Egin eta eragin

Egin eta eragin

Manex Agirrek, jatorriz Info7 irratiko Gureaz Blai saiorako idatziriko sarrera argitaratu du Alea atarian, eta bertatik jaso du Salabardoak.

Egin eta eraginGarikoitz Goikoetxea kazetariaren “Euskara irabazteko bidean” liburuarekin saltoka nabil, eta badaude bertan elkarrizketatuak, dianan jotzen dutenak, hainbat ideiarekin. Horietako bat da Paul Bilbao, zera esaten duenean, euskalgintzari begira: Orain, modu iraunkorrean lanean aritzeko baino gehiago, zehazki zerbaiti erantzuteko sortzen dela mugimendua. Inertzia hitzez deskribatzeko modu egokia, zinez.

Existitzen ez zena sortzen jardun zuten orain hamarkada batzuk, euskararen aldeko hainbat mugimenduk, modu aski heroikoan, dena esan behar bada. Paul Bilbaok aipatutako “modu iraunkorrean lan egiteko modua” jarri ziguten oinarrian. Egitura horiek gabe (ikastolak, Euskal Herrian Euskaraz, euskaltegiak, Egunkaria, euskara elkarteak eta Topagunea, Kontseilua) nekez amestu ahal izango genuen gaur egun lanerako dugun terrenorik. Baina, eta ez aipatutako egituren erruz, ezpada berezko joeraz, edo munduaren aurrean jartzeko moduan jasan dugun aldaketaren ondorioz, gero eta estimulu gehiago behar ditugu erreakzionatzeko. Uneko bulkadaren eraginez ez bada, ez ditugu maukak jasotzen, eta eskuak buztinetan sartzen. Lan iraunkorrak nekatu egiten du, nagitu egiten gaitu. Eraginkorrena horixe den arren.

Liburuan aurreraxeago egin, eta gehiago zehazten du Bilbaok aurrez esandakoa. Euskalgintzak bi funtzio nagusi izan dituela dio: egitea, eta eragitea. Eta egiten, bai, jarraitzen duela, baina eragiten… Irakurketa desberdinak egon daitezkeela, eragiten jarraitzen duen edo ez.

Estrategia kontua da. Jendearekin ari gara lanean, eta ados: jendeak ilusioz eta gogotsu erantzun dezan , epe motzerako helburuak jarri behar dira, lorgarriak, eskuekin ukitu egin behar da emaitza, eskuak zikintzeak merezi duela ikusteko. Baina egindakoari zentzua eman behar bazaio, epe luzerako eragina duela sinetsi behar dugu. Eta badaude gauza batzuk eragin gutxiago dutenak, beste batzuk baino. Zerk merezi duen eta zerk ez, hautaketa-prozesuan gupidagabe jokatzea kosta egiten zaigu.

Egin eta eragin

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.