Badator San Valentin eguna

Badator San Valentin eguna
Badator San Valentin eguna

Denok dakigun bezala, San Valentin eguna ailegatzear dago, hau da, bikoteen arteko maitasuna adierazteko eguna. Batek daki zein den egun honen jatorria. Baina denok dakigu otsailaren 14an, San Valentin eguna dela, Maiteminduen Eguna.

Egun hau iristean bikotekide batek bere kideari dion maitasuna jakinarazten dio. Esan daiteke bere neska edo mutil lagunarekin maitasuna ospatzeko aitzakia dela, beste zenbait data bezala. Berarekin zer edo zer berezi egiteko unea; modu erromantiko batean. Gau horretan afari erromantikoa egin eta lore sorta ederra oparitzeko ohitura dago, besteak beste. Makina bat aukera daude egun hori ospatzeko. Dirurik gastatu gabeko opariak ere egin litezke, irudimena askatu besterik ez da egin behar. Adibidez, elkarrekin egindako argazki batean mezu bat idatzi, gutun bat idatzi, kanta bat abestu, bideo bat egin edo margotzaile ona izanez gero koadro bat margotu liteke.

Hala ere, badago jendea egun hau kritikatzen duena dirua gastatzera bultzatzen duelako. Gaur egun kontsumoa sustatzen duen eguna bihurtu da. Hori dela eta, bikote batzuek ez ospatzea erabakitzen dute, maitasuna egunero erakutsi behar dela esanez eta ez soilik Maiteminduen Egunean.  Ez dut ukatuko arrazoia dutenik, dena den, gure egutegiko beste zenbait egunek ere kontsumitzera eramaten gaituzte, Gabonek, esate baterako.

Badator San Valentin eguna
Gorlizko kanoiak, ilunabarra

Ospatu edo ez ospatu norberaren erabakia da. Nahi duenak, gustoko duenak eta ilusioa egiten dionak ospa dezala nahi badu. Nik aitortu behar dut egun hau, maiteminduen eguna, ospatzea gustoko dudala. Nori ez zaio gustatzen sorpresak jasotzea? Noiz edo behin denoi gustatzen zaigu horrelakoak jasotzea, ilusioa egiten digu eta. Jarrera zurrunena dutenek ere, lausotu egiten dira beraiengan pentsatu dutela jakitean. Are gehiago, beste pertsonak maite gaituela sentitzea gustatzen zaigu.

Horrekin ez dut esan nahi maitasuna egun horretan soilik ikusiarazi behar denik, eguneroko kontua da. Harreman bat egunero zaindu behar da. Bikote-kidearekin egunerokotasunean ilusioa mantendu behar da, eta noizean behin detailetxoak izan, elkarrekin afaltzera joan, hitz politak esatea eta entzutea, azalaren kontaktuak zirrara egitea, berarekin egoteko beharra sentitzea, besteak beste.

Eta zuek zer uste duzue egun honetaz, San Valentin eguna ospatzearen aldekoak edo kontrakoak zarete?

Badator San Valentin eguna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude