Determinatu ala indeterminatuak gaude?

Determinatu ala indeterminatuak gaude?

Determinatu ala indeterminatuak gaude?Nire aitonak orain dela sei urte elkarrizketa batean esan zidan moduan, mundu hau indar ezezagun baten menpe dago, batzuentzat jainko bat, besteentzat zoria edo patua, etab. Gauza da indar hau oso apetatsua dela eta hainbat egoera edo oztopo ezberdin jartzen dizkigula gure bidean eta gure ardura da erabakiak hartzea. Baina, niretzat benetako dilema dator, erabaki hauetan pentsatzen dugunean, benetan gai garen erabakiak hartzeko ala guztiz determinatuak gauden?

Hasteko, determinismoa gaur egun pentsaera zahartua dela esango nuke, eta honen adibide dira antzinan erlijio ezberdinek egiten zituzten inposaketak. Are gehiago, determinismoa aitzakia ezin hobea da fededunentzat, jainko baten menpe determinatuak baldin bagaude, gure bizitza zuzentzen duen jainko boteretsu hori miretsiko dugulako. Gure bizitza osoa hasieratik amaiera arte baldintzatuta dagoela pentsatzea oso pentsamendu inozente, erraza eta alferra da nire ustez. Beraientzat bizitza ibai moduko bat delako, non bakarrik itxaron behar duten ur lasterra haiek eraman arte. Beraientzat “ Carpe Diem” esaldiak ez du ezer esan nahi. Dudarik gabe ez dago lekurik determinismo teologikoarentzat XXI. mendean.

Beste alde batetik, indeterminismoak dioenez gu gizakiok aske gara erabakiak hartzeko eta gure bizitza edozein norabidetan eramateko. Pertsonalki, indeterminismoaren alde nagoela esan nahi dut eta teoria defendatzen duten hurrengo bi argudioak dira nire arrazoi nagusiak: lehenengo, gizakiok gara pentsamendu abstraktuak sentitu ahal ditugun bakarrak, adibidez askatasuna. Honi buruz hausnarketa sakona egin daiteke, animaliak nahiz eta askatasuna zer den ez jakin, (gaitasun kognitiboa ez dutelako) haiek dira benetako askatasunean bizitzen direnak eta gu gizakiok, askatasunaren esperientzia izanda, libreak garen ala ez galdetzen dugu. Gizaki orok du, nahiz eta askatasunean ez bizi, horren berri; hau da, askatasunaren kontzientzia du. Adibidez, lantegi klandestino bateko esklabo batek badaki ez dela librea baina badaki lantegitik ihes egiten badu libre izateko aukera izango duela. Bigarren argudioa: lege moralak askatasunean dute haien oinarria eta argi dago gizaki guztiok morala dugula. Askatasunak erabakiak hartzea ahalbidetzen digu, askatasun honetan guk erabakitzen dugu zer dagoen ondo eta zer ez.

Azkenik, esan beharra dut indeterminismoaren alde egon arren, nolabaiteko patuan edo determinismo kosmologikoan sinesten dudala. Azken adibide honekin erakutsi nahi dut askatasunari buruz sentitzen dudana. Demagun 24 urteko gizon bat lanetik atera ondoren metroan sartzen dela. Metroa beti bezala bete beteta dator, gizona sartzerakoan besaulki libre bakarrean esertzen da, eta bere alboan emakume eder bat dago. Patuak jarri du emakumea momentu horretan, eta ondoan aulki libre bakarra. Pentsa dezakegu momentu honetan zenbat posibilitate dauden; baliteke gizona emakumearekin hitz egiten hastea, elkar gustatzea, 6 urte barru ezkontzea eta geroago ume bat izatea. Baliteke gizonak ezer ez esatea, etxera joatea eta inoiz emakumea berriro ez ikustea; kasu honetan lehen aukerako bere bizitzako amodioa ezezagun bat bihurtzen da. Honela posibilitate infinituak daude, eta gustatzen zait pentsatzea patuak egoerak jartzen dizkigula guk erabakiak har ditzagun gure bizitzaren norabidea jarri eta bizitza eratzeko. Beraz, patuaren determinaziotik, gizakiok erabakiak hartzeko askatasuna dugula pentsatzen dut.

Determinatu ala indeterminatuak gaude? Determinatu ala indeterminatuak gaude?