Frantzisko Xabierkoari, esker onez

Frantzisko Xabierkoari, esker onez

Frantzisko Xabierkoari, esker onez
Aitor dezadan. Jainkorekiko fedea txiki-txiki eginda neukan
, guztiz at-Teo bilakatuta nengoen ia, ez nuen elizarik zapaltzen lagunen ezteietan ere, eta abadeak urrundik agurtzen nituen, aukeran. HPSrengan ere ez nuen sinisten jada, pentsa…

Alabaina, 2016ko Frantzisko Xabierkoaren egunak, abenduak 3, fede galduaren arrastoan jarri nau berriz, ustekabean erabat, miraria bailitzan.

Ezagun da, 12 urtez gorako gazteei bezalatsu Jasotar Frantzisko Xabierkoari ere, hamaika etxeko-lan ezarriak dizkiogula, horietako bi bereziki astun eta korapilatsuak: Nafarroa zaintzea bat, eta euskara salbatzea bestea. To hori!
Helburu zailetan zailenetakoak. Santurik handienen, edo Basajaun, Mari, Odin, Zeus eta gisako jainkoen eskura baino egongo ez liratekeenak. Hara non, Jasotarrak ere maila goreneko santu dela egiaztatu digu, zalantzarako zirrikiturik utzi barik.
Euskaltzale porrokatu ez ditu ba bihurtu euskaldunon etsai amorratutzat genituen hainbat!
Ikusi besterik ez dago euskararentxantxangorriarenean gordetako agirian pilatutako sinaduren bilduma amaiezina. Idoia Mendia, nortespañako ia ezkerreko PSOEren buruzagi eskuzabala. Carlos Urquijo, udalerri euskaldunzalearen PP vascoa, Elkarrekin-Podemos munduzalea, UGT eta CCOO betigurekintarrak…

Kristok lapurrak nola, Jasokoak SEA, Confebask, Banco Popular, Santander, Crédit agricole, Sabadell-Guipuzcoano, CaixaBand, edo Caja Rural bildu ditu euskaltzaletasunera!

Horrekin ase ez, eta Cadena Ser, Casas regionales de Castilla y León,… Asociaciones Extremeñas,… Andaluzas, Carrefour, Simply, Confebask, El correo, El corte inglés, edota El diario vasco jarri ditu gure alderago ezin.
Arima bularrean ezin kabitu, begiak malkotan, eta bihotza Sutagarreko bateriaren antzera dauzkat. Hurrengo javieradan zure etxera noa, santu jator gurea, UPN-ero eta OPUStarren gurpilean abiatu behar banaiz ere. Basajaunarren!

Frantzisko Xabierkoari, esker onez