Zirrikitu batetik

Batzuetan, zailtasunak, oztopoak eta arazoak izan arren, izatearen bizipoza sartzen zaizu zirrikitu batetik. Ez zenuen espero, eta, gainera, errealitateak esaten dizu ez daukazula ospatzeko arrazoi askorik. Are gehiago, ingurukoek ere hori bera esaten dizute: «Baina… enteratu zara nola gauden?» Eta zuk, baietz, badakizula, ez zarela inozoa, nahiz eta, une batean, zuk zeuk ere zalantzan jarri.

Irratia pizten duzu, eta bizi dugun une larriaren erretratu gordina egiten dizu. Egunkaria zabaltzen duzu eta —zure ziztadaren beharra dagoela irakurtzean— jasotzen duzu eskaerak dakarren premia. Etxeko kulturari ematen —eta murrizten— zaiona ikusten duzunean, aurrera egiteko ezina puri-purian azaltzen zaizu. Gogoratzen dituzu betidanik eta azken garaian gure hizkuntzak jaso dituen erasoak, hartu diren neurri desegokiak, garrantzitsuenari egiten zaion jaramon eskasa, gaztetxoen gogo falta, helduen motibaziorik eza, herritar askoren uzkurdura… eta konturatzen zara ez daukazula ospatzeko arrazoi askorik.

Baina badakizu, honaino ailegatzeko, ezinezkoak ziruditen urrats asko eman direla. Gogoan duzu zure aurrekoek —beti baliabide gutxirekin— egin dutena. Zigorra ere tarteko, urratutako bidea. Eta haiek egindakoari esker egin duzula zure beren nahia. Eta zenbaitek inozotzat hartuko zaituztela jakinda ere, izatearen poza sartu zaizu zirrikitu batetik, eta «Gora gu ta gutarrak» esan duzu kopa altxatuz. Eta ez da autoatseginkeria-krisi bat izan. Ezta besteak baztertzeko edo gutxiesteko ekintza ere. Ez horrelakorik. Defentsen ahulaldi bat izan da. Errealitatearen gordinari muzin eginez, ezkortasunean erortzeko arrazoiei indarra kendu dien bat-bateko poza.

Gu izaten jarraitzeko asmo irmoarekin. Garena eta daukaguna eta izan nahi duguna erabakitzeko eta jorratzeko asmo irmoarekin. Euskaldun izaten jarraitzeko asmo irmoarekin… Gora!

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

Zer duzu buruan “Zirrikitu batetik”-ri buruz

  • Josune Igoa 2011-12-16 13:29

    Mila esker, Arantza.
    Mila esker aurrean ditugun erronkei begiak itxi gabe beti penetan ibili ordez egin dugunaren poza erakutsi didazulako.
    Mila esker eta BIBA ZU!!!