Euskaldun baten peskizan

Euskaldun baten peskizan

Euskaldun baten peskizan

“Cuán firme va”, pensó Jim con asombro, con algo así como gratitud por esa elevada paz de sosiego y cielo. En esas ocasiones sus pensamientos estaban repletos de acciones valerosas; amaba esos sueños y los éxitos de sus hazañas imaginarias. Eran las mejores partes de la vida, su verdad secreta, su realidad oculta. Poseían una encantadora virilidad, el hechizo de la vaguedad. Pasaban ante él con pisadas heroicas; se llevaban su alma consigo y la embriagaban con el divino filtro de la ilimitada confianza en sí misma. (Lord Jim, Joseph Conrad)

Inoiz paper zuri baten aurrean Lord Jim bezala sentitu naiz, artikulu bikaina idatziko dudala sinistu dut hitzen bat idatzi aurretik. Artikulu borobila izango zen, kuriosoa, bitxia eta freskoa, oihartzuna izango zuena. Inozoa dirudi baina neure egia da, neure-neurea, sarritan idaztera bultatzen nauena. Igandean, adibidez, XL Semanal begiratzen ari nintzela, izen batek begira jo ninduen: Philippe Ithurbide. Amundi Gestoretzako buru bat da eta nik pentsatu nuen: tak! Euskaldun bat mundu ekonomikoaren gailurrean, zer edo zer idatzi behar dut tipo honi buruz!

Hasieran erreportaje bat egingo nuela deliberatu nuen. Álvaro Corazón Rural kazetariak egiten dituenen modukoa izango zela deliberatu nuen eta datuak biltzen hasi nintzen. Ithurbidek Crédit Agricolen lan egin zuela, Kataluniari buruz artikulu bat idatzia zuela eta 1958an jaioa zela irakurri nuen, baina sortzez nongoa zen arrastorik ez. Bordelen ikasi zuela aurkitu eta berehala pentsatu nuen: Bordelen ikasi badu litekeena da Iparraldean sortu izatea da, Iparraldeko gazte ugarik bertan egiten dituztelako Unibertsitate ikasketak. Banuen teoria bat.

Segidan, buruari ematen hasi nintzen eta lehen esaldiari buruz gogoeta egin nuen. Sarreran irakurleak engantxatu behar nituen. Banuen plan bat: lehenik, esaldi borobil bat idatziko nuen jendea erakartzeko eta gero ez nuen zehaztuko Ithurbide euskalduna den ala ez baina abizena dela-eta euskalduntzat berdin-berdin hartuko nuen. Bidean, Manuel Jaboisek egin bezala, bizitzaren alde aldrebesak eta barregarriak azpimarratuko nituen zeharka: berdin dio euskaldun izatea ala ez, kontua da euskaldunok munduaren gailurrean gaudela sinestaraztea lipar batez eta horretarako nahikoa dela abizen bat.

Ithurbideren curriculuma eskura neukan informazio bakarra zen eta hainbat lizentzia poetiko erabiliko nituen Philipperen istorioa apaintzeko. Umore gaziaz idatziko nuen, Jurdan Arretxek bere erredakzio-mahaietan bezala. Horretarako, Anjel Lertxundik erabiltzen dituen jiro eta esapideez baliatuko nintzen testua janzteko, eta, bide batez, euskarak hiztegi zabala duela gogorarazteko. Sarreran halako zeozer idatziko nuen: “Txikira jolasten zen Philippe Ithurbide Aiziritzeko plazan. Philippe lagunabarrean bizi zen bertan, tatxarik gabekoa ikasketetan baina errugbi baloia buruan, buruak nabarmenduko zuela ‘ezjakitun’”. Sarrera paregabea, dudik bez!

Apurka-apurka testua bere kabuz harilkatu zen neure buruan. Guztia pentsatuta nuen eta berau idazteak tramite bat zirudien. Artikulu bikaina idatziko nuen, bai jauna! Bai andrea! Baina bizia konkrezioa da eta zirriborroa irakurri ahala konturatu nintzen erreportaje bikaina idatzi beharrean, zutabe majo bitxia idatzia nuela, disimulurik gabe itzulinguruka ibilia nintzela ezer zehatzik kontatu gabe. Eta horrela heldu nintzen artikuluaren amaierara, arratsaldea idazten entretenituta emanik eta prokrastinatuz baina Ithurbide euskalduna den ala ez jakin gabe.

PD: Argazkia hemendik atera dut

Euskaldun baten peskizan

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

2 pentsamendu “Euskaldun baten peskizan”-ri buruz

  • Aupa, “peskizan” horrekin zer esan nahi duzu?

    • Aupa Gilen,

      Labayruren aburuz peskizan berbak hiru adiera ditu:

      peskizan
      1 postp.
      con la esperanza de, esperando.
      2 postp.
      a la búsqueda de, al encuentro de.
      3 postp.
      al alcance, a disposición; a expensas de, dependiendo de.

      Nik bigarrenagatik aukeratu nuen baina lehenetik ere badu.

      Barkatu hain berandu erantzun izana

      Ondo ibili