Osakidetzan lehentasunezko hizkuntza euskara izan dadin

Osakidetzan lehentasunezko hizkuntza euskara izan dadin kanpaina abian da. Osakidetzak, Debagoieneko Udalek eta Debagune euskara elkarteak bultzatu dute “Nik euskaraz nahi dut” izeneko kanpaina.

Kanpainaren helburua hauxe da: herritarrak animatzea euskara eskatu dezaten beraien lehentasunezko hizkuntza izan dadin Osakidetzan. Izan ere, Osakidetzak aukera ematen digu herritarroi gure lehentasunezko hizkuntza aukeratzeko.

Osakidetzak paziente guztien fitxa dauka, eta bertan jasotzen da, besteak beste, zein hizkuntzatan gura duzun arreta jaso. Euskara zure lehentasunezko hizkuntza izatea aukeratzen baduzu, artatuko zaituzten profesionalek zure izenaren ondoan  ikurra ikusiko dute, Osakidetzako langile eta zerbitzu euskaldunak identifikatzen dituena hain zuzen ere. Horrela, paziente euskaldunak identifikatzen laguntzen du. Eta horrela, aukera dagoen guztietan arreta euskaraz eskainiko dizu Osakidetzak.

Nola egin daiteke eskaera?

Hiru modu daude:

  • Zure osasun zentroko harrerara hurreratu, eta euskara lehentasunezko hizkuntza izatea nahi duzula esan bertan.
  • Zure familia-medikuari edo erizainari adierazi kontsultara zoazenean.
  • Zure Osasun Karpetan sartuta ere egin dezakegu, Internet bidez.

Osakidetzak konpromisoa hartzen du lehentasunezko hizkuntzatzat euskara aukeratu duten paziente guztiei profesional euskalduna esleitzeko, ahal den neurrian.

Kanpaina hau Arteman Komunikazio taldeak garatu du eta erabili diren euskarriak diseinatu ditu. Horrez gain, herritarren testigantzak jasotzen dituen bideoa ere ekoiztu du.

Osakidetzan lehentasunezko hizkuntza euskara izan dadin

Zer duzu buruan “Osakidetzan lehentasunezko hizkuntza euskara izan dadin”-ri buruz

  • Zer erran nahi du osakidetzak diona? Ahal den neurrian? Ahal den neurrian profesional erdaldunak kontratatzen dituzten bitartean?
    Edo ahal den neurrian euskara eskatuz?
    Gauz arras ezberdinak dira.
    Niretzako ahal den neurrian, jartzen duten aitzakia dela erdaldunak direlako gehienak, ta horrela jarraituta, erdaldunak izango dira hemendik 20 urtera, beraz ahal den neurrian erran nahi du zorte ona baduzu.