Zirkuluaren koadraturaz

Zirkuluaren koadraturaz

Barnebokorra sinadura duen Zuzeulariak egindako “Lehen lerroa” sarreraren ondorengo eztabaidak, Kioseko Hipokrates greziarraren garaiak ekarri dizkit gogora, zirkuluaren koadraturaz hainbeste pasioz mintzatzen ziren garaiez dihardut, edo beste modu batera esanda, berez ezinezkoa dena  errealitatean egingarria dela jokatzen hasten garenekora.

Aurreko neure sarrera batean esaten nuen abertzaleok galdu egiten garela bidean, eta geure batu ezinak etsaiaren garaipena dakarrela beti. Jakina, EAJ eta Ezker Abertzalearen arteko zatiketaz niharduen, Askegunera eta Ondarroako Zubira Ertzaintza bidaltzeak ekarri zuenaz. Finean, badirudi, eztabaida beti dela bat eta bakarra: nor da zintzoago abertzaletasunean, zuek ala gu?

Jakina, erantzun posible bakarra beti da gu, zeren zuek kontraesanez beteta zaudete, ustel halako horiek: Ertzaintza bidali duzuelako, edo piper potoak jarri dituezulako udaletexeko balkoian… beti bada zerbait elkarri leporatzekoa. Eta bitartean presoak preso eta aitzinamendua behar genuen lekuan, paralisia eternala.

Baina zatiketaren gailurra Barneborrokak sinatutako sarrera horrek ekarri du, jada zatiketa ez baita “zuek eta gu“ren artekoa, baizik eta “geu ere ez gara geure baitakoak” edo halako zerbait. Zutik eta Oldartzen, hau eta hura, ez niri esan oso normala denik halako eztabaida bat, ñabardura hain partikularrez jositakoa, Zuzeura sartzen garen  voyeur guztion aitzinean egitea. Beraiek ikusiko dute zertan dabiltzan, baina bitxia bada, gutxienez.

Eta orain, anaiarrebok, matematikari greziarren parabola dator.

EZ KEZKATU, LAU ZIRKULU BAIZIK EZ DAUDE HEMEN

Zirkuluaren koadraturaz

Grezia klasikoan garatu zen matematikan, geometria zen nagusi. Ohituta zeuden poligono guztien azalera lauki zuzen eta triangeluen bitartez kalkulatzen. Zirkuluarekin, ordea, bazirudien gauzak oso bestelakoak zirela. Alabaina, Hipokrates medikuarekin nahastu behar ez dugun beste Hipokrates matematikari honek, lortu zuen zenbait forma borobilen azalerak erregela eta konpasaren erabilera hutsez kalkulatzea. (Gaztelaniaz lúnula deritzaie erabili zituen forma haiei, ordea, ez naiz ausartzen ilargitxo bezala itzultzen).

Hipokratesen aurkikuntza haiek pentsarazi zuten lor zitekeela zirkuluaren koadratura ere lortzea, hau da, zirkuluaren azalera, laukien bidez kalkulatu ahal izatea, erregela eta konpasaren erabileraz, alegia. Eta halaxe ibili ziren matematikariak mende luzeegitan, ezinezkoa zen zerbaiten ondotik garunak sikatzen eta urrea balio zuen denbora alferrik galtzen.

1882an Ferdinand Lindemann matemari germaniarrak frogatu zuen pi zenbaki irrazionala, ezinbestekoa zela zirkuluaren kalkulurako. Beraz, alferrik saiatuko zara zirkuluaren area konpasa eta erreglarekin kalkulatzen, edota laukiaren eta triangeluaren mugetara makurrarazten. Geometria abandonatu eta nahitaez erabili beharko duzu pi eta beregan oinarritutako aljebra. Horrelaxe dira gauzak, kamarada.

Iruditzen zait oraindik ez dugula aurkitu zein den gure arazoa kalkulatzeko balio digun pi hori, eta halaxe segituko dugula mendeek irents gaitzaten arte, elkarri mokoka eta erregela eta konpas txatxu batzuekin kalkulatzen, berez tresna horiekin bakarrik kalkulatu ezin den zerbait.

Zirkuluaren koadraturaz

Airetik bizi naiz. Ia.

2 pentsamendu “Zirkuluaren koadraturaz”-ri buruz

  • BarneBorroka 2013-05-25 16:54

    “Baina zatiketaren gailurra Barneborrokak sinatutako sarrera horrek ekarri du”. Ez zen inolaz ere gure asmoa ezer zatikatzea eta denok dakigu gure azterketatxoak ez duela horrelako ahalmen izugarria. Zatiketa azaleratu bada, hor dagoelako da eta gure ikuspegitik, hobe publikoa pribatua baino. Izan ere, barruko eztabaida gabeziaren aurrean bi aukera ditugu, gure esku ez dagoen agendatik atera eta publikoki esan pentsatzen duguna, ala isilik erretiratu. Balio handiko kide gehiegi ikusi ditugu jada etxean geratzen (orain eta lehen) ez hainbeste erabaki batekin ala bestearekin ados ez zeudelako, baizik eta batasuna gauza bat delako eta eliza beste bat.

  • Aupa Iñakito.

    Nik behintzat nekez ahaztuko ditut elkarri mokoka denbora ematen dugunoi gure kirtenkeria gainditzeko eta denbora alferrik ez galtzeko ematen dizkiguzun ikasgai magistralak.
    .
    Eguneroko kontraesan, gatazka eta istiluei buruzko eztabaida “anormaletan” iruzkin arruntetan lokaztu beharrean zure jakinduria helarazten diguzu artikulu borobila eta distiratsuen bidez.
    .
    Oraindik dut gogoan zure aurreko artikuluan irakatsi zeniguna; klase eta interesen kontuek ez dute garrantzirik; funtsezkoena “nongotasuna” da, eta hori frogatzeko Europako bi gerra handiek eman zuten irakasgai unibertsala azalarazi genizun: “….Nongotasunak agintzen du holakoetan, alemaniarrak alemaniarrekin batzen dira frantziarrei aurre egiteko, eta alderantziz….”.
    Rediosssss!! Ze sakontasuna !!
    .
    Orain Grezia klasikoaren filosofia eta matematika kontuekin zatozkigu gure banderizo zitalen buru ilunetan argia egiteko. Egia da, zenbat ikasgai eta aurrerapen eskaini ziguten esku lana bihotzetik mespretxatuz eta haien esklaboak zigortzen zituzten bitartean, erabat arrazionalak ziren Greziako filosofo eta zientzialariek. Haiek ere ez ziren galtzen klase kontuekin, “nongotasuna” zen haien arrazionaltasunaren erakusgarririk nagusiena eta gustukoa zuten ikasgai magistralak ematea eguneroko bizitzan elkarri mokoka ibiltzen ziren alprojei.
    .
    Greziako klasikoak eta matematikari alemaniar bat erabiliz argi utzi diguzu gure herriaren askatasuna lortzeko formula:
    “Nongotasuna” + Pi + zure jakinduria
    .

    Nik ere filosofia, matematikak eta historia beharrezkoak ikusten ditut; baina agian nire gustuak apur bat zakarragoak direnez, zuk esandakoa baino EVARISTOTELESek utzi diguna nahiago dut:
    .
    http://www.youtube.com/watch?v=sMjO0FHzwww