Zeraingo herri-proiektuaren defentsan

Zerain GipuzkoaHainbat herritarrek Zeraingo herri-proiektuaren aurkako erasoak salatu dituzte. Zerainen martxan dagoen herri-proiektuaren eta ereduaren aldeko apustua berretsi dute eta herri barruan sortu den mehatxuari “nahikoa da” esateko hainbat ekimen martxan jartzea erabaki dute.

Zeraingo herri-proiektuaren aldeko ekimen honen sustatzaileek atzo arratsaldean herriko plazan egin zuten agerraldian adierazi dutenez, azken urteotan, Zeraingo herri-proiektuaren eta ereduaren kontrako zuzeneko borroka martxan jarri dute Zerainen barruan zenbaitek. Orain arte egin den bidearen onurak eta lorpenak aitortu gabe, bide horretan lanean dihardutenen kontra zuzeneko erasoa hasita dute hainbatek. Eta eraso horrek helburu argia du: Zerainen azken 40 urteotan landu den herri-proiektua eta auzolanean oinarritutako eredua geratzea eta deuseztatzea. Baina erasoa azken boladan hartzen ari den neurria eta herriak duen arriskua ikusita, zeraindarrek erantzutea erabaki dute Zerainen martxan dagoen herri-proiektuaren eta ereduaren aldeko apustua berresteko eta urte hauetan herrigintzan aritu direnei eta gaur egun dihardutenei babesa emateko.

Ekimenaren sustatzaileen esanetan, azken 40 urteetan, Zerainen, herriaren biziraupena ziurtatzeko eta etorkizuna eraikitzeko lan egin da: “Herritarrok bat eginda eta auzolanean oinarrituta, egunero-egunero joan da herri-proiektua aurrera egiten, unean uneko oztopoak, arazoak eta erronkak gaindituta. Aurrera eramandako herri-proiektuari esker, eta hori egiteko aukeratutako ereduari esker (auzolanean oinarrituta eta alderdi politikoetatik kanpo) gaur zeraindarrok duela 40 urte baino baliabide, zerbitzu eta ongizate handiagoa dugu, eta Zerain orduan baino biziago dago”. Herria berpizteko martxan jarritako proiektuek eta ereduak hasieratik izan dute oztoporik eta etsairik. Era guztietakoak izan dira bidean aurkitutako etsaiak eta haiek botatako harriak, ia guztiak kanpotik iritsitako trabak. “Zeraindarron aurrera egiteko nahiak, indarrak, ahaleginak eta batez ere egindako lanak traba guztiak gainditzea lortu dute orain arte, eta aurrera begira ere herri barruan sortutako erasoei arrakastaz erantzungo diegu”.

Zeraingo herriaren erantzuna herri proiektuaren aurkako erasoei izenburupean prentsaren aurrean Antonio Gartziak (alkatea 1979-1987 eta 1995-1999 urteetan) eta Iñaki Berasategik (alkatea 1987-1995 eta 2003-2007 urteetan) irakurri duten dokumentuaren bidez, guztiz salatzen dituzte herri-proiektuaren eta funtzionatzeko ereduaren kontra herri barruan izaten ari diren etengabeko erasoak, zuzenak eta zeharkakoak: “Ez dugu onartzen elkarrizketa erabili ordez etxe guztietara dokumentu anonimoak zabaltzea eta dauden guneetan lan egin ordez, aparteko gune paraleloak sortzea kontra egite hutsagatik”. Era berean, Zerainek azken 40 urteetan egin duen bidea babestu dute: “Garatzen ari garen herri-proiektuarekin bat gatoz eta urte hauetan guztietan modu batean edo bestean herriaren alde aritu direnen lana aitortzen dugu. Badakigu gauza asko hobetu daitezkeela, baina horretarako oinarria dagoena eta egin dena aitortzea da, eta ez guztia errotik aldatzea”.

Zeraingo herri-proiektuaren aldeko ekimenak adierazi duenez, iragan hurbilean egin den bezala, Zerainen oraina eta etorkizuna eraikitzeko bide onena herritarron auzolana da eta horretarako, orain arte egin den bezala, herrigintza ideologia eta alderdikeria politikoez gaindik egin behar da. Ildo berean, argi utzi dute arazoa ez dela politikoa, baizik eta eredu eta proiektu kontua dela: “Arriskuan daude proiektua, Zerain eta orain arteko egindako bidea eta lana”. Horregatik gaur arratsaldean Zeraingo plazan elkartu diren herritarrek babesa ematen diete momentu honetan herriaren alde ardurako lekuetan lanean ari diren herritarrei, herri-proiektuaren eta “ereduaren kontrako eraso zuzenenak haiek jasan baitituzte”.

Amaitzeko, Zerainen alde, lehen bezala orain eta orain bezala gero, lan egiteko konpromisoa berretsi dute: “Auzolanean, gu guztiok eta hala nahi duten gainontzeko herritarrek, elkarrekin Zerainen eta gure etorkizuna eraikitzen jarraituko dugu”.

Atzo arratsaldean herriko plazan elkartu ziren 70 herritar inguruk sinatu zuten komunikabideen aurrean irakurri duten dokumentua. Horien artean ziren orain arte Zerainen alkate eta zinegotzi izandakoak, herriko garapen sozio-ekonomikoari esker herrian enpresak jarri edo proiektu ekonomikoak hasi dituztenak, herriko elkarteetako arduradunak nahiz gainerako herritarrak. Datozen egunetan berriz, gaur plazan ez zeuden herritarren artean firma-bilketa hasiko dute eta beste hainbat ekimen ere aurrera eramango dituzte.