Ziurtatuta al dago euskarazko gutxiengo maila hezkuntzan?

Ziurtatuta al dago euskarazko gutxiengo maila hezkuntzan? Zur eta lur geratu naiz EAEko gazteen hezkuntza mailari buruzko txostenaren berri izatean.  Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 2. mailako ikasleei aldiro egiten dizkien probak dituzte oinarri emaitzek, eta han jasotakoaren arabera, ia ikasgai guztietan egin dute emaitzek okerrera. Euskarazko alorrak, gainera, inoizko emaitzarik okerrenak lortu ditu.

Hezkuntza sisteman euskara guztiz txertatua zegoela pentsatzen nuen, hau da, euskaraz hitz egiteko gai zirela egungo gazte guztiak; nahiz eta, praktikan ez hala izan. Baina azterketa honen arabera, badirudi, 10 urte duten ikasleen %36a ez dela euskarazko gutxiengo mailara heltzen, eta 14 urtekoen artean %46a dago egoera horretan.

Ziurtatuta al dago euskarazko gutxiengo maila hezkuntzan?

Dena den, badirudi ez dela euskararen arazoa soilik, EAEn nahitaez ikasi behar ditugun gainerako bi hizkuntzetan ere –ingelesa eta gaztelania– emaitzek okerrera egin dute, matematikekin batera.

Eusko Jaurlaritzatik, nolabait, garrantzia kendu diote emaitza baxuei; aldaketa ez dela hainbesterako izan eta emaitzak egonkorrak direla azalduz. Baina kezka agertu dute D ereduko ikasleen artean egon den beherakada dela-eta. Izan ere, dirudienez, D ereduan matrikulatua egoteak ez du euskarazko maila ona ziurtatzen (hala adierazten dute, D ereduan matrikulatuta egon arren etxean gaztelaniaz hitz egiten dutenen emaitzek); arazoren bat egon daiteke, beraz, didaktikan, edukietan, edo metodologian bertan.

Kontuak kontu, emaitza hauen arabera oraindik Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako gazteetako askok ez dute euskarazko gutxiengo jakintzarik.

 

10 pentsamendu “Ziurtatuta al dago euskarazko gutxiengo maila hezkuntzan?”-ri buruz

  • Jakina bermatuta ez dagoela, hori ondo dakigu eremu ez euskaldunean bizi garenok, askotan esan dut hizkuntzak gaizki irakasten direla eta askoz gehiago ikasten dela 5 urtetan euskaltegi batean 16-18 urtetan ikastolan baino, gauza bera ingelesarekin, askoz gehiago ikasten da akademia batean.

  • Ederra egin dugu! Datuek diote euskara hutsez ikasita ere (ingelesa eta gaztelania kenduta), umeek ez dutela euskara maila nahikoa lortzen; eta, gizarte zeharo erdaldundu batean eskola bera bakarrik euskalduntzeko gai ez dela ondorioztatu ordez, joan eta eskolan euskara ikasteko metodo eta edukiei errua bota. Hau da hau! Ez, noski, ez da Hizkuntza Politika sendo eta global baten falta; ez, noski, ez da gizarte osoa eradaraz bizitzera derrigortuta dagoela (euskaraz bizitzea aukerakoa den bitartean); ez, ez da… Errua irakasleei eta testu liburuei! Eta horrela arazoa konponduta!

  • Hasteko , gaur iada D eredua ez da esistitzen.
    Inmigranteak española (erdara euskera ez den edozein hizkuntza da, horregatik diot española) jakitea nahitaezkoa da, beraz ikastoletan española irakasten zaie, eta inguruko umeei ere. Nire lengusinak beti euskeraz egin du etxean eta kalean, ikastolara hasi eta gaur etxean ere españolez egiten du, ikastola (D ereduan gainera) bihurtu da gure haurrak españolizatzeko herramienta hoberena. Politikariek beste prioridade batzuk dituzte, esfortzu guztiak beste gauzetan jartzen dituzte eta euskarari buruz solik datuak edo txostenen bat irtetean hitzegiten dute. Egia esan inmigrazioa ona edo txarra izan daiteke kantidadearen arabera, eta guru iristen ari zaigun olatu honek ondorio ez oso onak edukiko ditu gure herriarentzat, baina norbait oso interesatuta dago goi politikan.

    • Ikastola hasi ta gazteleraz? Ze telebista ikusten du zure lengusinak? Etxetik kanpo ze lagun motarekin biltzen da? Ze lagun motarekin bilduko zan nahiz ta ikastolara ez joan?
      Gurasoekin dagoenean ta hauek lagunekin elkartzerakoan, ze hizkuntzan egiten dute? Ta gurasoekin medikura doanean? Edo beste zerbait egitera doanean inoiz ikusten al ditu gurasoak hizkuntzaz aldatzen?
      Zergatik Katalandarren gehiengoak katalana daki? Han hemen bezain beste espainiar daude ta beste estatu etorkin mordo, hemen baino askoz gehiago.
      Umeak haunditzen diranean, euskaraz aritzeko esparru asko txikitzen zaizkie, ta ez da etorkinen erruagatik, itxiera hori hemen jaiotako erdaldun elebakarrengatik da batik bat.

  • Peru Dulantz 2016-03-17 10:29

    Eragile asko izango dira euskara haur eta nerabeen artean izaten ari den gainbeheran, baina nire ustez nagusietako bat TDTaren etorrerarekin abian jarritako haurrentzako kanal berriak izan dira. Duela 10-12 urtera arte haur gehienek telebista euskaraz ikusten zuten, baina orain, Boing, Clan, Disney eta gainerakoekin erdarara nagusitu da egunero-egunero haur gehienek telebistaren aurrean igarotzen dituzten ordu horietan, eta horrek sekulako eragina dauka.

  • Iruñean 15 urtez jardun nuen euskaraz (ikasten) eta EHUra iritsi nintzen euskaraz komunikatzen jakin gabe. Aitortzea zaila bada ere, harrigarria zen niretzat nonbait irakasle-begiralerik inguruan egon gabe gazteak, batzuk baziren ere, euskaraz aritzea. Ez dut ezer deitoratzeko asmorik, baina hori da askoon egia.

    Hezkuntza tipologian oinik sartu gabe, uste dut horren guztiaren gainetik kontutan hartu behar dugula aldatu dela hizkuntzarekin dugun harremana. Egun testuak, testu idatziak, ez dira informazioa igortzeko bide nagusia, edo behintzat sumatzen dut garrantzia galtzen ari direla audiobisualen faboretan, besterik gabe horiek ekonomikoagoak direlako eskakizun intelektualetan. Ondorioz, interpreta liteke ikasleen komunikazio ohiturak eta ikasmaterialen arteko tartea urtez urte handitzen ari dela, eta, horrekin batera, eskolan garatzen den hizkuntza gaitasuna (garatzen baitugu kode eraginkor bat, zalantzarik gabe) ez dela hain erraz igarotzen ikasleen bizimodura. Hori, berriz ere, ez dut uste deitoragarria denik. Kontua da zer espero dugun D ereduaz, edo eskolaz oro har: ikasleek eskolan informazio-elkartrukerako kode bat garatzen duten bitartean, komunikazio eta premia pertsonaletan behar duten hizkuntza gaitasuna ‘neurtzen’ diegu?

    Normalizazioaren gezi-puntetako bat da beharbada ulertzea euskara hizkuntza arrunt bat dela gure giza gogoetan, eta ez dela zapaltzen dugun lurrari darion urrin bat.

  • Panfleto Ofiziala 2016-03-18 10:27

    Inmigrazioak ez du zerikusirik.
    Inmigrazioak ez du zerikusirik.
    Inmigrazioak ez du zerikusirik.
    Inmigrazioak ez du zerikusirik.
    Inmigrazioak ez du zerikusirik.

    Euskara klaseetan ez ditugu honelakoak entzuten:

    A LA CHICA YO LE DOY POR EL SUYO EN MI CAMA YO LA METO!
    POR EL CENTRO YO LA AGARRO Y LA SOMETO!

    Feminismoa, Sozialismoa, Yoga, Gestalt Terapia, Milenarismoa eta Independentzia!

  • Peru Dulantzekin bat nator, telebista eragin izugarria izaten ari du, B ereduan ikasitako askok txikiak ziranean marrazki ta serie mordo euskaraz ikusten zituzten, ta gaur egun hitzegiterakoan, nahiz ta agian maila galdu ez dutelako horrela jarraitu haundiak diranean, D ereduan gaur egun ikasten dutenak baino hobeto.

    Bestade umeak eskolatik ateratzen diranean, gurasoekin gazteleraz egin behar dute, litxarreri batzuk erostera joaten badira, askotan gazteleraz egin beharko dute, kirola egiterakoan gazteleraz egin behar dute askok…

    Ta gaur egun hezkuntzan dena beruntz badihoa, egiten ari diren murrizketengatik da baita ere, diru gutxiago, ikasle gehiago klaseetan, umeak laguntzeko irakasle gutxiago…

    Hori bai, D eredua ez diran eredu guztiak ezabatu beharko ziran, ezin da onartu jendea gazteleraz ikasi dezan, bai gaztelera ikas dezaten, baina ez gazteleraz, hori ezin da eskubidea izan.
    Derrigortasuna euskarak izan beharko zun.

  • Ni txikia nintzenean telebista GUZTIA zen erdaraz (telebistan euskara hasi zenerako ondo nerabea nintzen). Eta gure aisiako erreferente nagusiak erdarazkoak ziren orduan ere.
    Baina, hala ere, gaur baino erlazio euskaldunagoa genuen Donostian ikastolako lagunartean. Gaur umeak erdalduntzen direna baino beranduago “erdaldundu” ginen.
    Azken batean, ikaskideen familien jatorri eta egoera soziolinguistikoa bestelakoa zelako, gaur ez bezalakoa.

    D ereduak ekarri ditu gauza onak, baina gauza oso txarrak ere bai: mota guztietako familien umeak daude bertan dira, eta, tamalez, euskara piperrik ere inporta ez zaien familiak dira gehienak. “Euskeras” ikasten dute, bai, baina matematika eta “ingurúne” ikasten dituzten bezala. Euskara hizkuntza “normala” izan daitekeenik burutik ere pasatzen ez zaien ume gehiegi dabil hor.

    Eta, egoera horretan, ia ezinezkoa da euskarazko lagunarte bat aurkitzea. Gazteak bere izaeraren kontzientzia hartzen duenean etorri ohi da berriro euskararekiko atxikimendua. Baina, ume eta nerabe adinerako, ni behintzat oso ezkorra naiz. Gerra galdutzat hartzen dut.

    • Peru Dulantz 2016-03-21 15:10

      Hala ere, ez duzu ukatuko telebistaren eragina ikaragarria izan dela eta dela euskarak izan duen bilakaeran. Bestela, ados esan duzun guztiarekin, bukaerara arte. Gerra daldutzat eman? Ezta pentsatu ere! Badago zer egin, eta pilak jarri behar ditugu euskararen aldeko eragile gutziok. Erdaldundutako horietako asko euskarara bueltatzen dira heldutasun-aroan, baina inoiz euskaraz egin badute izango da hori, bestela nora bueltaturik gabe egongo dira-eta. Eta horixe gertatzen ari da gaur eta hemen, hasi ere ez direla egiten D ereduko haur asko eta asko, eta hori bai ezin dela onartu. Helburua argi dugu, estrategia erabaki eta ekin egin behar diogu, horra lanaren gaitza!