Kultur koplak sailburu berriari

Kultur koplak sailburu berriari –

Eusko Legebiltzarrean mintzatu zen astelehenean Jaurlaritzako Kultura sailburu berria, Ibone Bengoetxea andrea. Ez ginen bertan izan, ez baitzigun inork gonbitarik helarazi. Hedabideek zabaldutakotik ari gara, beraz, eta oker esateko arriskua geure eginez. Haatik, sailburuaren hitzek ezinegona eragin digutela esatea gutxi da.

Kultur koplak sailburu berriari
Ibone Bengoetxea sailburuaren agerraldia, gaur, Eusko Legebiltzarreko batzordean. EUSKO LEGEBILTZARRA

Izan ere, Jaurlaritzaren Kultura Sailak Artistaren Estatutua izango genuela iragarri zuen aurreko legealdian. Estatutu hori euskal izango zela ere esan zuen orduko sailburu Bingen Zupiriak. Arin batean ulertu genuen Espainian egosten ari diren delako estatutua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara egokitzeaz ari zela, horrek salbatuko zituelakoan gure kultur sistemako oinarrizko langileon miseriak.

Madrildik heltzen hasi ziren neurri gehienak jendaurreko ikuskizunetan lan egiten dutenentzako zirela ikusi genuen, gainera; idazle, marrazkilari, itzultzaile, margolari, bertsolari eta gure artean diren hainbat artista genero bigarren maila batean kokatuz. Bilera eta agerraldi andana egin dugu aurreko legealdian erakunde eta eragile ezberdinekin, guztietan azpimarratu dugu —baita Jaurlaritzako Kultura Sailarekin egindakoetan ere— gure ustez okerra, gaiztoa eta erabat kaltegarria den bereizketa hori. Esana diegu, hala berean, ez dela zuzena, eta justua ere, milioi bat hiztun oso ez dituen euskal kultur sistema milioika hartzaile potentzial —eta estatu babesa— dituzten gaztelaniazko eta frantsesezko kultur sistemekin parekatzea, eta, hortaz, gure neurriko jantzi bat josi behar dugula, denon artean josi, globalizazioaren itsasoan erabat ito eta galduko ez bagara.

Lanartearen inkesta

Euskal artisten aldeko neurriak iragarri ditu asteleheneko agerraldian Bengoetxea sailburuak. Ongi etorriak izango dira neurriok. Behar direlako, benetan; benetakoak. Lanartean badakigu. Euskaraz edota euskaratik lan egiten dugun artistok sortua da elkartea; lau urte dira gure lan eta bizi baldintzak hobetzeko ahaleginean ari garela. Bide horretan, Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzak inkesta (labur.eus/lanartea_ galdetegia) dugu abian oraintxe bertan. Dei egiten diegu hemendik artistei, edozein dela ere lantzen duten kultur arloa, gure galdetegiari erantzun diezaioten. Hilabete honen 27ra bitarteko epea —astebete eskas, alegia— dute horretarako. Zenbat eta gehiagok parte hartu, puskaz zehatzago jakin ahal izango dugu murriztutako hizkuntzan lan egitea erabaki dugunon egoeraz, orain dakiguna baino. Jakintza horretatik ondu ahalko ditugu sektoreko langileen eta sektorearen beraren egoera hobetzeko neurri eraginkorrak.

Hizkuntza zehar-lerro gisa erabili dugu inkestan, gainerako gure azterketa guztietan bezala. Hasieratik ari gara aldarrikatzen generoarekin bezalaxe egin behar dela hizkuntzarekin, kultur politiketan —politika guztietan— zehar-lerro izan behar duela: etorkizun diren sektoreari buruzko inkestak egitean, Kulturaren Euskal Behatokiarenetatik hasita; aurrekontuak prestatzean; diru-laguntzak ematean; tokian-tokiko kultur programazioa eta jaialdiak diseinatzean; zerga-sistema doitzean; ekimen berriak abiaraztean; EITBren programazioa eta ekoizpenak zehaztean…

EAEko Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko buru berriak «euskal artistak» aipatzen dituenean kultura hizkuntzatik aparteko zerbait balitz bezala ari ote den, ez dakigu oraindik. Badakigu Jaurlaritzak ez duela euskarazko kultura beren-beregi laguntzen, nahiz eta urte hauetako bere kultur planean horixe agintzen duen.

Etxebarru Institutua

Euskal artisten aldeko neurriak iragartzearekin bat, Bengoetxeak hizpide hartu du astelehenean gure kultur sistema txikitua erabat txikitzen ari den Guggenheim-osteko salda kulturistaren hurrengo fasea. Nazioartekotzea da helburu nagusietako bat, Etxepare Institutua lagun. Baina, pentsatu segundo bat, segundo bat aski asko da, noizko Etxebarru Institutu bat, euskal herritarrek euskarazko literatura, musika, antzerkia, ikus-entzunezkoak, bertsolaritza… ezagutu ditzaten? Noizko Etxebarne bat, gure kulturaren etenik gabeko transmisioa eta garapena ziurtatuko duena? Horixe baita gure kultur sistema biziberritzeko benetako bermea, gaur egun ez daukaguna, atzerrira egindako bidaia puntualez gaindi.

Euskal Kulturaren Legea

Kulturaren Euskal Legea ere iragarri du Bengoetxeak. Gaztelaniazko eta frantsesezko kulturak badituzte beren babeserako legeak. Euskaraz sortutako kulturaren legea da ez daukaguna. Hori abiaraztea al du buruan sailburu andreak? Hala nahi genuke.

Kultur sektoreari eta bertako langileoi buruzko azterketak, proposamenak eta lanak egiteari ez diogu utziko Lanartea elkartekook. Lankidetzan, ahal dugun guztietan.

Administrazioen planez eta txostenez bezainbat asmo onez, hitz ederrez beteak ditugu tiraderak.

Ekintzak behar ditugu, ongi baino hobeki pentsatuak eta adostuak.

Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartea

Kultur koplak sailburu berriari  Kultur koplak sailburu berriari  Kultur koplak sailburu berriari

Zer duzu buruan “Kultur koplak sailburu berriari”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga Atzo

    Bi zuhaitz eta aizkora. Zuhaitz batek besteari, aizkoraren zurezko kirtenari so dagiola: “Hau guretakoa duk”. Ondorengoa irudikatzea ez da zaila. Munduan izan diren akulturazio prozesu guztietan, kanpoko indarrak hazia ereiten du, baina lana bertakoak burutzen du. Mexikok independentzia lortu zuenean 1854an, bertakoen %20ak baino ez zekien gaztelaniaz. Kirriolloek burutu ohi dute ekaia nonahi eta noiznahi. Ez dezagun pentsa hemen bestelakorik agituko denik. Euskaraz ere badakiten kirriolloen eskuetan gaude. Ez dezagun horien aldetik izerdia ateratzeko moduko ahaleginik espero. Zerbait egin badaiteke eskuak zikindu gabe eta neke handiegirik gabe, egingo dute, baina hortik harago deus ez. Eszenatoki horretan jarrita, irtenbide posible bezala iradokiko nuke, euskal artistentzat gordetzea (puntuazio arauak bitarte) Administrazioan dauden hainbat postu lasai (liburuzain, e.a.), horrenbestez domina paparrean jar dezaketelako gastu handiagorik eragin gabe. Ba ote?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude