Lest They Forget (Apendizea Maite Dugun Bezala)

Lest They Forget (Apendizea Maite Dugun Bezala)

Lest They Forget (Apendizea Maite Dugun Bezala)

Astelehenean, frekuentzia berria eta legala –FM98.3– mustu zuen hondarrekoz Iruñeko Euskalerria Irratiak. 1997an izan zen irrati horrek irabazi behar zukeen lehiaketa, betiere Nafarroako Gobernuak tranparik egin izan ez balu; baina, tira, hemeretzi urteren buruan, oztopo mota guzien kontra borrokan aritu ondotik, eguna ailegatu da hondarrean: zorionak, beraz. Nire ustez, egoera normalxeagoa dela aprobetxatuta, dagoeneko gauza handirik errateko ez duen kolaboratzaileren batek –nik bereziki bat dut buruan– utzi beharko luke irratia, baina, horretaz aparte, seguru naiz orain artio bezain ongi ez, orain artio baino hobeki segituko dutela lanean irratiko langile eta kolaboratzaile guziek.

Kontua da –hetsi dezagun gorazarreen kutxa– urte hauetan guzietan aunitzek maiz errana dutela UPNren eta PSNren –barka erredundantzia– jarrera antidemokratikoa izan dela. Ongi pentsatuz gero, ordea, nik erranen nuke aski demokratikoa izan dela; edo, ez, ez naiz afera ongi azaltzen ari: nik erranen nuke UPNk eta PSNk –nafar politikaren Dupont eta Dupond– arrunt ongi jakin dutela euskal kulturari dioten gorroto sektarioa demokrazia formalaren bideetara egokitzen. Diktadura batek irratia debekatuko zukeen; demokrazia formal batek oztopoak paratzen dizkio irratiaren jardunari, zaildu egiten dio bidea, berez ito eta hilen delako itxaropenean.

“Istripu baten itxura izan dezala”: gangsterren filmetan baliatzen den esaldia da. Horren bertsio politikoa eragile / behatzaile jarrera da. UPN, bertze alderdi horrek lagunduta –ez naiz izenaz oroitzen–, Euskalerria Irratiaren egoera kaskarraren eragile izan zen, hau da, baliabide guziak erabili zituen irratia legala ez izateko; eta, gero, kanpoko behatzaile objektiboaren jarrera hartu zuen: gobernuak ezin dio hedabide horri laguntzarik eman legala ez delako. Hondarrean irratiak bere jarduera bertan behera utzi behar izan balu, UPNko kontseilariren batek azalduko zigukeen entzule nahikorik ez zuelako izan zela, edo –esaldia gaurko erlijio nagusiaren hizkuntzara ekarria– merkatuan toki nahikorik ez zuelako.

Nolanahi ere, honetakoan bezala planek beti huts egiten ahal baitute, zinismo ttantta bat ere komenigarria izaten da, gertatzen dena gertatzen dela arerioaren izena zikintzeko, hari zerorrek izan duzun jarrera leporatuz: bolada batean, PPN, UPN eta PSN –Azoreetako hirukote forala– tematu ziren erraten euskaltzaleek, abertzaleek eta, oro har, nafar gaizto guziek nahi zutela gobernuak nahierara eman ziezaziola lizentzia Euskalerria Irratiari, alegia arbitrarioki eta legearen kontra mesede egin ziezaiola; eta hori erraten tematu ziren hain zuzen ere litzentzia nahierara, arbitrarioki eta legearen kontra ukatua ziotenak.

Cabemos todos izan da egun hauetan PAI –Programa de aprendizaje en inglés, Ingelesez ikasteko programa– programaren aldekoen aldarria. Cabemos todos: guztiok sartzen gara / there is room for everyone irakur daiteke zenbait pankartatan, ez dakigu hirueletasun eredugarriz edo “asma ezazu hirukote horretan zein ez dugun gure eskolan nahi” joko gisa.

Ez pentsa: nik ingelesa maite dut. Nire bizitzako une gorenetarik Ingalaterran izan zen –gurasoek harat igorri ninduten hiru edo lau aldiz, abuztuan; Portsmouthera, hain zuzen ere–: hartzen ninduen familiarekin igerilekura joana nintzen, eta, familiaren adiskideak ziren baina ni ezagutzen ez ninduten lagun batzuekin solasean aritu eta gero, etxerako bueltan, nire “familiako” emaztekiak erran zidan lagun haiek galdegina zutela ea ingelesa ote nintzen, bertakotzat hartu nindutela alegia. Hizkuntzen ahoskeran ez naiz sekulan ona izan –beraz, berehala imajinatu nuen galdera horri sinesgarritasuna ematen zion hipotesi hau: tipo hori ingelesa da? Zer du, bada, ahoan? Ez baitzaio tutik ere ulertzen!–, baina zinez eskertu nion komentarioa –eta, bistan da, are gehiago hanpatu eta dotoretu ondotik, nire memorietan sartuko dut–.

UPNko zenbaitek euskara maite dutela erraten dute, eta ez dezagun baztertu baten baten kasuan egia izatea; euskara maite dute hemengo kulturaren parte delako, ez –salbuespen guti batzuk salbuespen– ulertzen dutelako, irakurtzen dutelako edo hitz egiten dutelako. Euskara maite dute, apendizea maite izaten ahal dugun bezala: gure gorputzaren parte delako, zertarako balio duen ez dakigun arren eta, traba eginen baligu, pena handirik gabe kenduko genukeen arren. Nik, berriz, ingelesa maite dut ikasi dudalako, literatura ahal delarik jatorrizko bertsioan irakurtzea gustatzen zaidalako, eta ingelesez –ahoskera afrusarekin bada ere– komunikatzeko gauza naizelako.

Are gehiago, nire inguruan ez dut inor ezagutzen ingelesaren kontra dagoenik; ez dut ezagutzen D eredura igortzen dituen seme-alabek ingelesa ikastea nahi ez duen inor; ezta gure gizartetik edo gure hezkuntzatik ingelesaren arrasto oro ezabatu nahiko lukeen alderdirik ere. Horregatik, cabemos todos guztiok sartzen gara there is room for everyone aldarrikatzen dutenei gogoraraziko nieke PAI ez zela martxan jarri gure seme-alabek ingelesa ikas zezaten –eta ikasi badute, hori naski ustekabeko albo-ondorioa izan da, neronek ikusi eta sufritu baitut, adibide bat emate aldera, Iruñeko Hizkuntza Eskolan tituluak gero eta errazago emateko presioa–, gure seme-alabek euskara ikas ez zezaten baizik –guziok kabitu ez gintezen, alegia–. Edo, nahiago bada, guziendako tokia zuen eredu bati oztopoak jartzeko asmoz paratu zuten martxan batzuk –ez edonor, jakin batzuk baizik– baztertzen zituen eta dituen programa bat.

Euskalerria Irratiarekin egin zuen bezala, hezkuntzan ere demokratikoki oztopatu nahi izan dute UPNk eta PSNk –politikaren Osborne eta Arévalo– D eredua. Hor ere eragile / behatzaile jarrera bikoitz tranpatia hartu dute: lehendabizi PAI abian jarri, gero xalo-xalo seinalatzeko jendeak ingelesa eskatzen duela –maiz eskaintzak eskaera sortzen baitu–. Zinismoa, berriz, eztabaida aurkezteko maneran aurkitzen dugu, kontua ingelesaren alde edo kontra egotea balitz bezala, kontua alferrikako hizkuntza txikiaren eta hizkuntza handi kosmopolitaren artean hautatzea balitz bezala. Baina ez, inor ez dago ingelesa ikastearen kontra; bai, ordea, PAIren kontra. Hori gogorarazi egin behar zaie haren defendatzaileei. Lest they forget.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Lest They Forget (Apendizea Maite Dugun Bezala)

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

2 pentsamendu “Lest They Forget (Apendizea Maite Dugun Bezala)”-ri buruz

  • Pruden Gartzia 2016-06-03 21:06

    Eskerrik asko iruzkinagatik, Santi.

    Egia da ni bezalako bat mota horretako diskurtsuak entzuteko prest ezezik, irrikitan egoten dela, baina hala eta guztiz ere azalpenaren grazia, zehaztasuna, joritasuna eta beste tasun ugari guztiak (ez zaitut abaildu nahi, beraz, hortxe utziko dut), guzti-guztiak, esaten nuen, poza besterik ez dute ematen.

    Zorionak Euskalerria Irratikoei ere, jakina.

  • Amonamantangorri 2016-06-04 02:57

    “… neronek ikusi eta sufritu baitut, adibide bat emate aldera, Iruñeko Hizkuntza Eskolan tituluak gero eta errazago emateko presioa”.

    Horrelakoetan Gene Wilderen argazki bat paratuko nuke, “ah bai? Kontatu gehiago faborez” leloarekin.

    Kontatu, kontatu…