Zergatik ukan behar dio euskalgintzak beldurra Lopezen gobernuari?

gipe25.flickr
gipe25.flickr

Joseba Egibar eta Izaskun Bilbao politika eta ekonomiaren ikuspegitik aritu ziren atzo. Baina ez dira kezkatuta dauden bakarrak, eta ez dira bi horiek, politika eta ekonomia, Lopezen gobernuari kritikatzen zaizkion guztiak ere.

Euskalgintzan eta kulturgintzan aztoraturik dabil jende asko eta asko, beldurturik eta gainera etorriko omen zaien tsunamiari nola aurre egin prestatzen. Baina, zergatik izu hori? Zer egin du, ba, gaizki, Lopezen gobernu berriak? Guk dakigula, orain arte, ez du erabaki bat bera ere jakinarazi. Egia da Jaurlaritzaren ordezkaritzarik ez zela agertu Herri Urratsera, eta garrantzizkoa dela hori maila sinbolikoan (eta ez sinbolikoan bakarrik!), baina hortik harantzagoko beste ezer ez dugu ikusi.

Ez gara beste alor batzuetan sartuko, baina Kultura eta Euskarari dagokionean, zergatik egin behar du Blanca Urgellek bere lana Miren Azkaratek baino okerrago? Zer egin zuen ba gogoangarririk Azkaratek?

Hor dago Euskal Kultura Plana, aspaldi behar zuena indarrean, guztiz aparkaturik. Ibarretxeren gobernuak ez zuen izan aski adore eta kemen, bazterretako intelektual guztiak mareatu eta gero, aholkatutakoa eta garbira pasatutakoa abiarazteko. Alor honetan ere emana zuen hitza. Eta porrot.

Azkarateren ekimenak berak, abarrotsak izan ditu sarri: Euskadi Sariak, Guggenheimeko diruak, Balentziaga Fundazioko eskandaloa… Sekula erabaki bat hartzen ez duen alderdiko jendez inguratuta ibili da azken agintaldian, dena zuen libre, asko egingo zuela uste zen, baina egin egin, zer egin zuen ba?

Patxi Baztarrika ere ez zen pieza gozoa gertatu euskalgintzan ari direnentzat. Mesfidatia eta tentea harremanetan, hainbeste Ukan eta Pixka bat es mucho, purrustada eder askoak entzun izan dira harekin bilduta egondakoen ahotan.

Konparazio batera, nork egin du gehiago euskara eta kulturaren alde, Donostiako Udalak ala Bilbokoak? Azkunak ala Elorzak? Orduan, zergatik ez du Etxezarretak bere lana hobeto egingo Baztarrikak baino?

Etxezarreta ez da zozoa, ederki ezagutzen du kudeatzeko eman dioten alorra, bere euskaltzaletasuna ez da atzo goizekoa, ez eta zalantzan jartzeko modukoa ere, iritzi politikoak iritzi. Eta badaki, sos apur batzuk banatuta, kontent eduki dezakeela euskalgintzaren zatirik handiena, dena ez bada. Zergatik, orduan, aurrez horrenbeste kezkatu?

Lopezenak geratzeko asmoz etorri badira, harritzekoa litzateke euskalgintza eta kulturgintza deskuidatzea edo arinkeriaz hartzea. Ez ateratzea etekina aukera honi. Bestenaz, zertarako jarri dituzte Urgell eta Etxezarreta bezalako euskaltzale seinalatuak lan horietan?

Litekeena da, inork hortzak erakutsi baino lehen, otsoaren belarriak ikusi eta jendea beldurtu izana. Baina ez da batere normala trapua pupuaren aurretik jartzen ibiltzea.

Azkarate, Baztarrika, Etxezarreta, Urgell

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

7 pentsamendu “Zergatik ukan behar dio euskalgintzak beldurra Lopezen gobernuari?”-ri buruz

  • Ba PNVek gaizki egin duelako eta PSEk dagoeneko lehen urratsak okerrago eman hasi delako.

    > Zer egin du, ba, gaizki, Lopezen gobernu berriak?

    Kultura sailerako lau izendapen egin ditu. Zuk Urgell eta Etxezarreta aipatu dituzu, baina beste biak ez. Antonio Rivera da kultura sailburu-orde berria eta Miguel Toral Kultura zuzendaria berria. Biak espainoldun elebakarrak. Alegia, Kultura sailburu-ordeak eta kultura zuzendariak ez dakite euskararik. Nongo kultura zuzentzeko asmoa dute orduan?

  • Zerbaiten alde egindako urrats okertuek, probabilitate legeak tartean, horren kontra egindako urrats berdin okertuek baino emaitza positiboagoak ekar ditzakete, printzipioz. Jakina, ikusteke dago kudeatzaile berri hauek eginen dituzten urratsak euskarazko kulturaren kaltez joanen diren ala ez. Baina PP (Mayor Orejarenaz gogoratzen?) Patxi Lopezen gobernuaren sostengu izanik, eta Nafarroako PSNko zuzendaritzaren euskalzaletasuna ikusita… zer espero behar, printzipioz?

  • Lukas Mateo 2009-05-18 23:50

    Laburbilduz:
    Joseba: ezin da kultura baten alde egin ez bada hizkuntza ezagutzen.
    Bixente: nire lagunaren lagunak gaiztoak badira, nire laguna ere gaiztoa da.
    Hori da dena?

  • “ezin da kultura baten alde egin ez bada hizkuntza ezagutzen.”
    Josebak ez du hori idatzi, Lukas.
    Nik ulertu diodanez, “ezin da kultura sailburuorde izan, ez bada hizkuntza ezagutzen” izango litzateke ondorioa. Gauza diferenteak dira.

  • Lukas, zuk galdetu duzu: “Zer egin du, ba, gaizki, Lopezen gobernu berriak? Guk dakigula, orain arte, ez du erabaki bat bera ere jakinarazi.”

    Eta nik erantzun: momentuz egin duen gauza bakarra izendapenak dira, eta horiek nire ustez gaizki.

    Ez jarri nire ahotan nik esan ez dudanik. Kultura sailean bi goi-kargudun ditugu kudeatu, bultzatu, sustatu eta zuzendu behar duten kulturaren hizkuntzetako bat ezagutzen ez dutenak. Hori defendatu nahi baduzu defendatu, baina zure postaren mamia zen “oraindik ez dute ezer egin” eta ondorioz “oraindik ezin ditugu epaitu”. Eta nik diotsudana da: orain arte egin duten apurra penagarria da. Aurrerantzean? Auskalo. Baina hasiera benetan txarra.

  • Ez, Lukas amigo: alderdi berekoak dira PSE eta PSN, nik dakidanez (eta biak ikusi ditugu berdintsu egiten azkenaldi honetan: bertze aukeren aurrean, kontserbadoreekin nahiago izan dute gobernu-aliantza, ala ez?), eta entzuna dugu zer uste duten euskal kulturari buruz Mayor Orejak eta Basagoitik (ala ez?), zeinen eskuetan baitago azken batean Patxi Lopezen gaurko gobernagarritasuna (ala ez?). Neuk argi daukat: nire lagunen etsaiak nire kabuz ikertzen saiatuko naiz beti, eta gero erabaki; berdin nire etsaien lagunekin. Estimagarria da, printzipioz, zure ahalegina geure aurreiritzien arabera joka ez dezagun bertzeok, baina badirudi zu ere ez zabiltzala libre zeure aurreiritzietatik bertzeon hitzak irakurtzean.

  • Atzo elkarrizketa egin zioten Ragael Bengoa Rentería Osasun Arloko sailburu berriari Noticias de Guipuzkoa-n. Hor esaten ditunak hemen egiten den galderari erantzuten dio apur bat.

    http://www.noticiasdegipuzkoa.com/ediciones/2009/05/22/sociedad/gipuzkoa/d22gip6.1494617.php

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude