“Ensumisión”

“Ensumisión”

EnsumisiónErdaraz idatzi nuen duela egun batzuk jatorrizko testua eta hedabide abertzale erdaldunetara (Deia, Noticias, Gara…)  bidali, arrakasta handiegirik gabe orain artean behintzat.
Erdaldun abertzaleei helarazi nahi nien mezua, baina huts. Ez bide du langa gainditu.

“Ensumisión” zeukan goiburu, sumiso eta menpeko bizi garelako euskaldunak gure herrian, oro har. Gabonetako ospakizunak tarteko, erraz ikus daitezke sumisio horren adibideak nonahi. Euskaldunoi, hiztun gisa, gizarte-eskalan dagokigun lekuaren isla.Mahaiaren inguruan biltzen gara senide zuzen eta ez horren zuzenak, eta horrek ez ohiko komunikazio egoerak kudeatu beharrean jartzen gaitu.

“Erdaldunek” eta “euskaldun” pasiboek arazo barik jardun ohi dute, hizkuntza nagusia berme, baina euskaldun “aktibook” (talibanok, muturreko erradikalok…) ai! zuhur jardun behar izaten dugu hizkuntzarekin, gure “fanatismoak” ez dezan bazkal osteko pax (hispana) delakoa hondatu. Hartara, askok, gehienek, nahiago izaten dute euskara egokiera samurragoetarako ezkutatu, zer “gerra” ere!
Egun berezi hauek aukera bikaina lirateke euskararekiko tolerantzia maila egiazkoa neurtzeko, ohiko inkestei emandako erantzun xuxen eta onberetatik haratago.
Arreta apur bat jarriz gero, behatzaileak erraz igarriko luke zelako deserosotasuna agertzen duten mahaikide gehienek, haserrea batzuek, erdaldun nahiz euskaldun, mahaian euskarazko elkarrizketarik laburrena txertatu orduko.
Ez baitira soilik erdaldunak ezinegonak jota ageri ohi direnak. Euskaldun asko dira, erdaldun (autoktono) sufrituen segundu batzuetako penitentzia jasan ezinda, errespetua, edukazioa edota “ez pasatzeko” aldarria egingo dutenak, “jainkoarren eta egun hauetan sikiera!”.

Euskaraz EZ egiteko eta piperrik EZ ulertzeko eskubidea erabat bermatuta baitago Euskal Herria izandako honetan, lurrez, airez nahiz legez. Eta zilegi, eta normal, eta “zer ba?” iruditzen zaie herritar gehien-gehienei. Kolonizazio eta genozidio luzearen ondoriotxoak.
Aldiz, gure herrian, gure herriko jatorrizko hizkuntzan jarduteko eskubidea, irabazteko daukagu oraindik ere. Irabazteke kalean, Osasun etxean, udaletxean… baina baita norbere etxean ere sarri!
Ezagutu ditudan erdal hiztun gehien-gehienek, eurak dauden lekuan eta unean, guztiok erdaraz jardutera behartuta gaudela uste osoa dute, “errespetuagatik eta edukazioagatik”.
Ez zaie burutik pasa ere egingo, edukazioagatik eta errespetuagatik, eurok, erdal hiztunok, lur honetako jatorrizko hizkuntza sikiera ulertu beharko luketela… Eurek eta geuk, nork berean, gogokoen duen hizkuntzan jarduteko ASKATASUNA izan dezagun. Erdal hiztun askok ia erasotzat jotzen dute euren aurrean euskaraz mintzatze soila. Ez bide zaie gaixki iruditzen euskaldunok euskaraz aritzea,… baina ez euren aurrean, kontxo! Euskaraz mintzatzea bidezkoa litzateke inguruan erdaldunik ez dagoenean, edo aldi bereko itzulpena bermatuta dagoelarik, bestela ez, ¡hacer el favor!

Euskal Herria ia osoan, euskara normaltasunez erabiltzea oso ariketa zaila da, eta borondate nahiz ahalegin handiak eskatzen ditu. Ez da aukera soila. Apustu latza da. Ederra, baina latza.
Poziktibytia, txipa aldatzeko gonbitea edo txantxangorri lotsatien eranskinak, plazeboak besterik ez dira. Gaitza ezkutatzeko, agintarien konzientziak lasaitzeko eta herritarrei erruak leporatzeko erabiltzen diren ukendu merkeak.
Euskal Herrian euskaraz bizitzea neketsua da oso, erakunde publiko “euskaltzaleek” mezu delegatzaile eta ardura-besterazaleak errepika eta errepika jardun arren.

Euskal Herri oso-osoan erraza dena ERDARAZ bizitzea da. Estatu-haizeak alde. Hori bai aukera egingarria. Partida jokatu beharrik ez duen irabazlearena.
Gure gaineko Estatu maitagarrien mendetako “tratuaren” ondotik, ederki asko menderatzen baititugu guzti-guztiok  espainiera eta frantsesa; baita Meñakabarrenako, Atarratzeko edota Erratzuko baserritarrek ere… eta gure arteko asko eta asko harro gainera, zapaltzaileen gozamenerako. Mendetako debekuek, erdeinu eta zigorrek, arrasto nabarmena utzi digute. Sumisioarena. Herri asimilatuen marka.

Ez da geratzen euskaldun heldu elebakarrik Euskal Herri osoan, baina bitxia bada ere, Hizkuntz Politikaren arduradun abertzaleek ere, ospatu egin ohi dute, aurrerapen nabarmena bailitzan, gure herrian INPOSATUTAKO espainieraz edo frantsesez jakin barik bizitzea ezinezkoa dela aditzera ematen duelarik soilik. Espainieraz baizik ez dakien “euskal” herritarren %70a, euskarari bizkar emanda gozo-gozo eta harro bizi delarik.

Erdaldunek euren nagusitasuna naturaltzat eta logikotzat jotzen dute, euskaldun gehienek egoera otzan irensten dutelarik, ezer auzitan jarri gabe, agintari harrotzek (eta bertoko zenbaitek) irakatsi bezala, hizkuntza “handien eta txikien” bilakaera naturala bailitzan, lege arrotzek ezarritako Espainiako banderak onartuko dituzten bezala edo Bilboko azken alkate abertzaleek(?) “Vuelta a España” munduko hiriburura ekarri eta ospatzen duten bezala.

Menpekotasunetik ezinezkoa da hizkuntzaren normalizazioa.
Ezinezkoa da euskara erabiltzeko eskubidea bera bermatzea, besterik ez bada ere.
EAEn bertan, gehien aurreratu den eremu administratiboan, espainieraz egitera behartzen gaituzte Guardia zibilak, Estatuaren erakunde guztiek eta beren hedabideek… baina gehienetan Ertzantzak, Osakidetzak eta Osasunbideak, Radio Euskadik, ETB2-k, edota Onda Vascak, eta espainieraz elikatzen gaituzte Deia-Noticiasek, Infozazpik edota Garak ere.
Berbarako ere, Europako sukaldiririk ospetsuenetarikoak (Argiñano, Berasategi, Atxa, Arbelaitz, Subijana,…) dauzkagun herrian, sukaldaritzari buruzko argitalpenen %95 espainieraz dira, eta hain gara “modernoak” ze punta-puntako ikastetxe guztiei ingelesez jartzen baitizkiegu izenak, atera kontuak. Hemen dena da “brain”, “culinary”, “bird” eta batez ere, “center”. Kosmopaletismoaz tesi bikainak egiteko lehengairik ez zaigu falta.

EAEn bertan ere, espainiarekiko sumisioan hezten gaituzte. Nagusiki hedabide, alderdi, sindikatu eta patronal unionistek, gure hizkuntza eta gu geu bazterrera uzten gaituztelarik lotsa gabe. Alabaina, hedabide, alderdi eta sindikatu abertzale gehienek ere lehentasuna erderei ematen diete, batzuek besteek baino gehiago bada ere. Adibide lotsagarriak aipa daitezke hemen, baina zertarako?
Euskal ereduko ikastetxe askotako guraso-bilereten ere, euskara bazterrera uzten da eta!
Hau da gure abiapuntua oraindik ere.

Eragile abertzaleok ere ez badiote LEHENTASUNA ematen euskarari, ez daukagu zer eginik, eta bete-betean asmatuko dute Hizkuntz Politikako arduradunek euskarari bi belaunaldiko biziraupena ematen diotenean.
Euskal hiztunon borondatea ez da inolaz ere nahikoa baldintza hauetan. Ea sikiera gure erakunde abertzaleak jabetzen diren egoeraren larriaz, eta koherentziaz ekiten hasten diren behingoz.
Hiztunoi dagokiguna, gauzak aldatu nahi izatera, INSUMISIOA!

Oinezkoa

5 pentsamendu ““Ensumisión””-ri buruz

  • “Normala” hau guztia gertatzea,” talibana” izango ez bazina….
    Nolatan otuko zaio inori ume euskaldunekin euskaraz aritzea gabon afarietan, gurasoak erdaldun elebakarrak badira?
    Hori bai, gero umea Espainiaren aldeko gauzak erraten dituenean, edo hau Espainia dela erraten duenean, ziztu bizian erraten dute hau EH dela, kar kar.
    Beti Espainia ta bere gauzak ahotan izanda noski.

    Ta gabonak bakarrik izango baziren… edozein bazkari edo jaietan gertatzen da hau.

    Soluzioa? Hori diotenean,, kasurik ez ta euskaraz jarraitu, berriro kexatzen badira, euskaraz jarraitu, ta berriro zerbait badiote euskaraz jarraitu. Azkenean, euskararena izango zara baina bakean utziko zaituzte.
    Neketsua izango da berdin berdin aldiro aldatu beharko dezulako ez dakitenekin hitzegiteko, baina ez duzu beti liskarra izango dakitenei hitzegiteagatik.

    Hori behintzat niri gertatu zaidana da.
    Ta erdaldunei orokorrean gauz hauek 5 axola zaie, behartutak ez badaude ez dute ikasiko ta berdin jarraituko dute.

  • zakarias aiztierdi 2016-01-07 13:35

    zorionak, bikain adieraziya!

  • Inn Luzuriaga 2016-01-08 21:09

    Ondo esan dek. Ingelesa hire analisitik derrepente kenduko nuke hala ere, hori ez da kontua. Euskara galduko bada, gaztelaniagatik izango da dudarik gabe, euskara-ingelesa zubia zuzenean egitea onena. Besterik da nolako produktuak heltzen zaizkigun (Disney ezdakizer, eta hari atxikita kultura latino masibo-“gutxiengoa”).

    Bestalde, aurrera egingo bada, euskaraz berriketan jarraitzean dago gakoa, eten gabe, besteak du arazoa, eta ez guk, baina hori aditzera eman behar zaio/e. Tematu behar bada, tematu behar da.

    Okindegi batean, dendari batek Kaixo!, Ogi bat mesedez, zenbat da, “ulertzen” ez badu eta “graciasssss” batez agurtzen badu, edota erdarara zakar pasatzen bada, jarrera arazo bat dauka hemengo hizkuntza baten kontra, baita hizkuntza-aniztasunaren kontra, eta gu erdarara pasaz gero ontzat emango du bere jarrera. Tematu behar dugu, eta dendariak intolerantzian (eskolan eta etxean eta kalean irakatsi diotena) jarraitzen badu (“bere lurraldea markatzen” ari den seinale), tokiz aldatu ahal den guztietan. Hori da lehenengo pausoa, jarreraren ataka gainditzea (hey, nik hizkuntza bat zeke(n)at hirea ez dena, eta berta-bertakoa, kasu).

    Enbarazua? Izan daiteke, baina gure eskuetan dago aurreratzea ala ez. Mugimendua handitzen joango da horrela. Bestela, bat nator Sugarrek esandakoarekin, erdalduna ez da behartuta sentituko ezta “Eskerrik asko” esatera ere. Eredua Flandesen dugu, hori Gipuzkoan, Bizkaian, eta Nafarroako toki batzuetan gutxienez aplika daiteke (euskaldun dentsitatea), baita Arabako zenbait tokitan ere.

  • Oro har ados, Inn. Baina iruditzen zait ingelesaren erabilera paletoari heltzen diotela bertoko agintariek, ez euskararekiko zubia egiteko, euskarari iskin egiteko baizik.
    Nafarroan ikusten da hori oso argi: Elebitasuna nahi duzuela? Bada, to elebitasuna, espainiera-ingelesa, noski.
    Bestalde, aipatzen duzun jokabide horri heltzen diot nik ere. Kolonoarena egiten duen merkatariari, adio, eta nik ere uste dut orokortu beharko litzatekeela. Duintasun apur bat erakusteko sikiera. Baina hori antolatu beharra dago, bestela lau indio matxinoren ekintza baino ez da izango, egun gertatu bezala.
    Eta uste dut presioa egin behar zaiela erakunde abertzaleei jokabide koherenteak eta duinak hartzen has daitezen. Presio antolaturik ezean, alferrik ari gara bakarkako borroketan. Izan ere, horretara gonbidatzen gaituzte Jaurlaritzatik, bakarka jardutera…

  • Inn Luzuriaga 2016-01-09 22:13

    Bueno, Nafarroan bai, ingelesa azkar eta gaizki ekartzea eta elebitasunaren inguruan nahasmena sortzeko, bai, baina hori oso politika espezifiko nabarmen bat da. Didaktikaren aldetik ere, hainbat ikertzaile kontra daude hain goizetik hainbeste hizkuntzarekin hastearekin, ez duela abantailarik. Hala pentsatzen nik ere.

    Kontua da nork bere burua ez duela erre behar horrekin. Toki batzuetan onartezina da euskaraz ezer ez jakitea, argi dago, eta hasteko horiek gure sosak erabiltzen dituzten tokiak dira: Osakidetza, udalak, ikastetxea, Euskotren, etab. Behar den tokian kexak jarri (tokian bertan eta Behatokia, EJren euskararen erakundean,…).

    Baina esateak zerbaitetarako balio badu, norberak lasai euskaraz hizketan jarraitu behar du (askotan, transakzioa sinplea izaten da gainera), eta norberak ikusiko du noraino ematen duen egoera komunikatiboak, azkenean, transakzioa nolakoa den (medikua…), gauza batzuk gaztelaniaz esan beharko dira beharbada, baina ordurako dendaria, arreta-emailea, medikua, ohartu da gabezia berak daukala. Eta bai, elkarren berri izatea, beste batzuek ere egiten dutela jakitea inportantea da, bestela jai bai.