1902koa da Athleticen gaineko lehenengo euskarazko albistea

1902koa da Athleticen gaineko lehenengo euskarazko albistea

Duela bi urte eta erdi argitaratu zuen Uriola agerkariak gaur salabardoak dakarren berria, Athletic taldeak 2016-2017 denboraldiari hasiera ematen dion egunean dakarguna.

Hektor Ortega historialariak Athleticen gainean prentsan euskaraz agertutako lehenengo albistea aurkitu du. Egun arrunt dena, XX. mende hasieran aintzindari izan zen.

1902koa da Athleticen gaineko lehenengo euskarazko albistea
1902koa da Athleticen gaineko lehenengo euskarazko albistea

1902ko apirilaren 6ko Ibaizabal astekarian agertu zen kronika labur-laburra da, gure ustez, Athleticen gainean prentsan euskaraz agertutako lehenengo albistea. Eta hemendik erronka jo nahi dugu. Euskal Herrian futbolaz euskaraz argitaratu zen lehenengoa izan ote zen?

Egunotan Garan irakurri dugu 1889an futbol partidu bat jokatu zela Bilbon eta haren kronika Ingalaterrako prentsan argitaratu zela. Hura ei da Euskal Herrian egindako partidu baten lehenengo prentsa albistea. Ingelesez kaleratu zen, jakina. Match hartako protagonista guztiak ingelesak ziren, Bilbo aldean atrakatutako ontzietako marinelak alegia.

Kasualitatea, egunotan begien aurrean azaldu zaigu Athleticen gainean idatzitako euskarazko albiste zahar bat, eta gure ustez hura izan liteke argitaratu zen lehena. Aitor dezagun ez dugula oso bilaketa sakona egin eta, beraz, gerta liteke hori baino zaharragorik izatea. Baina, oraingoz, hauxe da gure hautagaia: 1902ko apirilaren 6an Ibaizabal astekarian agertu zen berri laburra.

Gehiago jakin nahi duenarentzat (egilea nor zen, partidu haren nondik norakoak, albiste gehiago argitaratu ote zituzten…) bitakora honetan eskegi ditugu xehetasunak. Zuzenean ikusi gura duenak jakin beza Ibaizabal astekaria oso-osorik dagoela sarean, nahi Foru Aldundiaren web gunean, nahi Hemeroketa  atarian. Eta bota diezaiogun erronka hemendik Euskal Herri osoari: hau ote da euskaraz futbolaz idatzi zen lehenengo prentsa albistea?

Izan ere, euskarazko prentsa sasoi hartan normalizatzeko urratsak egiten ari zen. Ipar Euskal Herrian 1887tik Eskualduna zegoen, itzal handiko aldizkari elebiduna. Hegoaldean sasoi hartan Bilbon egin ziren ahaleginik sendoenak: Euskalzale (1897-1899, Espainiako gobernuaren presioak itxiarazi zuen arte) eta Ibaizabal (1902-1903) astekari euskaldunak. Bigarrenak eman digu, esan bezala, euskarazko lehen albistea Athleticen gainean.

Amaitu aurretik, beste zehaztapen bat. Garan agertutako artikuluan esaten da Centro de Investigaciones de Historia y Estadísticas del Fútbol Español (Cihefe) elkartearen arabera 1911koak direla estatu espainolean proiektatutako futbol filmaziorik zaharrenak, baina haiek galduta daudela. Artikulu horretan bertan irakurri dugu Athleticen irudirik zaharrenak hemen ikus dezakezuen “Irun 1912” dokumentalean daudela, Racing Club Irun eta Athleticen arteko partidu bat dakar eta.

Hala ere, hori ez da Athleticen filmaziorik zaharrena, Cihefek aipatutako 1911ko film aitzindariak estatu espainoleko zaharrenak ez diren bezala. Joseba Moro Aguayok San Mames historia eta memoria” liburuan 1905eko filmazio baten berri eman du:

“Baina lau egun lehenago [1905eko irailaren 14an] Kale Nagusian gertatu zenari ez zion eragin eguraldi txarrak. Egun horretan, Cinematografo Moderno Olimpiak ireki zituen ateak; izaera finkoa eta egonkorra zuen lehena Espainian. Jendearen gustukoak izan ziren emandako filmak: El hada de las flores, Viaje en tercera clase eta Carrera de automóviles, baina zirrara gehien eragin zuena La sociedad atlética en el campo de Lamiaco izan zen; izan ere, filmean agertzen ziren jokalarietako asko oso ezagunak ziren. Seguru esan daiteke film horretarako –ez zaigu kopiarik ailegatu– filmatu zituztela aurrenekoz Athleticeko jokalariak partida batean.”
1902koa da Athleticen 1902koa da Athleticen 1902koa da Athleticen

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.