Ikerketan euskararen erabilera bultzatzeko hitzarmena

Ikerketan euskararen erabilera bultzatzeko

NEIKERek eta Elhuyarrek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute ikerketan euskararen erabilera bultzatzeko.

Hitzarmenaren arabera, aurreikusi da lehen sektoreari buruz euskaraz egindako ikerketak saritzea, eta lehen sektoreko terminologia bilduko duen hiztegi bat egitea.

Ikerketan euskararen erabilera bultzatzeko
Argazkietan: Josu Ezkurdia, NEIKEReko zuzendari nagusia, eta Leire Cancio, Elhuyarreko zuzendari nagusia

Lehen sektoreko ikerketetan eta NEIKERen jardueran euskara bultzatzea da NEIKER Nekazaritzaren Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak eta Elhuyar Fundazioak sinatu berri duten lankidetza-hitzarmenaren helburu nagusia.

Aurreikusitako jardueretako bat da lehen sektorearekin lotuta euskaraz egindako ikerketak saritzea. Horretarako, lehen sektoreko eta euskalgintzako lagun garrantzitsuz osatutako epaimahai aditu bat hautatuko dute NEIKERek eta Elhuyarrek.

Hitzarmenaren beste helburuetako bat da lehen sektoreko terminologia bilduko duen hiztegi bat egitea. Bi zentroen lan-esparruak elkarren osagarri dira, zalantzarik gabe, nekazaritzarekin eta abeltzantzarekin, besteak beste, lotutako terminoen erabilera normalizatuko duen hiztegi bat sortzeko.

Era metodologiko batean eta kontrol semantiko zorrotzei jarraituz bildu behar diren termino eta adierazpidetan aberatsa da lehen sektorea. Elhuyarrek hiztegia diseinatuko du; zenbait hizkuntzatako adierazpideak bilduko ditu, eta edukiak kudeatuko ditu, hiztegia lehen sektoreko terminologia teknikoaren erreferente bilaka dadin. NEIKERek, bere aldetik, sektorearen inguruan duen jakintza zientifikoa eta teknikoa jarriko du.

Hitzarmen honen bidez, Elhuyar Fundazioaren bazkide bihurtuko da NEIKER, eta haren Patronatuko kide izango da, gizartean zientzia eta teknologia integratzearen eta euskararen normalizazioa lortzearen alde lan egiteko.

Hitzarmenaren arabera, bestalde, NEIKERek bere erakundean euskararen erabilera sustatzeko martxan jarriko dituen ekintzen inguruko aholkularitza emango dio Elhuyarrek. Azkenik, nekazaritzaren ikerketa-institutuaren webguneko euskarazko eta ingelesezko edukiak berrikusteko ardura izango du fundazioak. Hitzarmena Josu Ezkurdia NEIKEReko zuzendari nagusiak eta Leire Cancio Elhuyarreko zuendari nagusiak sinatu dute.

.

NEIKER, erreferentziazko zentroa lehen sektorearentzat

NEIKERek, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren enpresa publikoak, honako helburu hauek ditu I+Grako: nekazaritza-ekoizpeneko sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea; ustiategiak kudeatzeko teknologia berriak garatzea eta aplikatzea; eta kalitate-betekizunak betetzea nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko industriarako, bereizgarriak dituzten produktuetarako eta kontsumitzailearentzat, oro har.

.

Elhuyar, euskara sustatzea zientzian eta teknologian

Elhuyarren xedea da euskara zientziaren eta teknologiaren esparruan sendotzea, bai eta gizartean ere, oro har; halaber, alor berriak garatzea, euskal hiztunen komunitate aktibo eta kritikoa sortzeko helburuarekin. Horretarako, Elhuyarrek zientziaren eta teknologiaren arloan dibulgazioko, ikerketako, garapeneko eta berrikuntzako ekintzak egiten eta bultzatzen ditu, bai eta euskararen garapen osoaren arloan ere —hala normalizazioari dagokionez, nola estandarizazioari dagokionez—, eta aholkularitza-, dibulgazio-, ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak egiten eta bultzatzen ditu gizarte eleanitz baten testuinguruan.

Ikerketan euskararen erabilera bultzatzeko

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.