Eta ni, noiz?

Eta ni, noiz?

Gaur, bideo bat ikusten nuela, txikitan edozertarako taldeak nola egiten ziren/genituen oroitu dut. Nola bi pertsona hautatzen ziren/genituen, eta nola bi pertsona hauek, txandaka, kide bati euren taldean sartzeko esaten zioten. Oroitu dut, nola beti onena hautatzen zuten lehenbizi; nola beti betikoek bukatzen genuen zain, txarrenen artean lehenengo hautatuko gintuztenaren ilusioarekin (horretantxe gelditzen baitzen, ilusioan). Eta nola txarren artean lehenengo hautatzen zintuztenean, izugarrizko poza sentitzen zenuen; onak txarrekin ere lantzean behin oroitzen zirelako-edo.

Eta ni, noiz?Gaur, haurtzaroko sufrimendu hura oroituz, pentsatzen jarri naiz ea haurra izatez ona ala txarra den; ona eta txarra kontzeptuen existentziaz duda egiten dudan bitartean. Eta noski, pentsatu dut horrelako jokaerak nondik datozen ere; haurrak berezko ote dituen edo ez.

Beste aho batzuetatik nire txikitako pasadizo hura oroitzen nuen bitartean, ohartu naiz nik bezalaxe, beste askok egon behar izan zutela txarrenen artean lehenengo hautatuko zituztenaren ilusioarekin. Ohartu naiz, oso posible dela gaur ere, haurrek taldeak berdin-berdin egiten jarraitzea. Posible dela, oraindik ere haur “txarrenak” txarrenen artean lehenengo hautatuko dituztenaren ilusioarekin egotea.

Gaur, haurtzaro zoriontsu hartan arrastoak uzten dizkidan horrekin gogoratu naizenean, ohartu naiz oso posible dela nire segurtasun eza ernetzen, garai hartan hastea. Oso posible dela garai hartan eta une zehatz hartan hautatua ez izatearen beldurrak, gaur egun, inork bere bizitzako parte izateko hautatuko ez nauenaren beldurra sortaraztea. Oso posible dela horrelako keinu sinple eta txikiak (umeen jolasak deituak maiz), pertsonen segurtasun eta autoestimuan izugarrizko eragina izatea. Oso posible den bezala, zerbaitetan ona ez izateagatik zu azkena aukeratzeak, ezertan ere ona ez zarela sinestaraztea.

Haurtzaroko pasadizo hura behin betirako apalategian uzteko asmoz, nire izateko moduan sekula ere berriz eragin ez dezan, omenaldi txikitxo bat egin nahi nieke txarrenen artean lehenengo hautatuko zituztenaren ilusioarekin bizi izan ziren guzti horiei. Omenaldi txiki bat, taldeak egiteko modu horrek, euren buruarekiko segurtasunean eragindako guzti horiei. Omenaldi txiki bat, horren eraginez, existitzen zen guztian txarrak zirela sinestu zuten guztiei.

Eta ni, noiz?

Sentipenak borborka, hitzak borborka. // Emakumearen kurbarik ederrena, bere irribarrea da. EGIN IRRI!