Denak, laku beraren bueltan

Denak, laku beraren bueltan

Festa gutxitan ikusten da igandean Herri Urratsen bezala, adin hain ezberdineko jendea nahastuta: goizeko hamaiketarako kolore berdeak zein urdinak dituzten alkohol dun edari fosforitoak edaten ari diren gazteak; garagardotan itotzera edo larunbateko garagardotan itota etorri diren lagun talde handiak; bikotearekin igandea aprobetxatzea erabaki duten ez hain gazteak; egun guztia pailazoei begira pasatzen duten guraso hasiberriak; eta ikastolen sorreratik militanteki inoiz huts egiten ez duten andre kuadrillak. Denak, laku beraren bueltan.

Denak, laku beraren bueltanIkastolen alde litroak eta ogitartekoak etxetik hartuta joaten direnak; Ikastolen zein euskararen aldeko kamiseta mordo bat erosteaz gain, behar baino dezentez tiket gehiago erosi dituztenak; festaren zergatia jakin gabe ondo pasatzeko asmo hutsarekin hurbildu direnak; musika talde batenganako fideltasunak kateatu dituenak. Denak, laku beraren bueltan.

Honakoa zen egoera eguerdi aldean: Ikurrina gerrian zintzilik zeraman neska bat; haren laguna, “Euskadi” jartzen duen txapel mitikoa buruan lotuta; ondoan, bi gizon eta bi emakume, denak, euskararen aldeko aldarriak zeramatzaten kamisetekin; pixka bat urrunago mutil kuadrilla handi bat, erdiak lo gerizpean, eta gainerakoak garagardo katxiekin. Denak, laku beraren bueltan.

Plan ezberdinak egin daitezke leku berean, laku berean; eta Herri Urrats (Ikastolen aldeko gainerako jaiak bezala) horren adibide da. Asko dira dirua biltzeko helburuarekin antolatzen diren festak, baina lagun batek igandean gogorarazi zidan moduan, ez da berdin Saloura joateko edo selektibitatea euskaraz egin ahal izateko eskatzea, esaterako.

Aipatutako lagun guztien artean garrantzitsuenak azpimarratzea ahaztu zait, ordea. Festara joandakoak asko izan baginen ere, asko baitziren antolakuntza lanetan ari zirenak, borondatez. Eta herri honek zerbait badu, hori da: borondatez ikastolen alde, euskararen alde, lan egiten duten irakasle, ikasle eta gurasoak. Eurek lortzen dute denak laku,leku, beraren bueltan batzea.

Denak, laku beraren bueltan