Aske izateko garaia heldu da

Aske izateko garaia heldu da

Zure gorputzarekin txarto sentitzea baino ezer txarragorik ba al dago?

Jorge dut izena. Ez da erraza orain kontatuko dizuedan hau guztia, baina urteetan izan dudan beldurrari aurre egiteko unea heldu dela iruditzen zait. Badakit batzuk onartuko nauzuela eta nire alboan izango zaituztedala, baina aldi berean, beste askok nire albotik urrunduko zaretela badakit. Baina lasai, ez izutu, dagoeneko ohituta nago.

Aurrera jarraitu baino lehen, gauza bat eskatzea gustatuko litzaidake. Hemen betiko idatzita utziko dizkizudan hitz hauek irakurtzea erabakitzen baduzu, nire lekuan jartzea eskatuko nizuke, irakurtzen emango dituzun minutuak behintzat. Ez pentsa hemengo hau zure onarpena jasotzeko idazten dudanik, nire egoeran dauden beste gazteei laguntzeko baizik. Tira, orain bai, heldu da aurrera egiteko momentua.

Aske izateko garaia heldu daHiru urte nituenean konturatu nintzen nire gorputza ez zela denek ikusten zutena, ezta nik ikusten nuena ere. Paula deitu eta soinekoz janzten ninduten nire gurasoek, baina ni ez nintzen eurek espero zuten alaba hura.

Nire gorputzaren barruan preso sentitzen nintzen, ez nuen beste askatasunik behar nire askatasun propioa ez nuen bitartean. Hamar urte nituenean, amari kontatzeko beharra izan nuen, kalera irteteko gogoa zuten ehunka hitz nituen nire barnean, ulergaitz bilakatzen zirenak kanporatu nahi nituen bakoitzean. Horrek gero eta ahulago sentiarazten ninduen. Ezin nuen gehiago, mutil bat nintzela oihu egiteko beharra nuen. Txapela eta sudadera handien barruan ezkutatzen nintzen, zer egin jakin gabe. Nire adineko gazteak kalean zeuden bitartean, nik etxeko iluntasunean ezkutatzen  nintzen, eta behin gaua iristean, negar zotinka hasi eta orduak negarrez ematen nituen ispiluaren aurrean, gorroto nuen neure burua.

Aske izateko garaia heldu da

Amak nire egoera hamabi urte nituela ulertu zuen, gogorra izan zen biontzat, baina alde latzena gelditzen zitzaidan oraindik. Zuen iritzia, zuen hitz eta begirada maltzurrak. Egun batetik bestera mesfidantzaz begiratzen zenidaten kaletik, inoiz ikusi ez duzuen animalia arraro bat ikusten egongo bazinete bezala.

Hilabete gutxira nire egoeraren berri zuen herriak eta gutxi batzuk baino ez ziren nire alboan gelditu. 17 urte ditut orain, denek Jorge deitzea lortu dut eta dudan bizitzarekin bizitzera ohitu naiz dagoeneko. Ez dut 17 urteko mutil baten bizitza bera, hondartza eta festetara joaten  eta neskekin harremanetan egotea desiatzen duten mutilen bizitza. Hondartzara joan gabe bizitzera ohitu naiz, begirada arraroei aurre egiten ikasi dut, gustuko dudan neska baten ezetza onartzen ikasi dut, aldageletako barre eta irainei aurre egiten ere ikasi egiten da … baina beno, zoriontsua naizela esan dezaket.

Gainera, abuztuan bularretako ebakuntza egingo didate. Amaitu da ilunetan triste bizitzea, aske sentitzen hasia naiz, eta zuek aske izaten utzi behar nauzue. Ez naiz mamu bat, ez naiz deabrua, zuek bezalako gazte bat baino ez naiz.


Jorge hau fikziozko pertsona bat izan arren, antzeko egoera bat bizi izan duen lagun baten egoera islatzea izan dut helburu, berak erakutsi baitit bizitza beste ikuspuntu batetik begiratzen. Guztiok desberdinak garela onartu beharra dugu, eta desberdintasun horrek egiten gaituela berezi. Gizarteak talde desberdinetan sailkatzen gaitu eta askotan sailkapen horiek pertsona askoren askatasuna mugatu egiten dute. Beraz, Jorgeren egoera berean dauden ehunka gazteren izenean argi utzi nahi dut gorputz okerra duen ehuneko txiki bat ere ez dagoela, begirada okerra duen portzentaje handi bat baizik. 

Aske izateko garaia heldu da / Aske izateko garaia heldu da
sexua, transgeneroa

5 pentsamendu “Aske izateko garaia heldu da”-ri buruz

  • Marian Ruiz 2016-06-22 20:50

    Oso ondo iruditzen zait, eta SS.SS izan beharko lirateke.

  • Nik alaba txikia dut. Egia esan, aitortu beharra dut ez litzaidakeela gustatuko alabak mutil bihurtu nahi izatea. Artikulu hau irakurri ahala, horretan pentsatzen ibili naiz.

    Baina hala balitz, zer egin? Tira, arazo horri ezikusiaren egitea edo umeak egin nahi duen sexu-aldaketari muzin egitea eta egoera ukatzea, okerrago litzateke. Guraso zein seme-alabaren ongizatea eta elkarbizitza horren gainetik legoke, zalantza barik.

    Primeran Naiara, artikulu interesgarria egin duzu eta hausnarketarako bidea urratu duzu. Bejondeizula!

  • “gorputz okerra duen ehuneko txiki bat ere ez dagoela, begirada okerra duen portzentaje handi bat baizik.”

    Gezur hutsa. Guztiok egiten dugu gizon-emakume banaketa geure buruan, pentsatu gabe. Ezaugarri fisikoek ematen digute informazioa banaketa hori egiteko.

    • Calig – Penlorasly, I would dress it in the morning (if you are using kale). I like how the dressing makes the kale softer after it soaks for a while. I would use something light, like rice vinegar, for a dressing… or a sweet balsamic maybe.

  • Nairara, zuk idatzi duzuna interesgarria baina interesgarriagoa iruditzen zait . Bat nator zurekin esaten duzunarekin: denok desberdinak garela eta desberdintasun horrek egiten gaituela berezi. Gizarteak onartu behar du pertsona bakoitza nahiz eta pertsona hori “bitxia” izan. Egia da, zuk esaten duzunez, sailkapenak egitera joera ohiko da gizartean. Izan ere, pertsona desberdinari arraro deitzen zaio eta modu kontziente edo inkontziente batean pertsona bitxi horri uko egiteko joera dago.Tamalez, joera horrek eragin gogorra eta gupidagabea du pertsona horrengan eta hori ez da bidezkoa zeren eta baldintzaten baitu bizitza.

    Sentikorragoak izan behar dugu!. Denok daukagu gure ingurunean norbaitek izugarri nozitzen duela desberdina izateagatik!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude