Espainiera desikasten (I)

Performance potenteari ekin zion duela hamar egun Lutxo Egiak, ariketa xume batez: hilabete egitea bera bizi den lekuko hizkuntza hegemonikorik gabe. Karmelo Landari entzun nion duela ez asko “desikasi” kontzeptua, flandriar mugimenduak praktikan jarria nonbait, diglosia amaitzeko: funtsean, frantsesa jakinda ere, hari uko egitean zetzan. Berriki bisitatu gaituen bruselatar batek zioskun legez, “frankofoentzat normaltasuna dena, beren hizkuntzan egitea edonora joanda, estremismoa da flandriarrok praktikan jartzen dugunean”. Areago gurean, noski, bizi osoa espainol hutsez egin duenak estremista deituko dio egun bakar bat bere hizkuntzan bizi nahi duen euskaldunari.

Euskalgintzak bide berria aurkitu behar duen atakan, oso esanguratsua da Lutxo Egiak abiarazitakoa, planteamenduan euskara ia ekuaziotik atera izana eta arreta “hizkuntza hegemonikoan” jartzea. Lehen ere esan dugu, euskara normalduko bada, euskarari buruz gutxiago hitz egin beharko dugula. Lehen ere esan dugu: unibertsitateak irakasle euskaldunik jartzen ez duenean, manifestazioa edo itxialdia egitea aukera bat da, baina eraginkorragoa da ziur aski desobedientzia zuzenean egitea: nork bere hizkuntzan, batek espainolez eskolak, besteak euskaraz galderak, lanak, azterketak. Euskararen arazo zena elebakarraren arazo bihurtuko da.

fifty-shadesAhalduntze eta botere-hartzeko eskema honetan, baina, badago ia ukitzen ez den eremua, euskarak kalea eta kalea besterik ez balu eskuratu behar bezala. Erresistentziatik hegemoniara doan bidea kalean baizik egin behar ez balitz bezala. TELP tailerrak antolatzen dira eguneroko egoera arrunten aurrean gure hizkuntzari eusteko, begirunez baina irmo. Geroz eta gehiago ohartzen gara euskaraz ez dakiten herritarrek euskaraz bizitzea eragozten digutela (eta ez, edo askoz gutxiago, jakin eta erabiltzen ez dutenek. Katalan-hiztunak eremu espainol-hiztunenean ere katalanez egiten dute, badakitelako auzo eta herri horietan, erabili gabe ere, denek dakitela katalanez).

Euskaraz egiteko eskubidean ahalduntzen ari gara, zerbitzu-publikoetan, administrazioan, osasun-zerbitzuetan, poliziarekin, badakigu ekina beharko dela, baina jakitun gara hiztunok eta hizkuntzak egin beharreko bideak direla euskara normaltzeko. Funtsean, estatu euskaldun bat behar dugula, euskara estatu-hizkuntza izango duena, beste hizkuntzetako hiztunei begirunea izan eta eskubideak aitortuko dizkiena, baina euskaraz jardungo dena.

Bide horretan, espainola “desikastea” funtsezkoa da. Lutxoren aurretik, badira Bilbon espainolez ez dakiten bi jende-talde: batetik, kanpotik etorritakoak, izan turistak egun batzuetarako, izan bizimodu hobe baten bila etxetik joandakoak, bestetik familia euskaldunetako umeak. Espainolik ez dakiten bost urteko ume gutxi egongo dira hirian, baina gurea da horietako bat. Saiatzen da alaba, ikastolan lagunak izateko behar-beharrezko baita espainola, baina oraindik ezinean dabil, hitz batzuk lotzen ditu, kantaren bat, baina ez du hizkuntza ulertzen oraindik. Eta hori arazoa da medikuarenera joatean, noski. Baina ez hor soilik. Duela ez asko irten zen albistea, AEBko ume txiki batek -lau urtekoa, oker ez banago- amaren bizia salbatu zuela, hari bihotzekoak jo eta 911 markatzeko gai izan zelako. Gureak, markatu izan balu ere, ama galduko zukeen ziur aski, telefonoaren beste aldean inork ez baitzion bere hizkuntzan egingo.

Helduok ere horrela desikasiko bagenu, irakaskuntza, osasuna edo poliziak gure hizkuntza ikasi beharra are agerikoago legoke: zelan betearazi legeak kode linguistiko partekaturik gabe? Beste horrenbeste eremu pribatuan, zein estatutan onar liteke salgaien etiketak ez egotea bertako hizkuntzan? Hizkuntzak soberania behar du hegemonia lortzeko.

Baina hori guztia eskuratuta ere, badago beste eremu bat. Estatuari, kaleari argi utzi diogu hizkuntza hegemonikoa desikasi dugula, hegemonia galarazi diogu hizkuntza horri, geureak hura lortzeko bide gisa. Baina sartu gara etxean. Egin proba, begiratu aldamenean. Begiratu apaletara. Zinez espainola desikasiz gero, zenbat liburu bota behar dituzue? Zenbat plazer uneri egin behar diozue uko? Beraz, zer egin hizkuntza hegemoniko hori gabe? Zenbat liburu emango dituzu opari? Zenbat aldizkari? Zenbat DVD eta film?

Espainiera desikastenGeroz eta kontzientzia handiagoa dugu, eremu publikoaz harago, tabernan, IKEAn, Eroskin edo El Corte Inglés-en gure hizkuntzan egiteko. Sarritan gertatzen da egin ezina, eta deserosotasuna igartzen dugu gure baitan, tentsionamendua, zakar agertu gura ez baina espaloitik jaitsi ere ez, geureari eutsi behar hori. Aldiz, etxera gatozenean natural onartzen dugu gure aisialdia, gustukoen ditugun zaletasunetako batzuk, liburuak irakurtzea, filmak ikusi, hizkuntza hegemonikoan egin behar dugula. Espainola behar dugula horretarako. Ez dira espainolez sortutako produktuak, baina hura dugu munduarekin batzen gaituen zubi nagusi. Espainolaren erruz, eta espainolari esker, ez dugu zertan produktu horiek euskaraz izan. Baleude, hobeto noski, baina egon gabe ere ez gara horiek ezagutu gabe geldituko.

Fifty Shades of Grey fenomeno mediatikoa izan da, liburua lehendabizi eta filma gero. Inori ez dio krak egiten gure liburu-dendetan eta zinema-aretoetan zegoen lan hori, hondartza guztietan zegoen nobela -eta beste hainbat best-seller espainol edo frantses itzulpenarekin irakurri beharrak? EL James-en orrian dakar zenbat hizkuntzatan dagoen: albanieraz, estonieraz, letonieraz, islandieraz, katalanez… baina euskaraz ez.

Espainiera desikastenInork ez du porrot sentipena Azpeitian, Lekeition, Bermeon, Tolosan eta “Euskaraz bizi gara” dioten beste hainbat herritan astea joan eta astea etorri AEBko filmak espainolez jarrita zinema-aretoetan? Zinemaldi alternatibo eta ezkertiarrenetarako espainola inposatzen denean (eta film pare bat euskaraz proiektatzeak ez du ezer konpontzen), ez digu krak egiten?

 Euskaltelek aspaldion BERRIAn txertatutako iragarki hauek dira gure minorizazio eta subordinazioaren adierazle argi: nork egiten du publizitatea hizkuntza baten hiztunentzat, eta bere produktua beste hizkuntza baten izanik? Zentzurik luke arabiar plataforma digital batek bere burua aurkeztea Espainiako prentsan hainbat film eta telesail iragartzen, jakinik gero ekoizpen horiek ez dituzula iragarkiaren hizkuntzan emango?

Bestela planteatu dezakegu: hitzaldi bat, liburu aurkezpen bat, film proiekzio bat antolatu eta esango bagenu “zurientzat bakarrik” edo “gizonentzat bakarrik” itzela irudituko litzaiguke, baina Oiartzunen “espainolez jakin behar da” esateak ez digu krak egiten? Eta ez al dugu hori adierazten Cadizko batek uler dezakeen baina baigorriarrak ulertuko ez duen ekimena antolatzen dugunean, sarritan udalaren laguntzarekin?

(SEGIDA IZANGO DU)

4 pentsamendu “Espainiera desikasten (I)”-ri buruz

  • Gaztelera desikasi behar delarekin ados nago, baina ez guztiz ados.
    Euskarazko produktuak ez badaude ikusteko gazteleraz ikusi beharko dira, Ingelesa dakin Gaztelradun batek, Ingelesazko produktuak kontsumitzen ditun bexalaze.

    Euskaraz egongo balira… Baina bestela zuzenean batzuk gauz gehiegiei (serieak ta filmak asko gustoko bait ditut) egin beharko genieke uko. Euskaraz badago lehentsi bai, baina ez badadue…
    Hitzegiterakoan ordea bai ados nagoela, Gazteleradunek deseroso sentitu behar dira Euskara ez dakitelako, ta hori lortzeko Euskara egin behar da beraien aurrean, berdin du senide, lagun….badira, jakin behar dute Euskara gabe errespetua faltatzen ari direla EHko Euskaldun guztiei ta EHri orokorrean.

    Dendara noanean normalean Euskaraz dakiten dendetan sartzen naiz, baina ez dakitenean, nik Euskaraz jarduten dut ikusten dudan arte horrela ezingo dudala kontsumitu, erosi….. Baina hurrengoan berdina egiten diote hartatzen nauenari, Euskaraz ahal dudan guztia, gazteleraz egitera behartua nagon arte.
    Azkenean konturatu naiz, denda batzutan erosi behar dudana kontuan hartuta, naiz ta hartatzen nauena Euskara ez jakin, berdin duela, kaixo ta zenbat da galdetzen dut, berak erraten du gazteleraz zenbat dan, dirua eman ta agurtzen dut. ulertu ez badu berdin zait, baina Euskaraz erosi dut ta bera konturatu da.

    Hurrengoan zuzenean Lutxo egia bezala egitea litzateke, baina gustatu ala ez ezingo nun, medikua, lana, edozein papera administrazioarekin….Ez lizkarrarengatik, hoiek berdin zaizkit.

    Eskubidea dugu baina albokoa ez badaki, ta bera egiten duena behar badezu, ez zaizu besterik geldituko.
    Baina funtzinario hori, kalean dagoenean, bera bada Gazteleraz bakarrik ezin dena bizi, Euskara ikasiko du nahi ala ez.

    Tweterren orain desikasten nago Euskara, %80ko jarduna jada Euskaraz nuen, ta beste %9a nire Euskaran (baina kodek delakoa ez dituena ezagutzen) , ta %100ra ailegatzea da nere xede, salbuespen batzuekin.
    Beste Tweterlaria EHn bizitzen ez bada, Gazteleraz egingo diot, baina ia ez dut Gazteleraz egiten dutenekin hitzegingo, ez diet ia ezer bertxiotuko….

    Pausoz pauso, Euskaldun asko Gazteleradunak deseroso bizi dezaten lortzen badegu, borondate onez edo txarrez, Euskara ikasten hasiko ziren.

  • Barrabilman 2015-06-25 23:32

    Flandiarrak inoiz ezagutu ditudan giza-talde xenofobo eta antieuskaldunena da. Beren egoera ongi merezita dute. Alemaniarrek gorroto dituzte, frantsesek, herbereartarrek…

    • Barrabilman 2015-06-26 10:34

      Politikari bakar batek egin duenak ez du desitxuratzen flandiarren jarrera xenofoboa. Horren dira xenofoboak, zure euskaldun izateari esaten diotela 1) Terrorista eta separatista bat zara 2) Euskalduna ez, espainiarra zara (horrek dakarren konnotazio guztiarekin, langabea, alperra…).