EH Bildu eta PP, elkarri eskutxutik helduta (euskararen alde)

EH Bildu eta PP, elkarri eskutxutik helduta (euskararen alde)

Milaka lagunen pausuan, milaka lagun euskaldun eta euskaltzalerenean, hamar egunez eta 2.500 kilometro ingurutan Korrikak erakutsi digu, beste behin, superbotereak dituela, ezetz?

Euskararen aldeko lasterketa zirraragarria da oso, eta gutako bakoitzari bizipen gozo bat uzten dio gogoan gordeta, bat edizio bakoitzeko.

Gutako bakoitzaren bizipenetatik aparte, baina, beti uzten du irudiren bat ere, epikoa, jendetsua, aldarrikatzailea, bustia, alaia, isila… errretinan gordetzekoa. Aurtengo edizioan, 20. Korrikan, nik azpian duzuen irudi hauxe aukeratu dut beste guztien artean:

EH Bildu eta PP, elkarri eskutxutik helduta (euskararen alde)

Ez da, seguruenera, hedabideetan agertu direnen artean ederrena, badakit. Bertan agertzen diren zoro zoragarriak bi baino gehiago dira, ez doaz aldapan gora korrika, ezta euripean ere, ezta goizaldeko ordu txikietako iluntasunean ere. Ez dira belaunaldi ezberdinekoak, neskato gaztea eta aitona zaharra. Ez  da euskaltzalez jositako hirietako etorbide amaiezinik ikusten bertan, ezta lekukoa eta azken korrikalaria lotzen dituen erromako zubirik ere, zerua argitzen.

Argazkiak bi korrikalari aurkezten dizkigu, lekuko bera daramaten bi gizon. Joseba dira biak, Vivanco bata, Elejalde bestea (irakurri bakoitzaren aurkezpena eta ea asmatzen duzuen nor den nor).

Joseba Elejalde PPko zinegotzia da Artziniegan, eta Aiaraldeko Alderdi Popularreko presidentea. Orain arte euskararen alde egin izanagatik nabarmendu ez bada ere, aurtengo Korrikan kilometro mordoa egin omen ditu tipi-tapa tipi-tapa, edo trostan, ezagun baitu kirolzalea dela, akaso korrikalaria.

Joseba Vivanco kazetaria da, eta kirol kazetaritza jorratzen du Gara egunkarian; Athletici buruz idazten du. EH Bilduren zinegotzia ere bada Artziniegan.

Argazkia, hain zuzen ere, Araialdeko herri horretanxe ateratakoa da; Bizkaia, Araba eta Burgosen arteko erpin geografiko berezian, Santa Koloma auzoan.

Korrikak baino ez du ahalmen hori. EH Bildu eta PP elkarri eskua emanda eta euskaren alde, ikurrinadun lekukoarekin, non eta Burgoseko errepideetan. Ez esan ez denik magikoa!

.

* Argazkia Xabi Zalbideri esker ezagutu dugu, eta Aiaraldea.eus hedabideak egin eta plazaratu zuen. Bertako lagunek eman dizkigute bi zinegotziei (eta errepideari) buruzko azalpenak ere. Biba zuek!
EH Bildu eta PP, elkarri eskutxutik helduta (euskararen alde)

6 pentsamendu “EH Bildu eta PP, elkarri eskutxutik helduta (euskararen alde)”-ri buruz

  • Korrikako aurtengo leloak hori nahi zuen, BatZuk sortu behar dugu. Alde batera utzi behar dugu geure desberdintasunak eta batu behar gara euskararen alde!

  • Ez dut ukatuko argazki horren indar komunikatibo ta sinbolikoa, baina nago postureotik asko daukala eta nahiko antzua izango dela gero,egunerokotasunean, batzuen eta besteen politika publikoak euskarari dagokionez antagonikoak baldin badira

  • Zer aldatu da? PP ala Korrika?

    PPk euskararen aurka darrai eguneroko lanean, lehen bezala? Bai.

    Korrikaren amaiera ekitaldian “Gora Euskadi askatuta” oihukatzen da lehen bezala? Ez…

  • Zer aldatu da? PP ala ezker abertzalea?

    PPk onartu du nazio bat garenik? Ez

    Ezker abertzaleak aldatu du ikuspuntuz? Bai ! Orain ez gara herri bat, orain hiru tren gara, hiru azpisubjektu. Orain ez dugu independentzia eskubiderik; orain aukera guztiak dira zilegi eta bozkatu egin behar da herri honen (tren hauen) askatasuna.

    Nor aldatu da eta nor ez?

    • PPk nik dakidala ez du gaurdaino nazio bat garenik aitortu, ez horixe, baina AEK jopuntuan edukitzetik bere zinegotzi bat lekukoa eramatera igarotzera pasatzeak gauzak onera asko aldatu diren seilale. Ez dakit konbikzioz ala komenentziz egin duen, biak ala biak oso arrazoi onak lirateke, komenientzia hori egon dadin baldintzak sortu direla adieraziko bailuke.
      Batzuek uste dute errealitatea argia bezalakoa dela, interruptoreari eman eta piztu, interruptoreari eman eta itzali, baina gauzak ez dira horren erraz eta horren azkar aldatzen.
      AEK eta Korrika bera zoriondu behar dira, hain baldintza zailetan hasi eta horrelako jende anitza haren inguruan biltzeko gai izan delako. Lantzen duen giro alai, baikor eta bateratzailetik ikasiko al dugu beste alorretara ere eramateko?

  • Duela 20 urte Espainia ta Frantziako gobernuek erabakitzeko eskubidea aitortu izan balute, bai ETA, Ezker abertzalea ta abertzale gehienak pozik agertuko ziren, gaur egun ordea badirudi batzuk ejerzitu edo plan berezi bat dutela 90 milioi biztanle dituzten potentzietatik EH askatzeko.
    Nire belarriak entzuteko prest ditut.