Espainieraren erruz, espainierari esker (Desikasten II)

Aurreko post-ean aipatzen nuenez, euskaldunok geroz eta urrats gehiago ematen ditugu ahalduntze bidean, herritar gisa hizkuntza-eskubidea edonon erabiltzeko, administrazio publikoan baina baita kontsumitzaile gisa, eremu pribatuan ere ekitea badugunez. Baina kalean ematen ditugun urrats irmoen aurrean, geure etxea, aisia, eremu intimoan hutsuneari ia erreparatu ere ez diogu egin. Gustura amesten ditugu UEMAko herriak, kalean euskara bizi-bizi, etorkizuneko Euskal Herri gisa, konturatu gabe, han ere, espainola dela nagusi etxe barruan. Esana dugu: aisia, batez ere, etxean egiten da gaur eta hemen, mendebaldeko Europan. Egunean lau ordu ematen ditugu telebistara begira, asteko zazpi egunetatik bat baino gehiago, 28 ordu ematen dizkiogu telebistari.

Utzidazue berriz ekartzen Euskaltelen iragarkia. Euskaraz iragartzen digu (“eskuratu kanalik onenak, 1.000 izenburu baino gehiago”), gero euskaraz emango ez diguna. Funtsean,Espainieraren erruz, espainierari esker (Desikasten II) telebista plataforma bat da, edukiontzi bat, baina edukiak emanda datoz. Egia da, euskaraz dagoen apurra (guztia) dakarkigula: ETB noski, baina baita Hamaika, Goiena eta beste. Badugu BBCren kanal bat ere, CNNren beste bat, eta beste hiruzpalau kanal espainolez ez direnak. Horien aldamenean, dozenaka kanal. Espainiakoak batzuk, noski. Beste asko, nazioarteko plataformak, Espainiarako bertsioa gureratuta. Aurki LTD kanal berriak izatea onartu du Espainiako gobernuak, eta noski, espainolez diharduten telebista kateei emango die. Frantzian eta Ipar Euskal Herrian dagoen gisan, Netflix plataforma Hego Euskal Herrian ere izango ei dugu urtea amaitu baino lehen, honezkero. Denak ere espainolez, denak ere Espainiako arauen arabera. Ba ei du aurrerago katalanez emititzeko asmorik. Eta -askoz aurrerago- euskaraz. Baina euskara ez da normalduko Jaurlaritzak Canal +ekin izandako hitzarmena sozializatzen ez den artean. National Geographic-eko Iberiar penintsulako arduradunari egindako elkarrizketa entzun nion berriki: Espainian espainieraz bikoiztuta eta Portugalen portugesez azpidatzita. Estatu bakoitzeko legeen arabera. Bikaina iruditu zitzaidan Canal Plus-ekin sinatutako hitzarmena; hiru hamarkadatan milioika euro kostatu den bikoizketa orduak ehunka mila gutxirekin berdintzea zekarren. Baina noski, estatua izanda, Portugalek legez behartzea daukazu zure herrialdean seinalea hedatu gura duenak zeuk ezarritako hizkuntza-betebeharrak betetzea. Espainiak edo Frantziak egiten duen legez, bestalde (egiaz, teorian ez dago zertan estatua izan horretarako, aski litzateke espazio radioelektrikoaren ardura uztea Estatuak, baina eskuduntza lortzea baino errazagoa dirudi Espainiatik bereizitako estatu propioa eratzea).

Bistan da gaurko euskalgintzarentzat oso atzean dagoen erronka dela. ETB zelan hobetu mila proposamen bai, baina ETBren ahaleginak hirukoiztuko balira ere  beste dozenaka kate horiek -eta euren eskaintza- euskaratzeko plangintzarik ez dagoen artean, normalizazioa ez da posible. Argi: ez da posible normalizazioa. Bestela esanda, Europako hizkuntza txiki baina normalizatuetan egiten dena beharko dugu helburu: Europako edozein herritarrek legez ikusten ditu euskaldunak nazioarteko telesailak, AEBkoak, britainiarrak zein eskandinaviarrak, eta bere hizkuntzan ez dituenez, espainol ikusten ditu. Baina horri bueltan ere eman dakioke: espainolez dituenez, ez ditu bere hizkuntzan behar. Eta gurpil zoro horrek eragotzi egiten digu normalizazioa. Kalean euskaraz egitea oztopatzen digun medikuak, funtzionarioak, dendariak gatazka bat ezartzen digula uste dugu, baina geure aisialdian maite ditugun idazleak, film-zuzendariak, telesailak eta abar geurean ezin gozatuari ez diogu garrantzirik ematen. Hain ondo dakigu espainola/frantsesa, ez dugula zertan geurean izan. Nolabait badakigun kontua da, baina halaber ezinbestekotzat jotzen dugun zerbait.

Badirudi ontzat ematen dugula euskarazko sorkuntza dela egiaz sustatu beharrekoa. Kanpokoarentzat, gordeko dugu kuota bat, astiro-astiro geure egiteko, baina denok jakinda egiaz bost axola zaigula, Literatura Unibertsala bilduma euskaraz ez bagenu ere irakurriko genituzkeela obra horiek espainolez. Hau da, euskarak beharrezko dituela obra horiek, ez hainbeste euskaldunok (eta argi esan dezagun, euskal idazle eta kazetariek baino askoz maila hobean daude itzulpenak azken urte mordoxka batean, itzultzaileak baitira zinez hizkuntzari erreparatzen diotenak, beste eremu batzuetan sumatzen den utzikeria ezinezko baitzaie itzulpen lanean).

Asier Sarasuak urtez urte berritzen du azken hamabi hiletan irakurritako liburuen zerrenda. Hemen duzue irakurgai 2014ri dagokiona. Lehen inpresioa, noski, asko irakurtzen duen pertsona dela. Euskaraz asko irakurtzen duena. 43 liburu iaz, horietatik 26 euskaraz, hamabi espainolez, hiru katalanez eta bana galizieraz eta ingelesez. Uste dut gehienok bat etorriko garela euskarazko literatura asko kontsumitzen duen pertsona bat identifikatzerakoan. Gertatzen da, baina, astean liburu bat edo urtean 45 inguru irakurtzen dituen irakurle bat irudikatzen badugu Toledon, Reimsen edo Dresdenen, horietako 40 gutxienez bere hizkuntzan liratekeela, eta bizpahiru agian ingelesez edo bestelako hizkuntza bat trebatzeko ariketa gisa. Eta berdin irakurle hori esloveniarra, estoniarra zein islandiarra balitz. Are nabarmenagoa da aldea, komikiei begira: zortzi euskaraz eta hamar espainolez. Euskarazkoetatik bat da itzulpena (Asterix), espainolez berriz… hamarrak! Hau da, euskarak ez du asebetetzen irakurle horren zaletasuna. Garrantzitsua izango da okinak eta aguazilak euskaraz jakitea, baina norbere plazer uneak ere norbere hizkuntzan izatea ez ote da garrantzitsu halaber?

Pertsona bakarrak ezer gutxi egin dezake. Lorea Agirrek Xuan Belloren Hestoria Universal de Paniceiros edo Maialen Lujanbiok John Bergerren “Aquí nos vemos” (Here Is Where We Meet ingelesezko jatorrizkoan) liburuak proposatu zituzten “Berrirakurtzen” zikloan Donostian. Konstatazioa da egile horiek ez dituztela beren hizkuntzan, baina era berean, hori ez dela oztopo egile horiek ezagutu eta gozatzeko. Are gehiago, edozein espainolek bezala gozatzen ditugu lanok, haiek bezain ondo dakigulako espainola. Eta espainola hain ondo jakinda, ez dago zertan euskaratu. Ez da ezinbesteko euskaldunontzat. Kalean desikasteko eta ahalduntzeko egiten dugun saiakera ezinezko zaigu etxe barruan.

Bistan da zorte handia dela espainola edo frantsesa ezagutzea, munduko hizkuntza garrantzitsuenetakoaren jabe izatea, jatorrizko hiztunen pare. Baina hizkuntza bat ezin da normalizatu euskaldunak Valladolideko edo Tourseko batek bezain ondo egin badu “bere” erdara. Roque Dalton edo Sedar Senghor irakurri eta burgostarraren edo dijondarraren pare ulertzea pribilejioa da, baina Xuan Bello, John Berger, edo Greyren itzalak gure hizkuntzan ezin irakurri eta horren natural bizitzeak kezkatu beharko gintuzke. Badakigu kontua ez dela hiztun-kopurua, izan gintezke islandiar edo estoniar, baina ez dugu nahi. Ez dugu behar. Ez gaude prest euskararekin bakarrik ibiltzeko, espainolaren makulurik gabe. Espainolaren “erruz”, ez ditugu lan horiek euskaratu. Espainolari “esker”, ez dugu zertan lan horiek euskaratu.

Espainolaren erruz, espainolari esker, hizkuntza txiki baina normalizatu batek beharko lukeena baino askoz gutxiago daukagu. Inoizko itzultzaile onenak ditugu, sekula baino literatura gehiago itzultzen da, baina gutxi da, oso gutxi. Euskal kulturzale arrunt bati oso estu datorkion jantzia da euskara, eta espainola aspalditik egokitu da bere gorputzera.

Espainola desikastearen ariketa kalera eramatea oso ahalduntze garrantzitsua da. Hiria desberdin ikusteko era bat, boteretzeko era bat, eta desberdin ikus zaitzaten egindako ahalegina, turista europarrari egiten zaion begirunea eskuratzeko saiakera. Baina ariketa hori etxera ere ekarri behar da, geure ohitura eta joeren ispiluan jarri. Etxean egin dezagun espainola desikasteko ariketa, eta begiratu apaletara. Eta piztu telebista, eta zoaz katez kate aldatzen eta jabetzen zer litzatekeen espainolik gabe bizitzea. Eta nabigatu pixka bat sarean. Begiratu nori jarraitzen diozun twitterren, eta espainola desikasita nortzuk kendu beharko zenituzkeen. Horixe da euskaraz normaltzeko egin beharreko bidea.

Greyren Itzalak irakurri eta ikusi dituzte milaka euskaldunek, beren hizkuntzan ez badago ere. Grammy sariei begira, auzoko tabernariarekin erdaraz ezin beharrak baino ezinegon handiagoa dakarkit: mundu osoko milioika ikusle dituzten telesail hauek nolatan ikusi behar ditugu espainolez/frantsesez euskaldunok? Auzia ez baita gurean telesail horiek ez daudela, euskaldunok Europa mendebaldeko beste edozein herritarren gisan kontsumitzen dugu telebista, Sestaon zein Aramaion, eta berdin-berdin hartzen dugu eguneroko lau orduko dosia, ia erabat espainolez. Norbaitek benetan sinesten du “Euskaraz bizi gara” dioten kartel horiek? Berriatun edo Amezketan ez ote dira Tele5 eta Cuatroko saioak ikusten?

Eta horren aurrean, bai, euskarazko sorkuntza sustatu beharko da, baina egin beharko da behingoan plangintza bat kanpotik datorrena gureganatzeko, halaber. Denok dakigu euskaldunaren kultur kontsumoa Europako edozein herritarren parekoa dela, liburu/film/telesail arrakastatsu berberek izango dutela gurean ere arrakasta, baina espainolez dakigunez, ez dugu zertan hori euskaratu.

Erresistentziaren kulturan gaude, herri txiki bateko kulturgileen sormenarekin, eta itzultzaileek tantaz tanta dakarzkiguten atzerriko altxor urriekin. Gainontzekoa, espainolaren eskuetan delegatzen dugu, hark bazka gaitzan, hark har dezan guk egiten ez dugun itzulpen lana. Estonia, Islandia, Eslovenia izan behar dugu, ez Gales. Eta argi badugu hegemoniak eta ahalduntzeak orain arte hegemonikoa izan dena estrategikoki “desikasi” beharra dakarrela, berehala jabetuko gara zein den gure hizkuntzak egiaz daukan kristalezko sabaia. Espainolik ezean, halabeharrez ekarri beharko genuke euskarara Greyren Itzalak eta True Detective eta Borgen eta burura datozkizuen bestelako kultur-lan guztiak. Baina espainola dugunez, espainola dugulako, espainolari esker eta espainolaren erruz, bost axola digu lan horiek euskaraz egon ala ez.

Eta baten batek planteatuko du: “baina orduan esaten ari zara liburu guztiak, zinema guztia, telebista-kate guztiak euskaraz behar ditugula? hori ezinezko da”. Eta Pla i Nualart ekarriko dut berriz ere: ez dut esaten hori ezinbestekoa denik, nik diot hori egin behar(ko) dela euskara normaltzeko. Euskara normaltzen ez bada ez da mundua amaituko, baina normaltzea bada asmoa, ezinbestekoa da gure egunerokotasun hori gure hizkuntzan izatea.

Espainieraren erruz, espainierari esker (Desikasten II)
Argazkilaria: Conny Beyreuther

Katrin Jakobsdottir Islandiako kultura ministro ohiari honi buruz galdetu nion. Kezka neukan zelan moldatzen zen 300 mila biztanle/hiztun dituen herrialde hori. Bai, munduan gehien irakurtzen den herrialdea da, baina 300 mila 300 mila da, ez dute espainolaren eta frantsesaren itzulpen eta ekoizpen gaitasuna. Banuen jakinmina, esaterako, islandieraz ez zegoen hori, irakurtzen ote zuten danieraz (Danimarkaren menpe egon zen 1944 arte) edo islandiar gehienek aski ongi egiten duten ingelesez. Eta ezetz esan zidan. Jendeak jakin arren, bere hizkuntzan irakurtzen zuela, are itzultzailearen lana estimatzea ere gustuko zutela. Besterik zela, noski, ingelesez irakurtzea gustuko izan zezakeen jendea, baina islandiarrek oro har, islandieraz irakurtzen dutela. Eta noski, horretarako ahalegin eskerga egiten dutela itzulpenean, mundua islandieraz izan beharra ezinbestekotzat dutela, kosta ahala kosta.

Ez dut esango geuk ere garrantzirik ematen ez diogunik. Katalanaren ostean gehien itzultzen den hizkuntza gutxitua izan liteke, baina hizkuntza normalizatua izan nahi dugu, ez gutxitua. Eta horretarako, ezinbesteko da euskaraz askoz gehiago izatea, eta espainolik behar ez izateko plangintza izatea. Desikastea ezinezko bazaigu, Hegoaldekook beti baigorriar bat sartzea mentalki gure egitasmoan eta pentsatu gure hitzaldi/proiekzio edo dena delakoan egoterik ote leukakeen espainolik jakin gabe.

Beharrezko urratsa dugu desikastetik abiatzea berriz ere espainola geure egiteko, espainolaz ere gozatu ahal izateko, gure hizkuntzan egon ez eta hartara behartuta gauden sentipena izan gabe. Are okerrago baita sentipen hori izan ez eta naturaltasunez hartzea liburu ingeles bat espainolera itzulita, euskara normaltzetik zelan urruntzen ari garen jabetu barik.

21 pentsamendu “Espainieraren erruz, espainierari esker (Desikasten II)”-ri buruz

  • Gauz gehienekin bat nator nabardura batzuekin.
    Besteak ez dakit beraz nik niri gertatzen zaidana jarriko dut.

    Liburuak nahi baditut Euskaraz bilatuko ditut edo bestela zuzenean ez ditut ezta begiratzen, baina liburu mordo daude Euskaraz nahiz ta asko faltako diren.
    Baina etxean telebistan zaudenean, edo interneten zerbait ikusten, Gazteleraz ikusten dut ez zaidalako besterik gelditzen, Juego de Tronos Euskaraz ikusi ahalko banu Euskaraz ikusiko nuke, baina ez badago denari uko egin behar zaio? Edo agintzen dutenak zerbait egin beharko zuten ahal delako?

    ETB1an ez da dena Euskaraz iksuten (ta programazioa oso kaxakarra da), ETB1an programa mutuak, Gazteleraz egindako elkarrizketak, Ingelesez botatako pelikulak azpidatzi gabe ere botatzen dituzte noizean behin…

    Islandia estatu bat du atzean baliabideak ta legeak jarriz Islandieraz egin dezakete lasai asko, askooooo irakurri, zinemara juan….
    Baina jartzen ez badizute zail xamar izango dezu ezer ikusi edo irakurtzea.

    Prposamena orduan zein litzateke gauzak Euskaraz ez ditugun bitartean? Ezer ez ikusi? Ba tamalez ez nago prest.
    Tweterren erraza iruditzen zait, Faceboken… Hor ni naizelako idazten duena, komunikatzen dana… Baina jaso behar dudanean, ematen duena da aukeratzen duena, ta hemen ez digute Euskarazko aukerarik ematen gauz gehiegietan.

    Agian Euskaltzaleak, Euskararen kontra diharduteneai bozka kenduko baliete…. Baina horretarako Euskaltzale hoiek bai ez daudela prest.

    • Estatua edukitzeak ez du bermatzen hizkuntzaren kontsumoa, begira zer gertatzen den Irlandan gaelikoarekin. Hizkuntzan kontsumitzeko nahiak bermatzen du hizkuntzaren hedapena.

      Euskaldunok soilik euskaraz kontsumitu nahiko bagenu euskarazko makina bat eduki sortuko lirateke.

      • Gaelikoa ia ez da ezagutzen ezta ere hitzegiten, beraz Gaelikoz bizitzeko Euskaraz bizitzeko baino askoz zailagoa dute.
        Ta Estatua bermatu like nahi badu, Gaelikoa Gaztelerarekin (edo Frantsesarekin, Alemaniarekin…) gertatzen dan moduan, derrigor egiten badute, azkenean jendea kontsumituko du, guk Gazteleraz kontsumitzen dugun moduan Behartuak garelako ikastera Euskara borondatezkoa dan bitartean.

        Gauza da hizkuntza bat ez badakizu, hizkuntz horretan bizitzeko lehengo ikasi behar duzula denbora, dirua… xahutuz.
        Baina esfortsu gabe jada baldin badakizu… Ta edozer gauza hizkuntz horretan baduzu…Gazteleradunek Gazteleraz kontsumitzen dute Gaztelera derrigorra delako edozertarako, ta dena aurkitu dezaketelako Gazteleraz esfortsu gabe,ta ohitutak daudenez ta ikasi behar ez dutenez….

      • Peru Dulantz 2015-06-30 14:07

        Soziolingustikak guztiz kontrakoa dio. Jendeak ez du hitzegiten (irakurtzen) nahi duen hizkuntzan, ahal duen hizkuntzan baizik. Eta hor era askotako eragileek hartzen dute parte, “borondatea” azken-azken lekuetako batean kokatzen delarik.

  • Urtzi Urrutikoetxea 2015-06-29 15:27

    Kontua beste bat da, nik uste. Badakigu gauza asko falta zaizkigula, baina axola digu? Larria iruditzen zaigu? Kexu baldin bagara udalean, medikuarenean, auzitegian euskaraz egiterik ez dugulako, nolatan horrelako utzikeria gure zaletasunak euskaraz egin ezinik?

    Azpeitian, Tolosan, Lekeition, Ondarroan, zineman espainolez proiektatzean, inor kexu da? Herriko medikuak erdalduna bada, “euskaraz bizi nahi dugu” diogu, baina jarrera hori bazterrean uzten dugu etxean sartzen garenean, zinemara goazenean, baita UEMAko udalerrietan ere.

    Kontua ez da “Juego de Tronos” (A Game of Thrones-i buruz ari zara, ezta?) euskaraz ez badago espainolez ikusiko dudala esatea, argudio horrekin euskara ez baita ezertarako beharrezko bihurtzen. Ziur aski zure telesail, liburu, film kuttunarekin denbora luzeagoa emango duzu udaletxeko bedelarekin baino, baina exijentzia maila txikiagoa da.

    Herritar arruntak ezer gutxi egin dezakeela? Lehendabizi kontzientzia hartzea dator, euskaraz bizi nahi eta ezinezko zaiola, eta jabetzea euskaraz bizitzeko hori guztia euskaratu beharra dagoela. Kontzientziatze eta jabetzea da lehen urratsa, eta hortik aurrera planteatu zein urrats eman, zenbateraino igo itzulpengintzarako probisioa, nola egin film eta telesailak euskaraz izateko eta emititzeko (EHn emititzen duten telebista kateetarako baldintzak Espainian edo Portugalen emititzeko berberak izatea, adibidez).

    Baina orain arteko utzikeriarekin amaitu behar da. Edo ez, biana normalizazioa horrela baino ez da posible. Aisialdiko ordu gehienak beste hizkuntza batean egiten dituen herri batek sekula ez du normalduko bere hizkuntza.

  • Juego de Tronos ikusten dudan bitartean nire ahotik ateratzen diran hitzen %99a Euskaraz dira, Gazteleraz hitzegiten didatenean Euskaraz erantzuten dut, Tweterren ia ez nun Gzatelera erabiltzen ta orain erbiltzeari utzi diot…
    Jendea kexatzen da mediku Euskalduna ez duenean,gauza da gero bozka ematen diola Euskara baztertzen duenari.
    ETB1ri dagokionez, duela 20 urte orain baino 8 aldiz gehio bikoizten zan, beraz hori erraza litzateke boluntadea badago.
    Zinemarekin berdin, baina azkenean ez da bakarrik Euskara ta indarrak xahutzen juaten dira, etsipena zabaltzen….

    Degun autonomia ziztrinarekin legez egin zitekeeen EHko hiritar guztiak Euskara gabe eroso bizi ahal ez izatea, baina ausardiarik ez dagoenez…

    Ta zenbat ez dira gai errateko bere gurasoei, lagunei, osabei, aitaginarrebei…. Euskara ez jakitea errespetu falta dela?
    Gurasoekin eztabaidak asko dira baina badirudi horrelako zerbait ez dagoela ondo.

    Azkenean badirudi Gazteleraz egindako guztiari uko egin beharko dugula nahiz ta ez Euskaratu.
    Ta horrela jarraituta nire etxean ikusten naiz paretari begira orduak ta orduak.

  • Ta Israel adibide ona da, Hebreoa berpiztu zuten, horretarako baliabideak jarri ta praktikan hizkuntz hori gabe bizi duina izatea han ia ezinezkoa da, Frantzian, Alemanian… gertatzen dan bezala.

    • Hebreera Israel estatuaren sorrera baino lehen berpiztu zen, Eliezer Ben Yehuda judutarren Israelerako lehen itzuleran (1881-1903) hara joan zen eta hizkuntza komuna berpizten hasi zen. Bigarren itzuleran (1904-1914) hebreera hizkuntza nazionala izateko bultzada handiagoa izan zuen, kontuan izan behar da itzuletan herri anitzeko judutarrak zeudela eta hainbat hizkuntza ezberdin erabiltzen zutela eta sionismoaren idea oso zabaldua zegoela haien artean.

      Palestinako Britaniar Mandatuan hebreera jada ofiziala zen (1922), beraz pentsa zer nolako sustapena izan zuen hizkuntza judutarren artean, haien borondatea izan zen hizkuntza berpiztu zuena eta ez estatua. Estatua lagungarria da baina borondatea da hizkuntzaren berpiztearen oinarria.

      • Kaixo Hego, hizkuntz bat berpizten hastea ta guztiz berpistea osasuntsu egon arte gauz arras ezberdinak dira, Estatua izan zan diozunarengatik derrigor bihurtu zuna, ta derrigor bada berdin du nor ikasi nahi duen ala ez, hor egon nahi badezu ikasi egin beharko dezu.
        Euskara ere “berpizten” ari da (nahiz ta inoiz guztiz ez desagertu), baina ez dago oasuntxu ta gehienak ez dute menderatzen, derrigorrezkoa balitz, 10 urteren bueltan, ez legoko Euskal hiritarrik Euskara jakingo ez zuenik.
        Israelek ere bere alde un zuk diozuna, Israelera juaten ziranak hizkuntz ezberdinak zeramatzaten, ta ez zuten beste hizkuntz hegemoniko bat legez iltzatuta.
        Ongi izan.

      • amonamantangorri 2015-06-30 12:53

        Jakina. Palestinara milioika judu joanagatik, denek zuten israeldar eta hebraieradun bilakatzeko asmoa. Nazio horren parte ez ziren bertakoak, arabiarrak, kanporatuak edo minoria bihurtuak. Sei urteko soldadutza, kibbutzetan bizi, eta tatxan, hor duzue hebraieraren berpizkunde miragarria.

        Goiko gaiaren alderdi bati buruz: Zalantza dexente baditut itzulpen eta bikoizketen gaineko politika publikoei buruz. Adibidez: Seguru nago Santi Leone zuzeulariak ezin hobeki euskaratu zuela Vargas Llosaren Pantaleón y las visitadoras. EAEko erakunde batek ordainduta argitaratu zen liburua, Literatura unibertsaleko lan nagusiak ezinbestean euskaratu egin behar direla eta. Denok dakigu, ariketa linguistiko beharbada interesgarri bat izateaz aparte, itzulpen hori Hegoaldeko euskaldun irakurle gutxik ibiliko duela, jatorrizko bertsioa eskura edukita. Eta Iparraldekoei ere bost.

        Antzeko bikoizketekin. Ikusi izan ditut film bikoiztuak ETB1en, Euskal Zinema sailean. Ez dut batere interesik Antonio Resines eta Alex Angulo euskaraz bikoiztuta aditzeko.

      • Peru Dulantz 2015-06-30 14:10

        Uste dut borondateak nahasten ari zarela. Gauza bat da norbanakoaren borondatea eta beste bat Estatua osatzen duen komunitate edo nazioarena. Nazio horrek osatzen du estatua. Irlandako estatuak inoiz ez zuen benetan bultzatu (sinistu) gaelikoa hizkuntza nazional gisa, Israelgoak, berriz, bai.

        • Ezaugarri bereko pertsonek egiten dute nazioa eta estatua nazio horretan onarrituta kudeatzen du.

          Irlandarrek ez dute gaelikoa nazio hizkuntza nahi, hori nahiko balute irlandieraz biziko lirateke, estatua legez baimentzen du eta. Gaelikoa folklorismo hutsa da Irlandar askoentzako, EHan euskararekin gertatzen den bezala, ikasi bai baina erabili ez.

          • Peru Dulantz 2015-07-01 14:50

            Nazioak egiten du estatua. Nazioaren borondateak egiten du Estatuaren borondatea. Ez nahastu norbanakoen jokabidearekin. Norbanakoek era askotako jokabideak izan ditzakete; baina, hizkuntzaren erabilerari dagokionez, eragile asko daude: hiztunaren gaitasuna, hizkuntza-komunitatearen dentsitatea, hedabideak, era guztietako tresnak, hizkuntza paisaia… Borondatea ere izan daiteke eragile bat, baina (estatistikoki) oso neurri eskasean erabakigarria. Zuk izan dezakezu nahi duzun borondatea, baina gaitasunik edo aukerarik ez baduzu… Ez zait sekula ahaztuko nolako haserrea eragin zidaten Hizkuntza Politikarako sailburorde bati Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan entzun dako hitza hauek: “ez dakigu zergatik jendeak nahiago duen erdaraz hitz egin euskaraz hitz egin baino… ” Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek!!!

  • Urtzi:

    Zenbait puntutan arrazoi osoa duzula iruditzen zait, baina beste puntu batzuetan “euskaralismo” (nazionalismoarekin jokua eginez) endogamiko zaharkitu baten printzipioak somatzen ditut.

    Euskaldunak gara, bai, eta euskaraz bizi nahi dugu, eta ezin dugu nahi bestetan bizi. Ados. Zenbat eta euskaldun gehiago izan, aukera gehiago izango genukela iruditzen zait.

    Euskaraz ez dakiten edo euskaraz bizi ez diren horiek bihutu behar ditugu euskaldun, eta argudio horiek urrundu egiten dituztela uste dut. Euskara maitatzeko ez da zertan beste hizkuntza bat “gogorratu / ekiditu” behar. Nik aukeran, nahiago munduko hizkuntza guztiak erabili ahal izateko gaitasuna eduki!

    Adibide bat
    “A Game of Thrones” ikustea euskaldunagoa da “Juego de Tronos” ikustea baino?

    Euskalduna naiz eta harro nago. Gaztelera menperatzen dut eta horregatik harro nago. Ingelesa menperatzen dut eta harro nago. Frantsesez ez dakit tutik ere, eta ez nago harro.

    • Peru Dulantz 2015-06-30 14:16

      Ados, Maite, baina ez ahaztu elebitasun (eleaniztasun) idilikorik ez dagoela benetan. Pertsonak eleaniztunak izan daitezke, baina ekintzak eta egoerak ez. Praktikan, hizkuntza bat sartzen bada leku batean, beste hizkuntza bat aterarazten du. Adibidez, zure seme-alabei gaztelaniaz hitz egiten badiezu, EZ diezu euskaraz hitz egiten; musika talde bat sortu eta ingelesez kantatzea erabakitzen baduzu, euskaraz EZ kantatzea erabakitzen ari zara… Egoera normalizatu batean, aberastasuna izan liteke hori, baina euskararena bezalako egoera ahuletan, are eta gehiago ahultzea dakar.

    • Urtzi Urrutikoetxea 2015-06-30 15:15

      Iruditzen zait nire planteamendua nazionalismotik urrun dagoela. Besteak zioen legez, estatua nahi dut independentista ez izateko. Euskara normaltzea Europako hizkuntza txiki baina normalizatua izatea da, bizitzako funtzio guztietarako balio duena. Horrek ez du kentzen, noski, euskaldunek beste hizkuntza batzuk jakinez gero, ahal duten neurrian jatorrizkoan gozatzea obra horiek.

      Espainol hiztun batek ingelesa ondo badaki, ingelesez irakurriko du Kureishi. Eta nik, espainola dakidanez, espainolez irakurtzen dut Gabriel Garcia Marquez (eta hala ere, behar dugu Gabo euskaraz, euskara hizkuntza normala izango bada espainolik ez bageneki bezala jokatzea baitagokigu). Estoniar askok errusiar autoreak errusieraz irakurtzen dituzte oraindik. Baina ez da logikoa estoniar batek Kureishi edo Garcia Marquez irakurtzeko errusierazko itzulpena baliatzea. Albanieraz ez dakien espainol batek, ingelesezko itzulpena erabiliko luke ala espainolezkoa?

      Kontua ez euskaldun gehiago behar izatea, estonieradunak ez dira gu baino askoz gehiago, eta islandieraz dakitenak euskaldunen erdiak ere ez dira. Baina beren hizkuntzan bizi dira egiaz, ez dute makulurik erabiltzen munduan aritzeko, etxean etxekoa, kanpoan ingelesa, eta hortik aurrera ahalik hizkuntza gehien. Hori bera planteatzen dut.

      Euskaldunok espainolezko itzulpena baliatzen dugunean (espainolaren makuluarekin gabiltzanean) Errumaniako liburu bat irakurtzeko, Danimarkako telesail bat ikusteko, praktikan euskara behar izatea ukatzen dugu. Badakit, nik ere ez diot utziko Berger edo Kadare irakurtzeari euskaraz ez dakidalako, baina munduaren eta nire hizkuntzaren artean hirugarren hizkuntza bat txertatzen dudan bakoitzean, gutxienez kontziente izan nadin nire hizkuntzaren egoera pobreaz, ez baita aski nire gutxieneko kultur beharrizanak asetzeko.

      Besterik da oso eremu jasoan, unibertsitateko testu asko, ingelesez baino ez egotea, eremu horietan ohikoa da “hizkuntza komuna” ingelesa izatea, baina guri itzel kostatzen ari zaigu espainolarekiko morrontza hori uztea. Gertatu zait master batean autore frantses bat itzulpen espainolean irakurri behar izatea. Eta auzo-lotsa ematen du, lehendabizi euskararen morrontza agerian uzten duzulako (funtsean, masterra egiteko espainola jakin behar dela adierazten ari zara), eta ondoren, aldamenean Ziburuko ikasle bat daukazula jabetuta.

  • Urtzi Urrutikoetxea 2015-06-30 15:18

    “euskaraz ez dagoelako” esan nahi nuen, noski

  • Kaixo, Urtzi berrio!

    Nere iruzkinaren inguruko kontu bat argitu nahi nuke. Espresuki “euskaralismo” hitza ibili dut eta ez nazionalismo (parantesi arteko oharrean, beste korrote bat aipatu behar nuen ez nahasteko), gaur egun euskarak korronte politikoetatik aldendu behar dugula iruditzen zaidalako. Hizkuntza batek ez luke ideologiarik eraman beharko!

    Eskerrik asko!

    • Hizkuntzak ideologia dramate, askok Nazio edo estatu baten parte sentiarazten duten ideologia, baina Euskara ez da ez eskumakoa ez ezkerrakoa, Euskaldunena da ta EHko hiritarrak derrigorrez jakin beharko zuten hizkuntza da, Gaztelera derrigorrezkoa da, hori erran nahi du ez dela zilegi Madrilen ezartzea derrigor? Ze korronte politikotik aldendu behar da Euskara? Ta Gaztelera?
      Gaztelerare derigortasuna, inposaketa… ez du Gaztelerarekiko gorrotoa pizten, Euskarari buruz ari bagera baI? Ez, aitzakia da ez ikasteko, erabiltzeko, Espainiartasunean bizitzeko…..Alden dezagun Gaztelera korronte politikoetaz, ta jada horrela gaudela, borondatezkoa bihurtu ta Funtzionario izateko 10 puntuko balioa eman diezaiokegu, ta Gaztera gaur egun dituen eskubideak Euskarari eman. Ongi izan.

    • Peru Dulantz 2015-07-01 14:39

      Niri grazia egiten didate “abertzaleek hizkuntza patrimonialiatzen dute” edo “politizatzen dute” bezalako baieztapenek. Normalean alderdi espailolisteatik datoz ideia horiek. Halakoetan hauxe pentsatzen dut: “tira ba, hasi zuek gu baino euskaltzaleago eta kontsekuenteago jokatzen, ken iezaguzue bandera hori eskuetatik; euskatzale gisa, pozik ikusiko nuke hori” (ezinezkoa dela ederki jakin arren)

  • Kaixo Dulantzi, jendea ahal due hizkuntza irakurtzen du? Noski, baina leno hizkuntz horretan egon behar da, baina nahiz ta zerbait hizkuntz horretan egon, hizkuntza ez badakizu ezingo duzu hizkuntz hortan irakurri, ta Gazteleradun elebakarrak, Gazteleraz dituzte gauzak ta Gaztelera esfortsu gabe ikasi dute, beraz jende hori dena gazteleraz kontsumituko dute, ezin dutelako beste hizkuntzan kontsumitu.
    Ta hemen berdin, gauzak Euskaraz izango bagenitu,Euskara derrigorra izanik, bera gabe lan duina izatea posible ez izanda, jendea ikasiko zun ta Euskaraz irakurri ta kontsumituko zun. Borondate onez edo txarrez baina kontsumituko zun..
    Zerbait zure hizkuntza ez egotea ezinezkoa bihurtzen du hori irakurtzea baina hizkuntza ez badakizu berdin,