Zuritu

Zuritu –

Zuritu

Joan den igandean, Salvados saioa ikusi nuen Espainiako La Sexta telebistan. Pentsatzen dut ez nintzela bakarra izanen, baina, badaezpada, gaia gogoraraziko dut: bizkartzainak; hain zuzen ere politikari, kazetari, epaile eta abarren bizkartzainak Euskal Herrian, ETAk oinazearen sozializazioaren estrategia bulkatu zuen garaian.

Protagonistak, batez ere, lau bizkartzain, aski inpresio diferentea sortzen zutenak, bidenabarkoan erranda. Laurek kontatu zuten, bertzeak bertze, babestu behar izan zituzten batzuen portaera ez zela preseski eredugarria izan. Funtsean, ez zuten erran, nire iduriko, deus ez genekienik edo, jakin ezean, deus imajinatzen ez genuenik, baina gauza batzuk Espainiako telebista batean ozenki erran izanak hautsak harrotu ditu, are gehiago kontuan hartzen badugu borrokaren “alde onean” ibili zirenek erran dituztela.

Saioa eman ondotik –baina baita eman aitzin ere–, ez dira guti Salvadosi ETA zuritzea leporatu diotenak. Atentzioa ematen dit beti “zerbait zuritzea” kontzeptuak. Erakusten baitu, edo hala nago ni bederen, zeinen gustura bizi garen narrazio kanonikoen artean. Behin narrazioa sendotu eta gogortuta –adibidez, demokrata onen eta terrorista gaiztoen arteko borroka epikoaren narrazioa–, hura tabu bihurtu eta fobia edo zaletasun susmagarriak egotziko dizkiegu zalantzak adieraztera etortzen direnei.

Badira, baiki, jarrera aski desegokiak benetan zuritzen saiatzen dabiltzanak, eta badira adierazpen askatasunaren aitzakian giroa gaiztotu bertzerik bilatzen ez dutenak. Baina deigarria da zeinen agudo jotzen dugun zuritzearen kontzeptura, zeinen eskuar dugun, deseroso sentiarazten gaituen edozein ñabardurari ezinikusia egiteko. Ez bakarrik ETAren kontuetan.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2024ko irailaren 24koa]

Zuritu

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude