Ez dute ulertu nahi berek, bakoitzak, ikasi behar duela ja euskara…

Ez dute ulertu nahi berek, bakoitzak, ikasi behar duela ja euskara…

Ez dute ulertu nahi berek, bakoitzak, ikasi behar duela ja euskara...Joan den egunean txanda hartua nuen mediku espezialistarekin Donostia Ospitalean. Haraino joan behar izaten dut bere garaian hainbat mediku espezialista ez euskaldunekin nire anbulatorioan izaniko gorabehera istilutsu zenbaiten ondoren Osakidetzak orain urte batzuetatik aukera eskaintzen zidalako mediku euskaldunak izateko behar nuen guztian, orain nonbait denoi eta nonahi eskaini nahi digun eskubidea.

Nire mediku espezialista honek guardia asko-edo egiten ditu nonbait, eta hainbatetan gertatu zait ordezko medikurik aurkitzea. Inoiz euskalduna. Hainbatetan mediku hego-amerikarrak, euskara ikasten hasiak ere bazirenak. Azken hau adindu erdaldun-nahiko-hutsa. Nahiz ni behartu ez espainolez egitera (zerbait ulertzen bide zuen) -baina erreprimitu behar izan nituen nire galdera posible guztiak-, bere azalpen guztiak, espainolez.

Amaituta, galdetu nion: Eta euskaraz, noiz? Bigarrenean ulertu zidan. Espainolez azaldu zidan, bazuela ikasteko asmoa erretiratzen zenean. Eta nik argitu nion euskaraz, guk, euskaldunok, lehenago behar genuela ikastea. Lasai erantzun zidan ‘hainbeste gauza zeudela egin behar edo nahiko lituzkeenak…’.

Ez zitzaion bururatu ere egiten euskara jakin beharra zuela gu euskaldunoi euskaraz egin behar zigulako arreta eta gutxienez fundamentuz ulertu gurea. Euskara ikasteko interesa, eskergarria, bere propioa bide zen, jainkoak daki zergatik, denbora librea duenerako…, filatelia, numismatika edo latinerako denbora gehiago nahi/ behar lukeen gisa berean.

Zer egin behar dugu euskaldunok, zer egin behar dute gure agintariek, gure Euskal Herriko populazio erdaldun elebakarrak behingoz ulertu dezan berak, bakoitzak, euskara ikasten ez duen bitartean, berak, bakoitzak, ez dituela errespetatzen gu euskaldunon eskubideak, berak, bakoitzak inposatzen digula espainola uneoro ezinbestean…, eta berak zerbitzuak espainolez jasotzeko eskubidea eduki, eta ziur eskatzen duen bezala, daukagula guk ere euskaraz jasotzeko, eta hori hala izateko ezinbestekoa dela berak ere, bakoitzak, euskara ikasi dezan, besteak beste, eta bereziki, guk euskaldunok ere ordaintzen diogunean soldata.

Baina, ez dute ulertzen. Ez dute ulertu nahi. Ez dute ulertu nahi euskaldunok ere eskubideak ditugula, hizkuntza eskubideak, eta berak direla, euretako bakoitza, euskaraz egin behar digutenak, ez (bakarrik) Osakidetza, Eusko Jaurlaritza, ondoko kutxazain automatikoa, edo beti beste norbait… Ondikoz…

Ez dute ulertu nahi berek, bakoitzak, ikasi behar duela ja euskara…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude