Zer ikusi, hura ikasi

Miresten dudan zerbait da haurrek mundua ikusteko duten era. Oraindik horren mindurik ez dauden begitxo horiekin ikusten dutena interpretatzeko daukaten moduak miresten nau. Zeinen inozentziaz egiten duten ikusten dutenarekiko kritika. Dena asmaturik dagoela dirudien mundu honetan gauza berriak irakasten dizkiguten txiki-handiak dira.

Caroline L. Llano-ri Flickretik hartua.

Gaur aho zabalik geratu naiz igerilekuko aldageletan mutiko batek amari ea aita zergatik ez den beraiekin dutxatzen galdetu dionean, ez duela ulertzen zergatik sartu zitekeen bera emakumeen aldageletara eta aita ez, “eztot aitxuten ama”. Haren ama ere antzera geratu da, aho bete hortz. Zer erantzun ere ez dakiela. Ez dakit nola moldatu ote den, nire bidearekin jarraitu baitut…

Hori entzun eta orain dela hilabete bat inguru Hiri Gorrian irratsaioko (Euskadi Irratia) Asanblada atalean Tous À Poil (denok larru gorritan) liburuaz aritu ginenekoaz oroitu naiz. Martxoan Frantziako Gobernuak bere hezkuntza plan berrian sartu zuen liburu bat da, zer esan handia eman du eskuineko politikarien artean, gorputz-biluzi ezberdinen marrazkiak ageri baitira bertan. Emakume gazte argalak, potoloak, agure argal zein potoloak, beltzaranak…Denetariko gorputzen irudiz osaturik dago liburua, haurrei txikitatik guztion gorputzak ez direla berdinak erakutsi eta iragarki kanpainetan ikusi ohi diren patroi bereko gorputzetatik at beste itxura batekoak daudela erakusteko asmoz.

Hausnartu dezagun Frantziako Gobernuak aniztasuna eta berdintasuna sustatzeko egindako ekimen horrek ekidin ditzakeen egoerez. Zenbatek bizi ote dugu umetan aldageletan biluzteko lotsa? Edota klasekideak baino potoloago egoteagatik irainak jasan beharra? Edo lehen pertsona beltzarana ikusi eta harritu izana? Eta zergatik uste duzue gertatzen dela?

Bai, asko gaur egun haurrak ohituago daudela arituko zarete pentsatzen, jazo dela aldaketarik gizartean haurrak ziñenetik, eta eskerrak hala dela. Baina oraindik ere fisiko perfektua miresten den gizarte batean bizi gara, argalak, ederrak, hortz-zuzenak eta gazta xehatzeko besteko abdominalak izatea ezinbestekoa dela sinetsi eta irakasten dugun gizartean. Neska eta mutil elkarrekin dutxatzea ezinezkotzat hartzen dugun gizartean, norbait hondartzan toailarekin estali gabe aldatzen ikusi eta gorritzen garen gizarte batean, hain justu.

Eta hori da hain miresgarriak diren gure ondorengokoei irakasten dieguna, ikusten dutena ikasten baitute.

 

 

 

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara