Nadia, Euskal Herrian bizi eta euskara ikasten dabilen bulgariarra

Nadia, euskara ikasten dabilen bulgariarra –

Euskarak ez du mugarik, gero eta jende gehiagok hain bitxia den hizkuntza hau ikasteko hautua egiten du, eta Nadia pertsona horien adibide da.Nadia, Euskal Herrian bizi eta euskara ikasten dabilen bulgariarra

Gure lagun bulgariarrak hispaniako filologia du lanbide gisa, eta bere senarrarekin, bulgariarra bera ere, eta bere bi seme-alabekin bizi da Euskal Herrian (Mutrikun). Izan ere, bikotea hona etorri eta gero euskara ikastea erabaki zuen; hori dela eta gaur familia euskaldun honen egoera eta pentsaera ezagutzeko parada izango dugu.

“Orain arte, idazle, itzultzaile, kazetari eta irakasle gisa aritu izan naiz. Orain, denbora atera dudala, euskara ikastea erabaki dut. Aspaldi hasi nintzen ikasten, baina denbora falta zela eta, askotan utzi behar izan dut. Orain dela 20 urte baino gehiagotik izan da nire erronka nagusietako bat seme alabekin euskaraz mintzatu ahal izatea. Errekurtso ezak, askotan erronka hau ez betetzera eraman nau, baina orain gogoz heldu diot euskara ikasteari, izan ere, asko gustatzen zaidan hizkuntza bat da eta gainera nire seme-alabek beti izan dute nirekin euskaraz aritzeko gogoa. Nire lanbideari dagokionez, filologia hispanikoan doktoratua naiz eta euskara ikastea lagungarri izango zait horretan jarduteko.”

 

· Nadia, noiztik hasi zara eta zerk bultzatu zintuen euskara ikastera?

Zoritxarrez, aitortu beharra daukat saiakera asko egin ditudala euskara ikasten hasteko, baina lehenago aipatu dudan bezala, faktore ezberdinak medio, ezin izan dut jarraitasunez euskara ikasi.

Euskal Herrira etorri nintzenetik dut euskara ikasteko behar eta gogoa, izan ere, kultura ezagutu ahal izateko eta bertakoekin komunikatzeko, ezinbestekoa iruditzen zait bertako hizkuntza menderatzea. Edonora joan ezkero, bertako hizkuntzara moldatu beharra dago, beraz, hemen, gazteleraz ulertu arren, garrantzitsua iruditzen zait bertako kulturara egokitzea. Zer esanik ez, Mutriku bezalako herri txiki batean, non guztiak euskaraz mintzatzen diren, beharrezkoa ikusten dut hau menderatzea.

Hala ere, esan beharra daukat, nire egoera berdinean daudenentzat erraztasunik ez direla jartzen euskaraz ikasteko. Alde batetik, gastu ekonomiko izugarria suposatzen du, edonork ordaindu ezin dezakeena. Beste alde batetik, hona etortzen diren asko lan bila etortzen dira eta astirik ez dute izaten hizkuntza hau  ikasteko (euskalkia), izan ere denbora asko eskaini behar zaio.

Beti harritu nau euskarazko ikastarorik ez eskaintzeak langabezian dauden pertsonentzat. Adibidez, Kataluinan, horrelako ikastaroak eskaintzen dira, baliabideak errazten zaizkie bertako hizkuntza ikasteko. Bestalde, herrian, ez da erraza euskaldunberriekin mintzatuko den jendea topatzea, izan ere hizkuntza oso itxia denez, jendeari ez zaio gustatzen euskara batuan mintzatzea.

 

· Zein da Bulgariako ohituren artean gehien faltan hartzen duzuna? Eta hara bueltatuko bazinete, zer izango litzateke Euskal Herritik gehien gogoratuko zenukeen aspektua?

Bulgariatik gehien faltan botatzen dudana, familia, lagunak eta jatekoa dira. Hala ere, kontuan hartu behar da, nik nire bizitzaren erdia baino gehiago hemen pasa dudala, izan ere 20 urterekin etorri nintzen, beraz, hemen ikasi dut sukaldatzen, lan egiten eta orokorrean hemen heldutu naiz. Horregatik bertako bizitza ez dut gaur egun asko ezagutzen, izan ere, etorri ginenean komunismotik kapitalismorako trantsizio garaia zen, eta ohiturak asko aldatu dira geroztik. Beraz, esan dezaket, bertara joaten naizen bakoitzean atzerritar sentitzen naizela. Zer esanik ez nire seme-alabak, hemen jaio direnak eta euskaldun sentitzen direnak.

Bulgariara itzuliko banitz, ez dakit zer botako nukeen faltan, izan ere ez dugu egoera hori planteatu. Hala ere, suposatzen dut faltan gehien botako genukeena gure seme-alabak izango liratezkeela. Hauek hemen hasi eta hezi dira, eta ez dute hemendik irteteko interesik oraingoz, beraz etorkizunerako plan guztiak hemen dituzte errotuak.

Joango bagina, etxebizitza eta hemengo lagunak eta orokorrean Euskal Herriarekin ditugun harremanak galtzeko asmorik ez dugu. Hemengo kultura asko gustatzen zaigu (batez ere hemengo gastronomia).

Nadia, Euskal Herrian bizi eta euskara ikasten dabilen bulgariarra

 

· Nola konpontzen zarete zure herriarekin alderatuz hain desberdina den herri baten bizimoduarekin? Asko kostatu zitzaizuen dagoeneko zenuten egunerokoa aldatzea?

Hasteko, hemengo bizimodua ez da bertako bizitzatik asko urruntzen. Bestalde, oso gazte etorri ginenez, hemen ikasi dugu eguneroko bizimoduaz. Adibidez, nik Arginanori esker eta Mutrikun nituen auzokideei esker ikasi nuen arraina eta itsaskiak sukaldatzen.

Beharbada, hori izan zen gehien kosta zitzaiguna, izan ere, gu hiriburukoak gara, hiri handi batekoak, kostalderik ez duena. Beraz, kostaldeko bizitzara egokitzea izan zen gaitzena, hain herri txikia izanda. Hala ere, itsasoa asko gustatzen zaigu eta beharbada hemengo bizimodua hiriburukoa baino lasai eta hobeagoa dela uste dugu.

Esan bezala, gehien kosta zitzaidana hiri handitik herri txiki batera pasatzea izan zen. Hemen ez zegoen supermerkatu handirik, “tienda de congelados”…  Lehenengo aldia izan zen, ilarrak leken barruan ikusi nituena, beraz hauek garbitzen ikasi behar izan nuen.

 

· Inoiz antzeman al duzue gure herrian zailagoa dela kanpotar baten bizitza Euskal Herriko batena baino?

Askotan pentsa izan dut. Batetik, izen erdaldunak izateak herri txiki batean, modu batean edo beste batean diskriminatu egiten zaitu, nahiz eta intentzio txarrik ez izan, desberdin tratatzen zaituzte. Adibidez, nire seme-alabei, askotan erdaraz hitz egin diete izenak ikusterakoan, inongo arazorik ez izanda erdaraz mintzatzeko.

Nira alabak esan zidan, EGAren bila joan zen egunean, bertan zegoen neska harrituta geratu zela izena ikusi eta euskaraz zekiela ikustean. Bestalde, hizkuntza da oztoporik handienetakoa, lanerako euskaraz jakin behar baita Euskal Herrian. Hala ere, oso ondo tratatu gaituzte herrian, eta gure lagun gehienak bertakoak dira.

 

· Zer pentsatzen du zure Bulgariako familiak hemen bizitzeari buruz?

Haiei, guri bezala, beraiengandik banatzea kosta zitzaien gehien, izan ere oso gazteak ginen eta inori ez zaio gustatzen seme-alabak hain urrun joatea. Hala ere, inoiz ez zaie gure erabakia gaizki iruditu. Hona etorri izan direnean, asko gustatu zaie Euskal Herria eta bertoko giroa. Gu etorri aurretik adibidez, nire nebak asko jarraitzen zuen hemengo futbol liga, eta ni Realekoa banaiz ere, nire nebari Athletic-a gustatu izan zaio beti, ni hona iritsi baino lehenagotik.

 

· Zergatik aukeratu zenuten Mutrikura mugitzea?

Hasiera batean, Madrilen izan ginen urtebetez. Gero lagun batzuek zirela eta, Leonera mugitu ginen eta bertan 3 urte egin genituen. Bertan geundela, nire senarra Itziarreko enpresa batean hasi zen lanean. Astean zehar Euskal Herrian pasatzen zuen denbora, lanean, eta asteburuetan Leonera itzultzen zen. Egoera hori eramangarria ez zela ikusita, lankide eta lagun on batek Mutrikura joatea eskaini zion. Ordutik, Mutrikun errotu ginen eta ez gara inora mugitu.

 

· Zure seme-alabek zer menperatzen dute hobeto, gaztelania, euskara ala bulgariarra? Emozioak (tristura, poza, haserrea), nola adierazten dituzte hobeto?

Egia esan, hiru hizkuntzak guztiz ulertzen dituzte, nahiz eta bulgariarra hitz egiterakoan igartzen zaien ez direla bertan jaio. Txikitan, bulgariarrez hitz egiten genien, hau ez galtzeko, hori dela eta, haien ama hizkuntza hau dela esan daiteke. Hala ere, aldi berean, eskolan euskaraz ikasten zuten, beraz pareko ikasi dituzte.

Emozioak adierazterako orduan, errazago egiten zaio nire alabari euskaraz. Semeari aldiz, nahiz eta euskaraz ikasi eta ondo menderatzen duen hizkuntza, erraza egiten zaio gazteleraz mintzatzea, denbora bat darama Bartzelonan eta bertan gazteleraz mintzatzen baita. Gainera, orain katalana ere ikasten ari da. Bestalde, seme-alaben artean, beti euskaraz aritzen dira. Nolabait haiek gustukoen duten hizkuntza euskara denez, ez dute galdu nahi.

Txikiak zirenean ere euskaraz egiten zuten, askotan guk ez ulertzeko. Hala ere, esan bezala, hiru hizkuntzetan dute maila altua.

 

· Zuk egindako lan bat ikusi eta gero Bulgaria eta herri euskaldunaren arteko antzekotasunez konturatu nintzen. Azaldu ahalko zenuke horietako zeintzuk iruditzen zaizkizun bitxienak?

Aspaldi konturatu nintzen hitz batzuen erroak berdinak zirela edo behintzat antzekotasun handiak zituztela. Baina, horretaz gain, morfologiari dagokionez ere topatu izan ditut berdintasunak. Adibidez, hitzen bukaeran jartzen den artikulua, -ar atzizkia (lanbideari egokitzen zaiona), -txo eta -xo dira atzizki diminutiboak, etab.

Harritzen nauen beste gauza bat, ipuin herrikoi batzuk dira. Kukoaren ipuina eta mitologiarekin lotutako zenbait gauza (lamiak, akelarreak, etab.) esaterako.

Hitzei dagokienez, badaude antzekoak diren beste  asko, baina esanahi desberdinari atxikitzen zaizkionak. Hala ere, badaude hitz batzuk, berdinak direnak bi hizkuntzetan eta esanahi bera dutenak. Adibidez:

– Lukainka (euskaraz) eta Lukanka (bulgariarrez)

– Poliki-poliki (euskaraz) eta Poleka-Poleka (bulgariarrez)

– Gora (euskaraz) eta Gore (bulgariarrez)

Erroei dagokionez, eskatu aditzaren erroa isk- erroarekin lotu daiteke bulgariarez. Isk-en esanahia: eskaintza.

Nadia, nire izena, “nahi” esan nahi duen erro zahar batetik dator, nahi edo itxaropen- esan nahi duena. Beraz, Nahia edo Itxaropena da nire izena. (Aukeran nahiago Nahia izena)

Beste antzekotasun batzuk:

Zinta dantza:

Inauterien ospakizuna:

 

· Etorkizunari begira, inoiz pentsatu duzue Mutrikutik mugitzea Bulgariara edo beste edozein herri batera?

Aukera izan genuen bertara bueltatzeko orain dela urte batzuk. Bertan bizimodua egina geneukan; lana, etxebizitza, etab., baina seme-alabek 10 urte bete zituztenetik, ideia hori burutik kendu zitzaigun, izan ere haientzako bertara egokitzea oso gaitza izango zen. Horregatik ikasketak hemen bukatu, EGA atera eta bizitza hemen egin dezaten, ez dugu mugitu nahi izan. Gainera asko gustatzen zaigu hemen bizitzea, beraz ez dut uste mugituko garenik, baina, tira, nork daki etorkizunak zer plan eskainiko dizkigun.

Nadia, Euskal Herrian bizi eta euskara ikasten dabilen bulgariarra