Kosmopatetismoa

Kosmopatetismoa –

Hasier Arraiz, ALEAn.


Kosmopatetismoa
Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Maialen Lujanbio bertsolariak ideia bera nik baino askoz hobeto adieraziko zuen, edo akaso berak beste gauza bat esango zuen eta nik halaxe ulertuko nuen, dena dela, nire gogoan ideiaren amatasuna Lujanbiorena da eta ez neurea (badaezpada ere). Lujanbiok gutxi gorabehera esan zuen, edo behinik behin nik halaxe ulertu nuen, euskaratik eta euskaraz bizi izaten saiatzen garenoi “paletismoa” (“paletoak” izatea) leporatzen digutenek sarri askotan haien mundu ikuskera Espainiako mugetara murriztu ohi dutela, haien balizko kosmopolitismoa zein mugatua den agerian utzita.

Kontua da gure Araban, non azken hamarkadetan euskara poliki-poliki gizarte eremuak berreskuratzen hasi den, instituzio nagusi batzuk —haien artean erakunde publiko nagusiak— euskara kutsua duen oro ezkutatzen edo baztertzen dute, nahikoa kosmopolita ez delakoan, eta gaztelaniaren nagusitasuna areago indartzen dute, horrela Arabako ateak munduari parez pare irekiko dizkiotelakoan. Horrela espainiar mundu ikuskera indartzen eta zabaltzen ari dira, besterik ez. Ikuspegi irekiagoa izatea eta aniztasuna benetan aintzat hartzea beste kontu bat da, gehien-gehienetan dezente konplexuagoa. Ni nago gaur egun hegemonikoa den espainiar mundu ikuskera hori gutxiengo gehienekiko zeharo baztertzailea dela. Gure inguruan berriki ezagututako adibiderik? FesTVal delako nabarmenkeria espainiarraren gorazarre hori, hemen edo berdin-berdin Valladoliden egin zezaketen horixe, non Pablo Motos eta Iker Jimenez bezalako pertsonaia atzerakoiei sariak ematen zaizkien, edo Alaves-Baskonia enpresa taldearen komunikazio politika, zeinak behin eta berriz euskal hiztunei bigarren (edo hirugarren) mailako zaleak direla oroitarazten dien.

Inguru honetan “kosmo” gutxi, “politak” norberaren gustu estetikoaren arabera eta betiko espainolismo zaharmindua mozorrotzeko janzkera maiztu ugariak.

Kosmopatetismoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Kosmopatetismoa”-ri buruz

  • mie Atzo

    Espainiera munduko gauzarik anitzena eta irekiena da. Mundu guztian hitz egiten da, Europa, Afrika, Asia, Ozeania eta Ipar Ameriketako zati handienean ezik.
    Gure paletismoa utzi eta espainiartasunaren bidez zabal gaitezen mundura! Espainiar izeteko aukera, gurea bai pagotxa, ez gaitezen esker txarrekoak izan, eta, balia dezagun aukera mundu guztia gure inbiritan uzteko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude