Espainolaren kristalezko sabai (goxo) hori

Espainolaren kristalezko sabai (goxo) hori

Facebook-eko lagun euskaldun ugarik partekatu dute AEBko ikastetxe bati buruzko bideo bat. Erdialdean twist berezi bat du, ezustean, eta… spoilerrik gabe, behean dago bideoa. Nire lerroan behintzat, denek espainolezko azpidatziekin zabaldu dute bideoa. Sarritan bideo interesgarriak dira, baina beti geratzen zait sentsazioa, mundua gureganatzeko espainieraren zubia igaro behar dugula. Etengabea da hori, sare sozialetan AEBko bideoak, telesailak, beti iristen dira espainolez azpidazten direnean, oso gutxitan aurretik, ingelesezko “zirkuituan” milioika bisita dituen birala izanda ere. Jatorrizkoan gutxitan izanik, are gutxiago euskaraz azpidatzita.

Espainolaren kristalezko sabai (goxo) horiBerriki ikusitako beste adibide bat dakarkit gogora: Naomi Kleinen liburuak goraipatzen dira, zitak ekartzen, beti espainolez, erreparatu gabe euskaldun batek oraindik ezin duela liburu hori irakurri, euskara bazter utzi ezean (berdin, berriki arte, Angela Davisekin. Biba zuek, euskarara ekartzeko lana hartu duzuenok). Hainbatek euskarazko mezuetan “Esto lo cambia todo” irakurtzea aholkatzen dutelarik, mikromatxismoek seinalatzen zuten fenomenoaren antzera, inplizituki eta oharkabean euskarara ez itzultzeko eta euskaraz ez irakurtzeko gonbita ere egiten dutela iruditzen zait. Asko dira liburua aholkatzen duten euskaldunak, denek espainolezko itzulpenean, eta inork ere ez du euskaratzeko proposamena/eskaria egin. Baina mundu errealean inork ez dio proposatzen hitz egiten ari den hizkuntzan ez dagoen liburu bat: El PaĆ­s-ek ez die bere irakurleei espainierara itzuli gabeko libururik aholkatzen, absurdua litzateke (snob puntu bat ere izango luke, alemanez edo ingelesez baino ez dagoen liburu bat proposatzea. Halako kasuren bat dagoenean, oso idazle ezagun bati elkarrizketa egiten diotelako da, eta beti ekarri ohi du noizko egongo den espainol itzulpena prest). Lagun erdaldunei, lagun espainolei edo latin amerikarrei, ez diegu euskarazko liburuak proposatzen, euren hizkuntzara itzulitakoan egiten dugu. Baina euskaldunek euskaldunei etengabe espainolezko (ez beste edozein hizkuntzatako) kultur-produktuak aholkatuz. Bere hizkuntzan ez egotea egoera normala dela barneratuz, ezinbesteko dela espainola jakitea eta, bidenabar, sare sozialetan berarekin harremanetan daudenak espainola jakitera behartuz.

Detaile txiki horiek iradokitzen didate euskarak baduela espainola deritzon kristalezko sabai bat, aterpetu egiten duena eta mundua ezagutarazteko zubi zaiona euskaldunari, baina mundua euskarara ekartzea ere eragozten diona, ez baitu beharrezko, espainola hain du bere. Ahal den neurrian zerbait euskaratzen bada, ondo, baina ez dago inolako beharrik. Gure aisialdiaren eta kultur kontsumoaren zati handi(en)a espainolez izateak (beti espainolez, munduko kultura espainolaren galbahetik beti) ez digu eragiten tabernaria/medikua/udaltzain erdaldunarekin dugun kontraesanaren erdirik. Begiratu zer zabaldu duzun sare sozialetan, zer irakurri duzun pantailan zein paperean, zein telesail edo film ikusi, zein hizkuntzatan zureganatu duzun kultura hori guztia.

Katalanek ere berdin joka zezaketen, ez dute beharrezko, baina ohartuta daude normalizazioa ez dela herritar guztiek hizkuntza jakitea, mundua beren hizkuntzan izatea baizik, espainolean goxo bizi beharrean itzuli, itzuli eta itzuli, sare sozialetako bideoak, filmak, liburuak telesailak eta behar den guztia itzuli. Egun pare baten 75.000 bisita izan ditu.

Espainolaren kristalezko sabai (goxo) hori

Zer duzu buruan “Espainolaren kristalezko sabai (goxo) hori”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude