Nafarroa Oinezek antolaturiko pilota jaialdia Irunberrin

Nafarroa Oinezek antolaturiko pilota jaialdia Irunberrin –

Nafarroa Oinez 2024ren ekitaldien baitan Zangozako Ikastolak antolaturiko pilota jaialdia ospatu zen Irunberriko pilotalekuan

Nafarroa Oinezek antolaturiko pilota jaialdia Irunberrin Pasa den igandean, irailaren 22an, Zangozako Ikastolak urte osoan zehar antolatutako ekitaldien barnean kokaturiko pilota jaialdia ospatu zen Irunberriko frontoian. Alde batetik, kirol hau sustatu eta balioan jartzeko asmoz, eta bestetik, bi herrietako pilotariak zein zaleak batzeko helburuarekin prestatutako jaialdia oso arrakastatsua izan zen eta giro ona nagusitu zen arratsalde osoan zehar.

Maila ezberdinetako lau partida jokatu zituzten pilotari gazteek. Jaialdiari hasiera emateko, benjaminen mailan, Zangozako pilota eskolako Xabier Perez eta Asier Itoiz aritu ziren Irunberriko eskolako Enai Labairu eta Iker Zamoraren aurka. Irunberriko bikoteak irabazi zuen 18-9. Bigarren partidan, haur-kategorian, Zangozako Sergio Lozano eta Imanol Lobera pilotariak Irunberriko Ibai eta Ander Garcia anaien aurka aritu ziren. Honetan Garcia anaiak izan ziren irabazle 18-14 emaitzarekin. Bi partida hauetan senideek eta lagunek etengabeko animoak eskaini zizkieten Zangozako Ikastolako eta Arangoiti Ikastolako ikasleak diren pilotari gazteei. 2. mailako afizionatuei dagokienez, Rebolé (Zangoza) eta Murillo (Ultzama) Oberenako pilota eskolako Lakabe eta Prim pilotarien aurka aritu ziren. Rebolé-Murillo bikoteak 18-14 irabazi zuen.

Jaialdiak luxuzko itxiera izan zuen 1. mailako afizionatuen mailan Irurtzungo pilota eskolatik etorritako lau pilotariekin. Honetan, Lazkoz-Murgiondo (gorriz), Salcedo-Arbizuren (urdinez) aurka aritu ziren. Partida ederra eskaini zuten pilotariek eta urdinek 22-18 emaitzarekin lortu zuten garaipena.

Nafarroa Oinezeko antolatzaileek ekitaldiaren harrera ona, Oinezeko ekintzak eskualdeko herrietan antolatzearen garrantzia eta, batez ere, eskualdeko pilota eskolek halako jaialdi bat antolatu ahal izateko egindako ahalegin desinteresatua nabarmendu nahi izan zuten.

Bestalde, Irunberriko denda ezberdinek oparituriko janarien zozketa egin zen pilotalekuan. Zenbaki sariduna 3712 izan zen.

Nafarroa Oinezek antolaturiko pilota jaialdia Irunberrin

Nafarroa Garaiko ikastolen jaia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude