Izena eta jarduna

Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia da egun Mikel Irizar, eta Piperrautsa du bloga.

Azken sarreran, eta orain dela gutxi sortu duen twitter kontuaren berri ematen diharduela, beste zera argitu digu, lehen Euskara Zuzendaritza zena zergatik den orain Hizkuntza Berdintasuna.

Izena eta jarduna

Euskaltzaleen Topagunean presidente izendatu berritan, Twitterren aritu beharra sentiarazi zidaten inguruko hainbat lagunek. Eta, karguari zor, urratsa egin nuen.

Profila sortzerakoan, ordea, ezin izan nuen hartu niretzat sinpleena zen erabiltzaile izena (@mikelirizar) ordurako hartuta zegoelako. Eta, berriro karguari zor, hobetsi nuen @mikelirizartopa jartzea, ordezkatzen nuen erakundearen izenetik sistemak onartzen zidan zatia hartuta.

Izena eta jardunaHalabeharrez, baina gustura. Ze ‘topa’ horrek bazuen elkartzetik, eta hain justu urrunekoak hurbiltzea izan da nire ardatz nagusia herrigintzako jardunean. Eta bazuen, baita ere, bizipozetik: topa egiten dugu ondo egindakoa ospatzeko edo eginkizun denari zorte ona opa diogunean.

Eta gustura ibili naiz hiru bat urtez; kargua utzi ondoren ere jarraitu egin dut tarteka txioak botatzen. Eta, nire harridurarako, mila lagunetik gora dauzkat jarraitzaile.

Orain etorri zait beste kargu bat hartzea, hau herri erakunde baten. Gipuzkoako Foru Aldundian Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia naiz, abuztuan hasita.

Eta, karguari zor, tokatzen zait txioka jarraitzea, dudarik gabe; baina esparru mugatuan, nire jardunari dagokionean. Hartzaileak ezin du bereizi noiz ari den Mikel eta noiz zuzendaria; horregatik Mikeli dagokio bere iritziak esparru pribaturako gordetzea. Horregatik eten ditut, halaber, irratian eta telebistan iritzi emaile moduan nituen jardunak.

Aldaketa honek eskatzen zidan twitizena ere aldatzea, jarraitzaileekin argi jokatze aldera. Eta izen berrian nahi izan dut berriro karguarena txertatu. Orain arte hartu berri dudan kargua zen Euskara Zuzendaritza, eta nik Euskara zioen tokian Hizkuntza Berdintasuna jarri dut. Zergatik?

Elkarrizketan luzeago doa, baina azalpena laburtu daiteke. Diskurtso euskaltzalea beharrezkoa da baina mugatua, itzal handiak uzten ditu; diskurtso demokratikoa unibertsala da, edo behar luke behintzat. Eta asko komeni zaio euskarari diskurtso demokratikoa lantzea –hizkuntza hautatzeko askatasuna, hautuen arteko berdintasuna edo oreka, politika berdintzaileen justiziazko izaera…- herritar bakoitzari bere erantzukizuna eta eginbeharra begien aurrean jartzeko. Eta apustu hori adierazteko txertatu dut ‘berdintasuna’ hitza zuzendaritzaren izenean.

Baita twitizen berrian ere. Logikak eskatzen zidan lehengo @mikelirizartopa haren ondotik etorri behar zuela @mikelirizarberdin berria, baina oraingoan sistemak jarri dio muga hizki kopuruari. Eta ‘berdin’ mantentze aldera nire izena laburtu behar izan dut. Honenbestez @mirizarberdin twitizenez jardungo dut aurrerantzean, hizkuntzen esparruko gaiak jorratzen.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Izena eta jarduna”-ri buruz

  • Bejondeizula Mikel Irizar!
    Ba zen garaia gai hontan sentimenduak baztertu gabe bai, baina burua erabiltzen hasteko. Euskara vs erdara aurrez aurre jartzen baditugu jai daukagu. Ez al gara oraindik jabetu gutxiengoa garela?
    Euskara dagokion lekura eramateko ikuspegi estrategikoa beharrezkoa da, eta lehen urratsa, bere erabilera eta onarpena zabaltzea da. Hori ez da posible hiztun komunitateen aurrez aurreko eskema batetik. Aldiz, berdintasunaren eskematik zer aurreratua badugu oraindik, oso atzean baitago euskara. Benetako elebitasuna irabazi behar dugu lehenik euskal herri euskalduna nahi badugu.

    • Bazen garaia? Orain arte nik uste estrategia egokia erabili dela, hau da, euskarari lehentasuna eman elebitadun errealera iritsi ahal izateko. Mikelek berak ere bide horretatik segitzeko asmoa eraku zuen goienan egindako elkarrizketa batean. Beste kontu bat da batzuk ( tartean Urkullu) estrategia eta helburua ez bereiztea, eta euskarari lehentasuna ematea inposiziotzat jotzea. Dena dela ziur naiz testuinguru elektoralak bultzatutako kritika izan zela, eta orain aldiz, estrategia eta helburua bereizteko beharrezko den buruargitasuna berreskuratuko duela, eta bide batez, dagokionari dagokion lana egiten utziko diola. Beraz, nire aldetik, zorionak Zigor, eutsi eutsi lemari gogor Mikel!

  • Zenbat alperrikako hitz, bi lerrotan esan daiteken gauza bat esateko. Twiterra aldatu duela, ba bale. Euskaltzaleen akatsetako bat hauxe da, gehiegi hitz egitea eta gutxiegi egitea.