Goizeko laurak pasatxo direnerako glosarioa

Goizeko laurak pasatxo direnerako glosarioa

(Koadrilako esperientzietan oinarrituta eta umore dosi batzuekin ekarria. Nork esan du euskaldunok ez dugula adiera informalik?)

  • AKERTU (aditza). Giza arrari dagokion egoera naturala goizaldeko laurak pasatxo direnean eta bere burua tabernan kabitu ezinik duenean. Ehizarako sena pizten zaion uneari deritzo, gustuko pertsonak inguruan dituela, kitzikadura goraka doakiola nabari duen uneari. Adib.: “Peru taberna barrura sartu denetik zeharo akertuta dabil Mikel”. (Oharra: akerren gisara perilla bat ahopean izatea hautazkoa da).
  • KE-POTO (izena, substantiboa): Parranda osoan zehar ondoan izandako lagunak begi-kliska batean desagertu eta abisatu gabe etxeratzen diren unean erabili ohi den terminoa. Egoeraren deskribapena: barran lau zurito eta kalimotxo erdi bat eskatu, basoak bi eskuekin ahal bezala hartu, eta lagunartera bueltatzen zarenean tragoak soberan dituzun une hori… “Aiba la hostia! Non sartu da Maider? Non da Jon?”. “Lagunok, asanblada nazionalerako deialdia: zer egingo dugu soberan ditugun tragoekin?”. Ke-potoa askatu izan balute bezala, lagunek oharkabean egiten dute alde ostatutik. Adib.: “Goizaldeko laurak inguruan ke-potoa askatu eta ostatutik alde egin zuen Edortak”.

Goizeko laurak pasatxo direnerako glosarioa

  • ARTZAIN ELEKTRIKO (izena, substantiboa). Egunsentia iritsi eta etxeratzeko ordua den arren, afterren baten bila tematuta segitzen duen gizaki motak jasaten duen eritasun mentalarekin lotua dago terminoa. Landa-eremuetan zelaietako itxiturak hesi elektriko batez mugatzen diren bezala, gaupaseroak artzain-eletrikoa aurkitu ohi du bere etxeko atarian. Ezin atea iragan. Lotara ni pa’ dios. Adib.: “Izarok hainbesteko gogoa zuen kalean parrandan segitzeko, ezen, bazirudien etxeko atarian artzain elektrikoa jarria zuela”. Egoeraren deskribapena: etxera iritsi berritan gurasoetako batek ogia besapean duzula galdegiten dizunean (normalean aitak, zerbaitegatik baita bera etxeko artzaina. Ala ertzaina ote?) “Baina hi! Zer hostia egon duk kalean hi hain berandu etxeratzeko?”, Eta seme-alabak erantzun: “Zer egongo zen ba, aita!… Jendea!”
  • MUXU-BELTZ (izena, substantiboa) Vodka beltzaz zerbitzatutako txupitoari deritzo. Kolpetik edan ostean ezpain eta mingainak belztuta utzi ohi ditu edariak. Adib.: “Bost muxu-beltz, otoi” edo “zerbitzariak bost muxu-beltz atera eta denek hustu zuten basoa kolpetik”. (Kasu! Kasu! Kasu! Oso garrantzitsua: ez da nahasi behar inoren atzealdea mihiarekin miazkatzeko jardun lizunarekin!)
  • PORRIGENO (izena, substantiboa): Ostatuko eguratsean porroen kea oxigenoari gailentzen zaion unean erabili ohi den terminoa. Adib.: “Hardcore kontzertua bukatu zenerako oxigeno baino porrigeno gehiago zegoen etxe okupa hartan”.
  • MUXU-GAZTETXERO (izena, substantiboa) Homosexualen kasuan kontrako sexuko norbaiti, eta heterosexualen kasuan sexu bereko norbaiti ezpainetan muxu emateari deritzo. Gaztetxe giroko parrandetan gertatu ohi den fenomeno azaldu ezina da. Jatorria ‘Lendakaris muertos’ taldearen kantu batean du: “Besos, besos gaztetxeros, y aunque no lo parezcan son heteros”. Adib.: Gorkak muxu eman dio ezpainetan Aneri, muxu-gaztetxero bat eman dio” edota “Libek gogoz muxukatu du Enara ezpainetan. Muxu-gaztetxeroak zorabiatu ditu biak”.
  • JONI DEI EGIN (aditz sintagma): Sabelaldea nahasi xamar izan eta bart edandakoak ahoranzko bidea hartzen duen unean gertatu ohi den fluido isurketa. Sinonimoak: oka egin, botaka egin, txahala bota. Adierak jatorri fonetikoa du, ahoskatzean dago haren sorburua, txahala botatzerakoan “Jon” izena ahoskatzearen antzeko soinua ematen baita. Egoeraren deskribapena: “Joooooooooooon!”, (Lehen fluido parrastada), “Jooooooooooooon!” (Bigarren fluido parrastada) (Oharra: sekuentzia hau nahi beste alditan errepikatu daiteke). Adib.: “Bart hartutako azken EH Kolak nonbait kalte egin, eta eguna Joni dei eginez eman du Amaiak”.
  • ENKARTELADAN EGON (izenlaguna) Parranda biharamuna begiak bildu nahi eta ezinean, ohean etzanda egoteari deritzo, normalean anfetamina (edo kokaina) dela kausa. Izenaren jatorria sabaira begira kieto, lorik egin ezin gabe egon, eta eskuekin maindireak pankarta politikoren bat eusteko posturan izateagatik datorkio. Adib.: “Bart izandako parranda dela-eta, eguna enkarteladan eman du Ainarak”.
Goizeko laurak pasatxo direnerako glosarioa / Goizeko laurak pasatxo direnerako glosarioa

Zer duzu buruan “Goizeko laurak pasatxo direnerako glosarioa”-ri buruz

  • Interesgarria bai euskarari egindako ekarpenagatik bai adibideetan heterozentrismotik hain natural ihes egiteagatik.