Osakidetzan euskaraz

Osakidetzan euskaraz

“(…) No quiero que nadie en la Administración piense que prefiero una de las dos [lenguas oficiales], que me coarten a utilizar una de las dos, cuando puedo usar las dos a mi arbitrio, cuando me venga en gana y si me viene en gana”.

Joseba ARREGI. “No me registren, por favor”. EL CORREO 2013/11/11

Gizona, bere Osakidetzako bolantearekin, anbulatoriora. Letrero elebiduna aurkitu du: Neumología / Pneumologia. Hortxe. Goizeko 10:10ak. Garaiz ailegatu da 10:20etan zeukan hitzordua. 50 min. beranduago bere izena entzun du. Erizainak inkesta bat eta argibide batzuk eman dizkio. Gehiago itxaroteko. Inkesta paper birziklatuan. Fotokopia baten fotokopiaren fotokopia. Jatorrizko bertsioa idatzi zuena dagoeneko aspaldian erretiratua egongo dela pentsatu du gizonak. Galdera errazak. ¿Cuando Vd. está sentado…? ¿Se encuentra Vd. a menudo cansado…? 0tik 4ra, zenbakitxo batzuk idatzi behar, besterik ez. Eta itxaron. Ea noiz deituko.

Aspertuta gizonak bere aurrean daukan paperari erreparatu dio. Hurrengorako tablet bat, liburu bat edo gutxienez egunkari bat eraman beharko duela agindu dio bere buruari. Aurrean daukan inkesta adibide polita litzateke genero kontuetako erredakzioa hobetzeko pentsatu du. Edizioa erraz hobe liteke genero ikuspegitik: ¿Vd. se cansa…? ¿Cuando Vd. se sienta…? Gizonak gogoratu du berdintasun kontuak lantzeko administrazioak egiten dituen ahaleginak.

Bestalde testua gaztelania hutsean dago. Gizonak, aukeran, euskara nahiago, baina tira, inork ez dio galdetu…

Beste hamar minutu itxaroten.

Gizonak pentsatu du kontu horiekin bera bezalako lau txoro besterik ez direla kezkatuko. Anbulatorioko hormetan letrero batek, hobetzen laguntzeko, iradokizunen kutxatila erabiltzeko esaten du. Goiz erdia anbulatorioan eta aparteko bost minutu hartu beharko inkesta baten testu-iruzkina, testu-kritika egiteko? Bai zera! Pentsatu du gizonak. Handik bi hilabetetara gutun adeitsu bat jasotzeko, besterik ez. Bai zera!

Baina aspertuta, gizonak inkestan bertan bi ohar idatzi ditu. Aspaldi honetan idazlan gehiegi zuzentzen ibili da eta ia-ia nahi gabe atera zaio. Inkesta modu traketsean idatzita dagoela esan zezakeen baina emakumezkoak eta euskaldunak ikustezin geratu direla besterik ez du idatzi. Inkestan bertan.

Azkenik, medikuarenganaino iritsi da. Medikuak bere inkesta eskuetan. Irribartsu gizonari zera galdetu dio: –Irakurri duk atzoko El Correon Joseba Arregiren artikulua? –Gizonak ezetz. –Ba, irakurri bada. Zer pentsa emango dizu.– Gizonak “ea ikasten duzun” ulertu du.

Gizona joan da etxera eta irakurri egin du Arregi jaunaren artikulua. Gauza batzuekin ados. Goiko esaldiarekin esate baterako.

Osakidetzan euskaraz

6 pentsamendu “Osakidetzan euskaraz”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2013-11-12 13:39

    Administrazio batzuek bezeroei aukera ematen diete harremanak euskara hutsean izan nahi dituztela adierazteko. Horren kontra ere izan behar duzue zeozer? Nahi ez duenak ez dezala aukera hori baliatu, eta kitto. Inor ez da behartzen ezertara. Zer dela-eta horren kontra azaldu? Ezin dut ulerto, euskararen aurkako etsaigotik ez bada.

  • Joseba Arregiren artikulua nazkagarria da. Ezin izan dut amaitu. Erdalzale batek bakarrik idatzi dezake horrelakorik. Oso jakinekoa baita Osakidetzan burdin goriz markatuta gaudela esanez kudeaketa zein hizkuntzetan egin behar dugun. Administrazio ia osoa hasi eta buka (oraingoz behintzat) espainolez. Berak ere badaki, goiko esaldian adierazten duen askatasuna ez dela existitzen.

    Demagogia hutsa iruditzen zait, jakinik hizkuntza “hautua” (lehentasuna) edozein lekutan edozein momentutan zehazten dugularik. Esate baterako, begiratu dezala bakoitzak zein hizkuntzetan duen instalatuta momentu honetan erabiltzen duen ordenagailuko softwarea. Ez baita berdina choose your lenguage: “English”, “Spanish”, “Basque”.

    Jakinekoa da tipo honek gazteleraz egiten eta egin nahi duela medikuarenean. Punto. Zer axola digu ba, dokumentuak zein hizkuntzatan jaso nahi ditugun esateak? Gure aurrekoa estuasun batean jartzen dugula? Aizu, bere arazoa da… niri pena baino haserrea gehiago eragiten dit. Edo jarri ditzatela udaletxean bezala euskara hutsean! Ikusiko dugu zeinen azkar izena emango duten dokumentuak españolez jaso nahi dituztela esanez.

  • Artikulu hori El correo ESPAÑOLen dagoela kontutan izanda ez nau asko harritu edukiak. Baina, agian gauzak garbiago uzteko edo… edukiaren karga ideologikoa webgune honetan hobe ulertzen da: http://www.upyd.es/contenidos/noticias/117/105799-NomeregistrenporfavorJosebaArregi

  • Arregi jauna, euskaldun asimilatu, esaneko eta salduetan markak hautsi eta hautsi, ohi bezala. Protagonismo bila seguruenik. Hala ere, hor ageri duen filosofia ustela “benetako” abertzale askori entzun izan diot, tamalez.
    Alabaina, Gorkaazk, benetan ari zara haserako esaldiarekin bat zatozela esatean?
    Benetan uste duzu euskara nahiz gaztelania, bietatik edozein erabili dezakegula noiznahi, nonahi, gogoak eman ahala? Non bizi zara Gorkaazk? Bizi zareneko Euskal Arkadia horretara joan nahi dut nik ere…

  • No quiero que nadie en la Administración piense que prefiero una de las dos [lenguas oficiales], que me coarten a utilizar una de las dos”.

    Ni bizi naizen (H)Arkadian ez da gertatzen niknahi dudana. Osakidetzan, esate baterako, atzo, esate baterako, gaztelaniaz egin behar izan nuen. Ezinbestean. Aurrean elebakarrak nituen. Inkesta ziztrin bat betearazi eta hori ere gaztelania hutsean. Euskaldunoi eta emakumeei, inkesta horretan, ezikusiarena egiten ziguten… Ohiko kontuak ni bizi naizen (H)Arkadian…

    Medikuak inkestan bertan nire kexa txikitxoa, herabea, ikusita ea Joseba Arregiren artikulua irakurrita nuen galdetu zidan eta irakurtzeko esan zidan… Ohiko kontuak ni bizi naizen (H)Arkadian…

    “No quiero que me coarten”, hori euskaldunok guretzat nahiko genuke. Euskaldunok, jakina, gure eskubideak mugatuak baino, ukatuak ikusten ditugu askotan.

  • Ados. Gaizki ulertu dut beraz.
    Dena dela, mediku prepotente horren jarrera salatzera animatzen ez? Gure isiltasunaz baliatzen dira…