[Nor zen?] Nemesio Etxaniz

Nemesio Etxaniz

Nemesio EtxanizNemesio Agapito Etxaniz Aranbarri Azkoitian (Gipuzkoa) jaio zen 1899an, eta Donostian zendu 1982an. Euskaraz adierazten zen idazlea eta apaiz katolikoa izan zen.

36ko gerra piztu aurreko olerkaririk nabarmenenetako bat zen Nemesio Etxaniz azkoitiarra. Lekaroz eta Comillasko apaiztegietan ikasi eta bertan Orixe ezagutu zuen. Apaiztu zenean Bergarara aldatu zuten.

Gerra garaian atxilotu eta Burgosera eraman zuten. Aske utzi zutenean, Deba, Zumaia eta Azkoitian apaiz-lanetan ibili bitartean, gerra aurreko literatur giroa berpizten saiatu zen. Olerkari ausarta izan zen eta euskal olerkigintza berritu nahi izan zuen gaiaren eta formaren aldetik. “Lur berri billa” olerki-bilduma argitaratu zuen 1967an eta antzerkiak (“Izeko aberatsa!”, “Irulearen negarra”,) eta itzulpenak ere ondu zituen Erratzu, Artiztar Xabier eta Amillaitz ezizenak erabiliz.

1951. urtean, Nemesio Etxanizek Kanta-kantari izeneko kantutegia argitaratu zuen. Hitzaurrean, ederki islatu zuen garai hartako euskal musikaren egoera zein zen. Abesbatzetan kantatzeko doinuak, otxoteen musika eta herri kantu tradizionalak kenduta, basamortua zen euskal abestigintza. Inguruko herrietan nagusitzen ari ziren doinu eta erritmo berriek ez zuten islarik gurean, erdarazko eredu inportatuetan ez bazen.

Nemesio Etxaniz
Ezkerretik eskubira: Migel Angel Astiz, Nemesio Etxaniz, Jean Ithurriague, Jose Antonio Loidi eta Pierre Lafitte

Kezka horrek akuilatuta, kantagintza berritzeko beharra aldarrikatu zuen Etxanizek. Hura hasi zen zenbait tango, runba, pasodoble eta modako beste doinu batzuk moldatzen eta euskaratzen. Haren ekarpenak segida izan zuen; izan ere, handik gutxira dantza talde batzuk -Azkoitiko Kontrapuntoak eta Bilboko Soroak, besteak beste- hasi ziren kantu zaharrak modu berrian ematen. Eta horien atzetik etorri ziren besteak, egoera irauli zutenak. Tunelaren ilunean argia ikusten hasi zen. Nemesio Etxanizi zor zaio Euskal Kantagintza Berriaren aitatasuna (espirituala, bederen).

Hizkuntza Politikarako Sailordetzak Etxanizen bizitzaren inguruko 20 orrialdeko lan bat eskegi zuen sarean bere garaian.

Lanak

  • Nemesio EtxanizNarrazioa: Arraldea. Ipui zarra (1923, Iñaki Deunaren irarkola)
  • Nobela: Izotz kandelak (1992, Elkar)
  • PoesiaXX. mendeko poesia kaierak – Nemesio Etxaniz (2001, Susa): Koldo Izagirreren edizioa
  • Antologia: Lur berri bila (1967, Izarra) eta Lan hautatuak (2000, Hiria)
  • Antzerkia
    • Izeko aberatsa (1952) zartzuela.
    • Irulearen negarra (1952) tragedia.
    • Euskal antzerkiak kontu-kontari (1958). Lau antzezlan txiki biltzen ditu: Gabak zekarren eguna, Maite ere neurriz, Zotzean bizia eta Gabon zauria.
  • Kantuak: Kanta-kantari (1951, Ordorika)
  • ErlijioaItziar (1949, Itxaropena)
  • Gramatika: Nola idatzi euskeraz? (1950, Itxaropena)
Nemesio Etxaniz