Eta orain zer?

Eta orain zer?

Haurtzaindegitik, lehen mailara, hamar gaztetik bederatzik derrigorrezko bigarren hezkuntza, eta sarri askotan batxilerra dator atzetik. Ondoren, selektibitatea eta unibertsitatea, jakina. Gizarte honetako hezkuntza sistemak jaio garenetik ibilbide zehatz bat ezarri digu, sinesmen jakin batzuen araberako errutina erritualak txertatu zaizkigu.  Eta zer esanik ez, jakintza bezala sortu ditugula gizonak eta andreak gaur ulertzen ditugun moduan. Oroitzen ditut garaiok, ongi oroitzen gainera, baina gaur dakidanaz kutsatuta nago.

Eta orain zer?

Orain, unibertsitate ikasketak amaituta, batzuentzat aske izateko garaia helduko da, beste batzuentzat berriz lotura.

Inozentziatik merkatura.

Gu gara martxan jarri nahi duten lan erreformaren kaltetuak, nehoizko belaunaldirik trebatuena, ala trabatuena?

Lan mundura jauzi egitean prekarietatearen ahoan eroriko garenak, gu gara. Eta horrela bada,  akaso konturatuko gara guk ere badugula gure erru partea sistema hau ureztatzen jarraitzen badugu.

Kapitalismo sistema honetan betiko bost jauntxoen etekinak handitzeko bi euroren truke lan egitera kondenatuko gaituzten horiek. Egitura sozialak, ekonomikoak eta politikoak ezartzen ditu gure ekintzen eta hitzen balioak, eta horien arabera egituratzen da geure gizartean prestigioa eta autoritatea. Sarritan, atzerrira joatea aterabide gisa ikusten dugunak gara, baina ahaztu egiten zaigu fenomeno honek atzean uste baino itzal gehiago dituela. Arazoa ez da atzerrira joatea, arazoa gure herrira itzultzeko aukerarik ez izatea da. 

Eta hau da guk geuk dugun errealitate gazi-gozoa.

Noski, ezin ahaztu ekintzailetasunarena. Azken bolada honetan behin eta berriz entzuten dugun esaldia da gazteok ekintzaileak izan behar garela. Ekintzailetzaren eredu idiliko bat zabaldu da, baina errealitatea ez da saltzen diguten hori. Esango nuke proiektu propioek arrakasta izateko, bestelako balio batzuen gainean eraikiak izan behar dutela, hau da, izaera solidario eta kolektiboa izatea ezinbestekoa dela.

Ez dakit, langabe, ekintzaile, zubi azpian, atzerrian edota kapitalismo zurrunbiloan eroriko naizen, baina argi dut garai berriekin batera aire berriak datozela. Garai berriak datoz ezer ez delako betiko, eskerrak. Orain amaitu dut hezkuntza sistemak ezarritako ibilbidea, segurtasun eremua uzteak ematen duen bertigoarekin, baina bide berriak ezagutzeko irrikaz.

Eta orain zer?
#mendabala #kapitalismoa, gazteak, hezkuntza sistema, inozentzia, langabezia, prekarietatea
Maitane Subijana

Inoiz pentsatu izan dut ea barrena hustu ala ahoa itxi. Paradisuaren esklabu ote naizen, edo itzalen jarraitzaile.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude