“Zorikatea”

puntos-aleatoriosBatzuetan, buruan ibili dudan azken hitza irratian edo telebistan entzuten dut hurrengoa eta berehala. Edozein hitz izan liteke, erabat arrunta zein berezia: aulkia eta aulkia, denbora eta denbora, metamorfosia eta metamorfosia. Nik pentsatu eta haiek errepikatu, ulertzen ez dudan lotura balego bezala. Tarteka-marteka gertatzen zait, eta ziur aski zuetako askori. Estatistikak azalpen lasaigarria eman dezakeela pentsatzen dut: une gutxi ematen dugu isiltasunean eta kanpoko estimulurik gabe; beraz, erabat normala da tarteka-marteka gure pentsamenduan eta kanpotik jasotzen dugun ahots zaparradan hitz bat ia aldi berean errepikatzea.

Halere, sentsazio arraroa geratzen zait halakoetan zainetan. Arrazoi ezkuturen bat egon litekeela pentsatu, asmatu behar dudan mezuren bat ezin ikusi, indar ezkuturen batek eskura jarri didan aztarnaren atzetik jarraitu ezinik…

Ingelesez serendipity esan ohi zaie halakoei: lagun bat burura etorri eta segituan haren telefono deia jasotzea, adibidez. Erdaraz, casualidad. Euskaraz urri gabiltza, ordea: kasualitate, ezusteko, ustekabe, txiripa. Bat ere ez zait egokia iruditzen; lehena ez bada, kasualitatea, baina ezin dut ezkutatu oinarrizko kontzeptu hori adierazteko hain mailegu erraza erabili beharrak sortzen didan amorrua (amorru txikia, noski. Denok gara garbizaleak, azken finean). Orduan, patua eta halabeharra etortzen zaizkit hautagai, baina derrepente baztertu, hitz hauek saihestu ezinezko txarra iragartzen didatelako. Ez dira egokiak kontzeptua azaltzeko, ez dira neutroak, kalterako bakarrik. Nik zorikatea esango nuke, txoriek kalterako edo onerako hegan egiten omen dutelako; edo, besterik gabe, hegan egiten dutelako, inori mezurik helarazi nahi gabe.

Aurreko egunean Elias Kerejeta hil zen, edo Elías Querejeta. Ez nuen inoiz gogoko izan. Esan nahi dut pertsona bera ez nuela inoiz gogoko izan. Bere jarrera politikoak eta etikoak baldintzatua nago, ziur aski. Hain Tartalo irizteak baldintzatua, alegia. Aita nor izan zuen jakiteak agian kontu asko argitu digu, baina agian bere kalterako baino, bere onerako: bidegabekeriaren aurrean matxinatutako euskaldun “zintzo” bezain lerrokatu baten mozorroa kendu eta frankismo ilunetatik ateratako seme “demokrata” zamatua ageri daiteke. Hau da, nondik zetorren jakinda, agian bihotza bigundu dakiguke, Tartalo baino begibakarra zela pentsatuta, jaio orduko begi bat erauzi ziotela pentsatuta.

Bere lana bestelakoa da, noski. Oso zaila da euskal zinemari begiratzea Kerejetarekin topatu gabe. Eta, zorionez, topaketa onerako izan ohi da. Ezinbestez ezinikusiak ahaztu behar dira. Txillidarekin antzeko gertatu izan zait. Baina horretan nik ez daukat inolako arazorik, ez ohi dauka, lana pertsona baino lehenago iristen zaidanean. Horregatik, omenez baino aitzakiaz, atzo euskaltegiko ikasleei “27 ordu” pelikularen hasiera jarri nien azken klasean, garai bateko gau eskolakoei, 10 minutu bakarrik, nahi bazuten etxean osorik ikus zezaten, EITB nahieran ikusgai dagoenez; amua botaz, alegia. Jatorriz erdaraz, baina garaian oso txukun euskaratua, hika nagusi, gainera. Eta dokumentu paregabea dela orain 27 urteko Donostia berrikusteko (27 urte, hori ere zorikatea), orain dela 27 urteko Euskal Herria.

Klasea horretan bukatu eta denok hasi gara parerak eta karpetak jasotzen etxera joateko gogoz, berandu baita, agueko hamarrak, eta behingoz afaldu edo oheratzeko (edo sarrera hau idazteko), eta bitartean Dylani arrazoia ematen, garaiak ikaragarri aldatu direlako, lekuei itxura aldatzea garaiak aldatzea balitz bezala. Ikasleak atera, euskaltegia itxi eta Martxelo Rubiok ibilitako Groseko kale berberak zeharkatu ditut tren geltokiraino. Renfek udako ordutegia inposatu digutenez, luze jo du itxaronaldiak nasan. Zorrotik liburua atera dut, Mikel Antzaren “Atzerri”, baina gogo gabe, zamaturik, euskal Ulises horrek bihotza berriro ezinegonez beteko zidala jakinda. Irakurtzen jarraitu, halere, eta 167. orrialdean:

“Lehengoan, Armendarizen 27 horas ematen zutela ikusi eta goizeko lehen emanaldira joatea erabaki dut…(…).

Ez dut ahaztuko filmaren lehen plano luzea, Donostiako berunezko zeru hain ezagun hori, inoiz ikusi gabeko ikusmiratik, itsaso zabaletik, badian barrena doan airezko plano luzea, Imanolen ahots sakonaz lagundua, haurtzaroko hainbat gertaeren lekuko izandako ordulariraino, nerabezaroko hitzordu lekuraino.

Filmaren bukaeran negar egitea, tira, baina hasieran!”

Serendipity, casualidad, zorikatea. Baina atzo goizean guardia zibil militarrek ustezko anabasan aparkaturiko hamaika patrolez bete zuten berriro Euskal Herriko kalea bi herritar atxilotzeko. Berriro argazki beldurgarria. Inkomunikaturik eraman. Eta larunbatean erbesteratuen ekitaldia. Eta ordurako, agian, inkomunikazio bitartean geratutakoen berri jasoko dugu. Eta Paristik 27 urteko gazte bat guri begira, orain dela 27 urte gazte izateari utzi zion arren, zinematik ateratzen 27 horas ikusi ondoren.

Gonzalo Etxague

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

2 pentsamendu ““Zorikatea””-ri buruz