Zer aldatu dezakete Espainiako Konstituzioan PSOEk eta PPk goiz batean eta erreferendumik gabe?

800px-Constitucion_espanola_1978Orain arte, juristei galdetuz gero, segituan erantzuten zuten horrelako planteamenduak demagogikoak zirela. Trantsizioko adostaduna sakratua omen zen. Baina gaur ikusi dugu Espainiako Konstituzioa aldatzea oso erraza dela PSOE eta PPrentzat, erreferendumik gabe, gainera. Eta erabat legala da hori egitea. Ba al dakizu zer gehiago aldatu dezaketen horrela? Agian, harritu egingo zara.

Saiatuko naiz kontu juridiko hauek erraz eta aspertu gabe azaltzen:

Konstituzioa aldatzeko arauak Konstituzioan bertan daude. Bi prozedura edo bide daude, zer aldatu nahi den,  bata ala bestea; ezin da aukeratu, alegia. hauxek dira:

Luzea: Kongresuan eta Senatuan bi herenek onartu ondoren, hauteskundeak egingo dira; gero, Kongresu eta Senatu berrietan ere berriro onartu behar dute bi herenek; bukatzeko, erreferenduma egingo da.

Laburra (oraingoan erabili dutena): Kongresuan eta Senatuan bi herenek onartu behar dute, eta kito. kasu honetan ere egin daiteke erreferenduma, baldin eta diputatuen edo senatarien ehuneko hamarrek eskatzen badute.

Eta zer aldatu behar da batarekin ala bestearekin?

Prozedura luzearen bidez (hitz gutxitan):

Konstituzio osoa aldatu edo berria egin nahi denean (erabat subjektiboa izateaz gain, alferrikakoa ere bada, kontituzio berri batek errealitate juriko berria sortzen duelako, Estatu batek independentzia lortzen duenean bezala. Ikusi, bestela, Bigarren Errepublikako Konstituzioa).

  • Espainiaren batasun apurtezina, eta berau babesteko armadaren betebeherra, noski.
  • Gaztelania hizkuntza ofiziala, ezagutzeko eskubidea eta beharra. Bestelako hizkuntza “espainiarrak” (euskara, galiziera, kataluniera…, baina aipatu gabe) ere ofizialak izan daitezkeela.
  • Espainiako bandera, nolakoa, eta autonomietako balizko bandera ofizialak egotea.
  • Madril Estatuko hiriburua (!).
  • Alderdi politikoak eta aniztasun politikoa (orokorrean).
  • Sindikatuak (orokorrean).
  • Autonomiak egon daitezkeela (nola, nolakoak eta zein zehaztu gabe)
  • Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak: segurtasun fisikoa eta morala; ideologia eta erlijio askatasuna; informazio eskubidea; mugitzeko eta nonahi bizitzeko eskubidea; biltzeko eta elkartzeko eskubidea; politikan eta kontu publikoetan parte hartzeko eskubidea; hezkuntzarako eskubidea…
  • Monarkia (dena)

Prozedura laburraren bidez (hitz gutxitan): beste guztia aldatu daiteke. Agian, gairik potoloenak goian daudela pentsatuko duzu, baina ikusi zer aldatu dezaketen PSOEk eta PPk goiz batean eta inolako erreferendumik egin gabe:

Lehenik eta behin, konstituzioa aldatzeko arauak, hasieran azaltutakoak (lege iruzurra izango litzateke, teorian, baina nork esango luke hori? Auzitegi Konstituzionalak?)

Bada, Auzitegi Konstituzionalari dagozkionak ere alda ditzakete goiz batean eta erreferendumik gabe.

Eta beste hauek:

  • Sistema ekonomikoa: jabego pribatua, enpresa askatasuna eta merkatu ekonomia (demagogia pixka bat, edo umore beltza: bai, nahi izanez gero, bihar sistema komunista ezar dezakete, monarkiarekin eta oinarrizko eskubide batzuekin).
  • Zerga sistema osorik.
  • Gizarte segurantza: pentsioak, osasun publikoa, bestelako prestazio guztiak… (demagogiarik gabe: bihar horiek guztiak ezabatu ditzakete, AEBetan bezala)
  • Ordezkaritza politiko sistema osoa: hauteskunde sistema, ganbera sistema (Kongresua eta Senatua), eserleku kopurua, funtzionamendua, legeak onartzeko prozedurak… dena aldatu dezakete.
  • Gobernua (dena)
  • Botere Judiziala (dena)
  • Sistema autonomikoa (dena): autonomiak ezartzeko eta desagertzeko bideak, Estatuaren eta autonomien eskumenak, eskubide historikoak, Nafarroa EAEan sartzeko aukera…

 

Bada, ez da hain gutxi.

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

Zer duzu buruan “Zer aldatu dezakete Espainiako Konstituzioan PSOEk eta PPk goiz batean eta erreferendumik gabe?”-ri buruz