduala izatera pasa baitaiteke,  mundu inmaterialak (e-book, internet eta bestelako euskarri birtualek) kolonizatua.

Garoa badoa, liburu-dend(ar)en itxierazErromantiko xamarra irudi lezake, baina liburu-dendei berezko xarma zerien, orokorrean duten altzari zaharrez (antzinako tokearekin esan nahi da) dekoratutako irudiaren barnean dagoela norbera, paper berriaren usain erakargarriarekin, dendariarekin hitz batzuk trukatu eta liburuen kontrazalak besterik gabe kuxkuxeatzeko momentu horretan. Sintoma emozional hutsa besterik ez izanagatik, El Corte Ingleseko eskailera mekanikoetan ez dut uste halako unerik bizi ahalko dugunik, bertako saltzailearekin izan dezakegun interakzio gorena este libro vale veinte euros  baita, edo asko jota, jator planta baldin baduzu, ¿quieres bolsa?  esango dizu.

Imanol Agirrek bere elkarrizketan dio espero zituela dolumin mezu guztiok, denok penatu garela Garoa-ren itxierarekin, baina egunerokoa are penagarriagoa dela. Nire hausnarketa txiki honetatik mezua beraz, edo ez-lekuak leku bihurtzen saiatu edo espazio bizi hauek ez hiltzeko indar apur bat egin beharko, ala? Bitartean, ea nik baino elkarrizketa interesgarriagoak dauzkazuen komertzio handietako dendariekin!

Garoa badoa Garoa badoa Garoa badoa Garoa badoa
euskal literatura, ez-lekuak, hiriak, kultura eta sormen industriak, postmodernitatea

2 pentsamendu “Garoa badoa, liburu-dend(ar)en itxieraz”-ri buruz

  • Erru guztia ez baitu “El Corte Inglés”-ek. Liburu bat gomendatzen dizut, Jokin: “Gure gauzak, SA”, Ur Apalategirena. Bestelako ikuspegirik ikusiko duzu hor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude